2018KO MARTXOAK 28

Data:2018-03-28
Agiri mota: Osoko Bilkuraren akta
Lasterbideak:
Mamia:

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko martxoaren 28an, asteazkena, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra (3. gaitik aurrera), Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez da bileran izan Igor Cordero de la Fuente (EHBILDU udal taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Baita ere bertan da, alkateak horrela eskatuta, udaleko Kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

Deialdiarekin bidalitako gai zerrendako gaien azterketa eta bozketarekin hasi aurretik alkateak urgentziaz Kataluniako zenbait hautatutako ordezkarien kartzelaratzeari buruzko mozioa aztertzea proposatu dio osoko bilkura kideei. Urgentzia gaiaren larritasunean arrazoitu du. Urgentzia eta, ondorioz, mozioa gaurko ohiko osoko bilkuran aztertzea momentu honetan bilkuran diren hamaika zinegotziek aho batez onartu dute. Gai hau bilerako hamabigarrena izango da, galde eskeak gaiaren aurretik.

 

1.  2018ko urtarrilaren 25ean ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2018ID200001).

Mikel Arrutik ohartu du urtarrilaren 25eko aktan akatsak daudela bozketetan 3. eta 4. gaietan EHBilduren bozka kopurua zenbatzerakoan, bost bozka dira eta aktetan sei direla jasotzen da. Zuzenketa egingo da aktan.

Beste zuzenketarik gabe akta onartu da.

 

2.  Bake Epailea titularra eta ordezkoa izendatzeko diktamena (2018PE090001).

Udalbatzak 2018/01/25ean egindako bilkuran, Lezoko Bake Epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko prozedurari hasiera emateko erabakia hartu zuen, eta hautagaiek bete behar zituzten baldintza nagusiak zehaztu ere.

Deialdia, GAOn argitaratu da 2018/02/14an eta herrian zehar zabaldu da bando baten bidez

Izena emateko epea amaiturik, ezarritako baldintzak betetzen dituzten 5 eskaera jaso dira.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2018-03-22an egindako bileran emandako aldeko diktamenarekin, osoko bilkurak aldeko zazpi botorekin (alkatearena, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta lau abstentziorekin (bertan diren EHBILDU udal taldeko zinegotzienak), hau da, legeak behartutako, osoko bilkuraren gehiengo osoaren aldeko botoarekin, ERABAKI DU:

BAT: Lezoko Bake epaile titular bezala Aritz Gorrotxategi Muxika izendatzea, eta ordezko gisa Mikel Susperregi Olaizola.

BI: Erabaki honen berri EAEko Auzitegi Nagusiari ematea.

Mikel Arrutik dio abstenitu egin direla ez dutelako preferentziarik edo irizpiderik aurkeztu direnen artean aukeratzeko.

 

3.  Ordenantza fiskalen zenbait tasa eta prezio publikoren aldaketa onartzeko diktamena (2018KO290001).

Udal kontuhartzaileak azaldu du batzordearen diktamena eta proposatutako aldaketen nondik norakoak.

Honetan ari zela bilkurara sartu da Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra zinegotzia (EHBildu udal taldekoa):

Diktamenak honela dio:

“Kultura saileko teknikariak, ondorengo ordenantza fiskalen aldaketa proposatu du:

06.05.04 Gezala Auditorium eta Bekoerrota Kiroldegian antolatuko diren ikuskizunetarako sarreren prezioa.

06.05.06 Oholtzaren alokairua, fidantzak eta udal materialaren erabilera arauak.

07.13. Udalekuak.

Era berean, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendariak, Eskola Kontseiluak onartutako 2018/2019  ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko proposamena aurkezten du.

Aztertu ondoren eta kontu-hartzaileak egindako txostena ikusirik, alkateak Batzorde Informatibo Orokorrari  aurkezten dio ondorengo

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT.- Hasierako onarpena ematea ondorengo  ordenantza fiskalen aldaketari:

ü  06.05.04 Gezala Auditorium eta Bekoerrota Kiroldegian antolatuko diren ikuskizunetarako sarreren prezioa.

ü  06.05.06 Oholtzaren alokairua, fidantzak eta udal materialaren erabilera arauak.

ü  07.13 Udalekuak.

ü  7-10.- Musika Eskola 2018/2019

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hogeita hamar laneguneko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiek behin betiko onarpena izango lukete.

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, batzorde informatibo orokorrak, 2018ko martxoaren 22an egindako bilkuran Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antunez eta Noemí Arberas Osesen botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberria eta Asier Irastorza Alustizaren aurkako botoarekin, proposamena diktaminatu da osoko bilkurak onar dezan.”

Mikel  Arrutik dio proposamenak 06.05.04 ordenantzaren prezioak aldatzeaz gain EHBildu ados ez dagoen beste arau edo betebehar bat ere gehitzen duela: herriko elkarteek Gezala Auditoriumean edo Kiroldegian antolatzen dituzten ekitaldietan sarrera kobratzen badu, sarrera hori udalari itzuli behar diola, eta ez orain arte bezala elkartearen diru sarrera bezala erabili eta, horrela eginez gero, udalaren dirulaguntzen zuriketan beste gastu eta diru sarrerekin batera, sarrera hori ere jaso.

EH Bildu ez dago ados 07.13 ordenantzan proposatutako aldaketarekin, hau da,  udalekuak hasi aurretik baja ematen dutenen matrikula dirua ez itzultzearekin.

Eta 7-10 ordenantzan, Musika Eskolako prezioetan, EH Bilduk berriro ere eskatu du Eusko Jaurlaritzari udal musika eskoletako finantzaziorako diru ekarpen gehiago egitea exijitzea eta ez proposamenean egiten den bezala,Jaurlaritzaren ekarpenak handitzen ez direlako, ikasleen matrikulak igotzea urtero.

Diktamena bere horretan bozkatzea proposatu du alkateak, Mikel Arrutik proposatutako aldaketak aintzat hartu gabe. Diktamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (alkatearena, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta bost abstentziorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotziena).

 

4.  2017 udal aurrekontuaren likidazioari buruz kontu ematea (2018KO080001).

Osoko Bilkuran dagoen eta udal kontuhartzailea den Pedro Etxarri Ollokiegik, 2018ko martxoaren 22an Batzorde informatibo orokorrean egin zuen moduan,Alkateak 2018ko martxoaren 16an onartutako D18/0370 dekretuaren kontu eman dio osoko bilkurari.Dekretu horrekin, Alkateak 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu zuen.

 

5.  Udal Kontuhartzailearen txostenen berri ematea.

Martxoaren 22ko Batzorde Informatibo Orokorrean egin bezala, udal kontuhartzaileak bi txostenen berri eman dio osoko bilkurari. Hauek dira txostenak:

1.     Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa. 2017. urteko aurrekontuaren likidazioa.

2.     Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzeari buruzkoa. 2018. urteko aurrekontua.

1go txostenaren arabera, udalak ez ditu betetzen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloetan 2017. Urterako helburuak edota gastu araua. Beraz, udala behartuta dago plan ekonomiko finantzarioa onartzera. Aipatutako planak ahalbideratu behar du urteko ekitaldian eta hurrengoan defizitaren helburua eta gastu araua betetzea, eta 2020an zor bizia sarrera arrunten %70 edo txikiagoa izatea. Plan hori Udalbatzari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean, gehienera jota, likidazioaren espedientea onartzen denetik kontatzen hasita; bi hilabeteko epean onartu beharko da, gehiena jota, aurkezten denetik kontatzen hasita; eta martxan jarri beharko da hiru hilabeteko epean, gehiena jota, likidazioaren espedientea onartzen denetik kontatzen hasita.

Ainhoa Zabalo eta Ainhoa Intxaurrandietak 2016an baino miloi bat euro gehiago gastatu izanak dela egoeraren errudun eta kontrol falta. Udal kontuhartzaileak dio 2016 eta 2017 ekitaldietako aurrekontuen likidazioen konparaketatik ondorioztatu dela gastu erregelak ez betetzearena, eta plan ekonomiko finantzieroa behar izana. Berez 2017ko gastuak aurrekontuaren mugen barruan egin direla, lege barruan, baina 2016koekin konparatuz dezente handiagoak izatean ratioak ez betetzea ekarri duela.

2.go txostenaren arabera, udalak ez ditu betetzen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren arloetan 2018. urterako ezarritako helburuak edota gastua araua. Likidazioan egoera hori berretsiko balitz, toki entitate hau behartuta legoke, berez, plan ekonomiko finantzarioa onartzera.

Hala ere, dio txostenak, aurrekontu egonkortasunaren helburua edota gastuaren araua ez betetzearen arrazoia diruzaintza gerakina erabili izana denez, likidazioan egoera hori berretsiko balitz, 1/2013 Foru Arauaren 5.3 artikuluan eta Jarraibidearen 3. Erregelan ezarritakoari jarraituz, kontuhartzaileak berariazko txostena egin eta  udalbatzarrari jakinarazten dio, plan ekonomikoa ordezkatuz.

 

6.  2018-2021 urteetarako plan ekonomiko finantzarioa onartzeko diktamena (2018KO080001).

Udal kontuhartzaileak azaldu du batzordearen diktamena eta proposatutako aldaketen nondik norakoak.

Diktamenak honela dio:

“Entitate honek onartutako aurrekontuaren likidazioak ez du betetzen aurrekontu egonkortasunaren helburua/zor publikoaren helburua/gastuaren araua. Hortaz, beharrezkoa da plan ekonomiko-finantzario bat egitea, otsailaren 8ko 1/2013 Foru Arauak, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretzaren eskumena garatzen duenak, 5. artikuluan jasotakoaren arabera.

Plan horrek ezaugarri hauek bete behar ditu:

.-Plan ekonomiko-finantzarioa entitateko Udalbatzari aurkeztu behar zaio, hilabeteko epean gehienez, ez-betetzea egiaztatzen denetik aurrera. Udalbatzak bi hilabeteko epean onartu behar du plana, aurkezten zaionetik aurrera, eta hiru hilabete igaro baino lehen jarri behar da martxan, ez-betetzea egiaztatzen denetik aurrera.

.- Planak bermatu behar du aurrekontu egonkortasunaren helburua/gastuaren araua jarduneko ekitaldian edota hurrengoan betetzen dela.

.-Onartutako plan ekonomiko-finantzarioa Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali behar zaio, haren jarraipena egin dezan.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2018ko martxoaren 22an egindako bilkuran, Jesus Maria Martiarena Jaca, Miguel Angel Sánchez Antunez eta Noemí Arberas Osesen botoa alde dela eta Mikel Arruti Salaberria eta Asier Irastorza Alustizaren aurkokako botoarekin, honako hau

DIKTAMITATU DU:

BAT: Onartzea plan ekonomiko-finantzarioa, hiru atal hauek dituena

1.-Kontu-hartzailearen txostena

2.-Alkatearen memoria

3.-2018-2021epealdiko aurrekontu eszenarioa.”

Diktamena bozkatu eta onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatearena, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako bost botorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotziena).

 

7.  2017ko aurrekontu aldaketen kontu ematea: transferentziak (2017KO010002).

Alkateak berak onartutako aurrekontu aldaketaren kontu eman dio osoko bilkurari. Zehazki aldaketa honena:

·         2017 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu transferentzia, 2017-KALD-000013-00.

 

8.  2018ko aurrekontu aldaketaren kontu ematea: Txertaketa. (2018KO040001).

Alkateak berak onartutako aurrekontu aldaketaren kontu eman dio osoko bilkurari. Zehazki aldaketa honena:

·         2018 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu txertaketa, 2018-KALD-000001-00.

 

9.  EH Bildu-k aurkeztutako mozioa: “Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantzan sexu berdintasun baldintzak gehitzea” (2018AL050001).

EHBilduk aurkeztutako mozioak honela dio:

DIRULAGUNTZAK EMATEKO ETA KUDEATZEO ORDENANTZAN SEXU BERDINTASUN BALDINTZAK GEHITZEA

Martxoak 8-ko greba, greba historikoa izan zen Euskal Herrian. Bakoitzak tokian tokiko erralitatetik erantzun genion, eta horrek borroka honen aniztasuna eta elkar onartzeko gaitasuna erakusten du. Gainera, berretsi egin genuen feminismoa beharrezkoa dugula gure bizitzetan eta gure egunerokoan.

Lezoko Udalean ere, pixkanaka, ari gara pausuak ematen, adibide bat 2017 urtean berdintasun teknikariaren figura txertatu izana da.

Lan asko dugu Lezoko Udalean egiteko. Horietako bat Udalak dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantzan, berdintasunaren inguruko oinarrizko baldintzak ezartzea dugu.

Zioa:

Lezoko Udalak dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantzan, bere 3.artikuluan, onuradunak atalean, bigarren puntuan (ezin izango dute onuradun kondiziorik eskuratu) ondorengo baldintza hauek gehitzea:

·     Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala dutenak, eta 4/2005 Legearen itzalpean debeku horrekin zehatutakoak.

·     Helburuetan, kideak onartzeko sisteman, funtzionamenduan, ibilbidean, jardueretan, antolaketan edo estatutuetan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa urratzen duten persona fisiko edo juridikoak.

·     Kideak onartzeko prozesuan edo bere funtzionamenduan sexu-arrazoiengatiko diskriminazioa egiten duten elkarteak.

Alkateak dio mozioaren eztabaida eta bozketa egin aurretik beharrezko eta komenigarriak direla udal teknikarien txostenak izatea, besteak beste, berdintasun teknikariarena eta udal idazkariarena, eta beharko balitz, udal kontuhartzailearena ere. Txosten horiek egin ondoren, hurrengo osoko bilkuran gaia eztabaidatzeko konpromisoa hartzen du.

Osoko bilkurakideak ados daude alkateak proposatutakoarekin.

 

10.   EH Bildu-k aurkeztutako mozioa: “Merkataritza-gune handiak eta lurralde-plan sektoriala” (2018AL050002).

EHBilduk aurkeztutako mozioak honela dio:

“MERKATARITZA-GUNE HANDIAK ETA LURRALDE-PLAN SEKTORIALA

Gure lurraldearen antolamenduan berebiziko garrantzia dute merkataritza-ekipamenduek. Sektore estrategikoa da, ekonomiari bete-betean eragiten diona, eta gure kontsumo- eta bizi-ohiturak errotik baldintzatzen dituena.

Azken aldian maiz iristen zaizkigu merkataritza-gune handiei buruzko albisteak. Gune berrien proiektuak nonahi sortu dira. Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, ez dira gutxi proposatu diren egitasmoak: Zaldunborda, Illunbe, Garbera, Belartza, eta beste hainbat. Gutxi gorabeherako estimazioa eginda, esan daiteke horiek gauzatuz gero beste 210.000 m² gehiago okupatuko liratekeela merkataritza-gune handietarako. Donostialdea, de facto, korridore komertzial handi bat bihurtuko litzateke.

Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek (bereziki online merkataritzak) hartu duten indarrarengatik.

Honetaz gain, merkatari txikien egoera gero eta zailagoa eta milaka lanpostu galdu dira azkeneko hamarkadetan gure lurraldean. Gainbehera honek, eragin ekonomikoa izateaz gain, gure hiri zein herri ereduan izugarrizko eragina du ikuspegi sozial, energetikoa, edo eta mugikortasunari dagokienez.

Egoera honetan, proiektu berri ugarien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekarri dute. Inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea, udalez gaindiko planifikazioa, eta neurriz kanpoko handitze-eskaera horiei muga jartzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera, bizitza, erro sakonak dituena, babestea.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurkeztua du “Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Jardueretarako Lurzoru Publikoa Eta Merkataritza Ekipamenduak Sortzeko Lurralde Plan Sektorialaren Berrikuspen Partzialaren Aurrerakina, Merkataritza-Gune Handien Antolamenduari Dagokionez” izeneko dokumentua. Dokumentu horrek aukera eman behar luke merkataritza-guneen ugaritzea eta handitzea arautzeko eta doitzeko, udalerriz gaindiko ikuspegi batetik.

Horrenbestez, honako puntu hauek onartzea eskatzen diogu Lezoko Udalbatzari:

1- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurkeztu duen merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko aurrerakinaren azterketa eta berrikuspena egingo du Lezoko Udalak, eta dokumentu horri ekarpenak aurkeztuko dizkio, sektorearen gaindimentsionatzea geldiarazteko eta merkataritza-eskaintza ez desorekatzeko.

2- Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eskatzen diogu merkataritza-gune handien antolamenduari buruzko lurralde plan sektoriala behin-betiko onartu arte ez ditzala baimendu tramitazio-bidean dauden eskaerak eta Gipuzkoa ekialdeko udalei eskatzen diegu ez aldatzea egungo planeamendua horrelakoei bide emateko. Izan ere, sektorea erregulatzeko prozedura martxan dagoen bitartean, guztiz kaltegarria da ekimen berriei bide ematea.

3- Erabaki honen berri helaraziko zaio Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.”

EAJ-PNV eta PSE udal taldeek beste mozio alternatiboa aurkeztu dute. Honela dio mozioak:

“Behean sinatzen duten taldeek honako osoko zuzenketa aurkezten diote JardueraEkonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari buruz EH Bilduk aurkeztutako Mozioari

OSOKO ZUZENKETA

•        Lezoko Udalak aitortu eta baliotu egiten du komertzio txikia, termino ekonomikoetan eta enpleguan egiten duen ekarpenagatik, hala nola gure herri eta hirietan kohesio sozialerako eta dinamizaziorako elementu gisa egiten duen ekarpenagatik.

•        Lezoko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jarrai dezala jarduera ekonomikoetarako eta ekipamendu komertzialetarako lurra sortzeko Lurralde Sektore Plan Partziala berrikusteko tramitazioa bultzatzen, Auzitegi Gorenaren 2015eko irailaren 3ko epaiaren ondoren, modu horretan legean sartuko da eta segurtasun juridikoa emango zaio 2004an lortutako adostasunari, merkatalgune handiei mugak ezartzeari eta arautzeari buruz.

EAJ-PNNV                                         PSE-SOCIALISTAS VASCOS”

Mozio alternatiboa bozkatu eta onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatearena, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako bost botorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotziena).

Mikel Arrutik dio onartu ez den mozioa beste udal batzuetan EAJ ren aldeko botoa izan duela. Mertaritza txikia, herri mailakoa defendatzeko helburua duela onartu ez den mozioak, hitz politez bai baina ekintzez ez omen da inoiz defenditzen komertzio txikia eta bai ordea Lezotik oso gertu dauden merkatal gune handiak (Lintzirin, Garbera, Urbil, Saldunborda,…).

 

11.   Gipuzkoako jubilatua eta pentsiodunen “Duintasuna” elkarteak aurkeztutako mozioa: Pentsioen inguruan (2018AL050003).

Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen “Duintasuna” elkarteak aurkeztutako mozioak honela dio:

“LEZOKO UDALBATZARI AURKEZTEKO MOZIOA ALDERDI POLITIKOAK DEITUZ, AHALIK ETA BIZKORREN ONARTU DEZATEN.

MOZIOA:

Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen “DUINTASUNA” ELKARTEAK ESKATZEN DU MOZIO hau azter dadila Lezoko Udalaren Udalbatzan eta deitzen ditugu Udal taldeak onartu dezatela.

Pentsiodunok aspaldi nabaritzen ari gara gure pentsioen eros ahalmena galtzen ari dela. Estatuko gobernuek egin dituzten ondoz ondoko pentsioen erreformek, PP-k naiz PSOE-k, kalte handia egin digute. Gu gara, pentsiodunok, murrizketak nozitzen ari garenak (hilabete bukaerara iristea kostatzen zaigu, eta batzuetan, ez dezakegu berogailua piztu); bien bitartean, badago dirua bankarentzat, elektrikentzat, enpresarientzat, …

Pentsiodun gehienok txirotasun atalasearen azpitik dugu, eta gero eta zailagoa egiten zaigu duintasunez bizitzea gure bizitzen azken urteotan, urte luzez lan egin eta kotizatu ondoren. Dirudienez, horrek ez omen die axola gure politikariei, biztanleriaren %25a, pentsiodunok alegia, bizi dugun egoera arintzeko neurririk ez dituztelako hartzen.

Ez da aurreneko aldia eskatzen duguna aintzakotzat har gaitezela, duintasunez bizitzen lagako diguten gutxieneko pentsioak bema dakizkigula. Honen harira, gogoan izan behar dugu pentsiorik kaskarrenak dituzten gehien-gehienak, onartezina den zigor bikoitza jasaten duten emakumeak direla.

Honengatik guztiarengatik, eta uste dugunez BORONDATE POLITIKO BATEZ ari garela, lehen adierazi dugu beste gaietarako badela dirua, UDAL HONI ESKATZEN DIOGU:

1.   Arbuia dezala pentsioen %0,25eko igoera ziztrina eta erreklamatu dezala haien eros ahalmenari eutsi behar zaiola.

2.   1.080€-tako gutxiengo pentsioa ezartzea eska dezala, txirotasun atalasetik irten gaitezen, Euskal Herriari dagokion eran eta Europako Gutun Sozialak ezarria betez, eta hori gauzagarria izango ez den bitartean, eska diezaiola Gasteizeko Jaurlaritzari, aipatu kopurua pentsiodun guztiek hilero eskura dezaten, behar den osagarria ezarri behar dela.

3.   Ezar dadila Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Sistema, gero eta pertsona adindu gehiagoren pentsio publikoak eta behar dituzten zaintzak bema daitezen.

4.   Datorren urtean, 2019.urtean, ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena arbuia dadila, zeinak gure pentsioei murrizketa berria eta handia ekarriko dien.

5.   Bidal diezazkiela Estatuaren Gobernuari eta Gasteizko Jaurlaritzari Udal honek onartu dituen erabakiak.”

EAJ-PNV udal taldeak mozioari testu alternatibo bat aurkeztu dio. Honela dio testu alternatiboak:

“PENTSIOEN SISTEMA PUBLIKOAREN DEFENTSAN

Azken urte hauetan, pentsio sistema publikoaren orainak eta, batez ere, etorkizunak eztabaida sortu dute hiritarren eta politikoen artean; izan ere, pentsio sistema publikoak kezka eta interes handia sortzen ditu hiritarren artean. Egoera hau areagotu da azken urteetan, Mariano Rajoy buru den Estatuko Gobernuak eginiko aldaketak direla-eta, aldaketa horiek pentsiodunei eskuratze-ahalmena murriztu ez ezik, ahalik eta akordio gradurik handiena eskatzen duen kontsentsua puskatu egin baitute.

Azken garai honetan, pentsiodunen eta PPren gobernuak azken urteetan garatutako politikaren kontra dauden indar politikoen aldarrikapenek bultzatuta, pentsio sistema publikoaren inguruko eztabaida areagotu egin da. Horren azken adibidea Eusko legebiltzarraren azken adierazpena dugu. Ildo horretan, gure ustez guztiz presazkoa da pentsio sistema publikoa sekulan eten behar izan ez zuen adostasun markora bideratzea eta, hartara, azken urteotan pentsio sistema publikoa andeatu duten neurriak bertan behera utziz, delako sistema lehengoratu behar da.

Guzti horregatik

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Lezoko Udalbatzak, belaunaldien arteko elkartasun-berme eta bizi baldintza duinak dituen gizarte baten zutoin izango den pentsioen sistema publikoaren defentsan, Estatuko Gobernuari eskatzen dio:

1.   Pentsio sistema publiko nahikoa eta iraunkorra bermatu dezala, oinarrituko dena pentsio duin batzuetarako eskubidean, elkartasunaren eta gardentasunaren esparruan, finantziazio-iturri ziurrek eutsitakoa, modu horretan pentsio duin eta aurresangariak bermatzeko.

2.   Indargabetu dezala 23/2013 legea, abenduaren 23koa, Gizarte Segurantzaren Pentsio Sistemaren Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizazio Indizea arautzen dituena. Helburua da pentsio duinak bermatzea, KPIari lotzea berrezarriz, horiek eguneratzeko formula gisa.

3.   Legez debekatzea Pentsioentzako Erreserba Funtsaren xedapen libreakotizazioen defizit-egoeretarako, PPren gobernuak ezabatutako % 3ko muga berreskuratuz. Helburua da pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuneko berme finantzariorako tresna gisa erabiltzen jarraitu ahal izatea.

4.   Finantziazio-neurriak hartzea, bideratutakoak sistemaren diru-sarrerak areagotzera, arauz kontrako kontratazioaren eta kontratazioko iruzurraren aurkako borrokara, hala nola Estatuko Aurrekontu Orokorretatik etorritako diru-sarreren bidez kotizazioen finantzazioaren aldian aldiko defizitak betez.

5.   Gizarte Segurantzako Sistemaren gastuetan jardutea, kenduz enpresek Gizarte Segurantzan duten kotizazioko salbuespenak, hala nola erakunde adminisratiboen kudeaketa-gastuak. Horretarako, Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez zuzenean finantzatu ditzala Gizarte Segurantzaren administrazio-gastuak.

6.   2012ko lan erreforma indargabetu dezala. Helburua da enpleguaren kalitatean eta kotizazioen gutxitzean dituen ondorio negargarriak, arriskuak jartzen baitute pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuna. 5/2013 EDLko borondatzeko erretiroaren erregulazioa indargabetzea.

7.   EAEko pertsona pentsiodunen egoera hobetzeko ezinbesteko baldintza denez, ekimenak abiatu ditzala EAEra berehala eskualdatzeko Gizarte Segurantzaren alorreko eskumenak, bat etorriz Gernikako Autonomia Estatutua onartzen duen 3/1979 Lege Organikoko 18.2 artikuluan etaBosgarren Xedapen iragankorrean jasotakoarekin, bereizaera bateratuaren eta elkartasun printzipioaren errespetuaren baitan.”

Mozio alternatiboa bozkatu eta onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatearena, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziena eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako bost botorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotziena).

Mikel Arrutik kexu da pentsiodunen elkarte batek aurkeztutako mozioa bozkatu ez izana, haren ordez eta haiekin inongo harremanik izan gabe mozio alternatibo bat aurkeztu eta bozkatzeagatik.

Mikel Arrutik pendisondunen mobilizazio jendetsuak aipatu ditu Estatuko gobernuak onartutako %0,25eko igoeren aurka. Gogoratu du EAEko biztanlegoaren laurdenak jasotzen duela pentsioa eta horietatik %35ak 667 €tako pentsioa baino gutxiago jasotzen duela eta emakume asko ez direla 335 €tako pentsiora. Egoeraren larritasuna azpimarratu du eta alderdien interesen aurretik gizartearen ongizatea kontuan hartzeko eskatu du.

 

URGENTZIAZ GAIZERRENDAN SARTUTAKO GAIA

12.  Mozioa: Katalunian gertatzen ari dena salatu eta elkartasuna adierazteko (2018AL050004).

EHBilduk mozio bat aurkeztu du eta EAJ-PNV aurkeztutako beste testu batekin testu bateratu bat adostu dute bi alderdiek. Honela dio bozketara aurkeztu den testu bateratuak:

1.   Lezoko Udalak bere kezka eta gaitzespena adierazi nahi ditu Carles Puigdemonten atxiloketagatik, eta Jordi Turull, Carme Forcadell, Raul Romeva, Josep Rull eta Dolors Bassaren, joan den martxoaren 23an Auzitegi Nagusiak agindutako kartzelaratzeagatik. Salbuespenezko neurri hauei behin-behineko espetxeratzea pairatzen ari diren Oriol Junqueras, Joaquin Forn, Jordi Sánchez eta Jordi Croixatenak gehitu behar zaizkie.

2.   Lezoko Udalak herritarrek hautatutako ordezkarien kartzelaratze-segida salatu nahi du. Horiei bere eskubide politikoak egikaritzea ukatzen zaizkie, Jordi Sánchezen kasuan Nazio Batuen Giza Eskubideen batzordeak agerian utzi duen bezala. Era berean, oso kezka handiz bere egiten du Amnistia Internazionalak egindako balorazio kritikoa. Erakunde hone ustetan, jardun judizial horien ondorioz egotzitako karguak gehiegizkoak dira, baldintza gabeko behin-behineko kartzelaratzea neurriz kanpokoa eta epaitzeko formak salbuespenezkoak.

3.   Lezoko Udalak bere sostengu eta elkartasuna adierazten die atxilotutako pertsonei, kartzeleratutakoei, bere familiei eta azken hauek partaide diren erakunde politiko eta sozialei, hala nola Kataluniako gizarte osoari, eta guztien kaleratzea eskatzen dugu.

4.   Lezoko Udalak bere ezinegona adierazi nahi du Katalunian bizitzen ari diren blokeo egoeragatik eta desadostasun politiko sakonagatik. Konstituzioaren 155 artikulua bidegabeki aplikatzearen ondorioz, Kataluniako herritarrei bere burua legitimoki gobernatzeko eskubidea ukatu zaie eta Puigdemont President moduan izendatzeko zailtasunak ulertzea zaila egiten da. Are gehiago, hiritarrek bere eguneroko arazoei aurre egiteko eskumen osoak izango dituen Govern baten beharra dutenean.

5.   Lezoko Udalak Kataluniako eragile politiko eta sozialekin, egiazkoa, barneratzailea eta berehalakoa izango den elkarrizketa bide bat irekitzeko saiakera berresten du. Modu horretan egoera desbloketatuta, gatazka arinduta eta 155. artikulua bertan behera utzita, abenduaren 21ean hauteskunde bidez hiritarrek adierazi zuten nahia oinarritzat hartuz, erakunde Katalanak funtzionamendurako normaltasun demokratikoa berreskuratu ahal izango dute.

6.   Lezoko Udalak berresten du Kataluniak, Euskal Herriak eta munduko gainerako herriek bezalaxe, bere etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa duela, muga herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena izan behar delarik.

Bozketa egin da eta testu bateratua onartu egin da aldeko hamaika botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldekoak eta EHBildu udal taldeko zinegotzienak) eta aurkako batekin (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos-ena).

Galdeeskeak gaiarekin hasi aurretik Ainhoa Zabalok galdetu du zergatik ez dagoen gaurko bilkuran ohikoa izanik, alkate eta zinegotzien kontu emateak. Alkateak dio gaizerrendaren akats bat dela eta orain bertan, galde eskeen aurretik egingo dela.

 

13.  Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

13.1.- Miguel Angel Sanchez, Hirigintza, Obra, Zerbitzu eta Ingurugiro zinegotzi delegatuak, dio

a).- Kale Nagusian udalak erositako lokalaren obrak bukatu direla eta kultur elkarteek erabiliko dutela.

b).- Apirilean deituko dela Altamira auzora igotzeko igogailua jartzeko obrak kontratatzeko lehiaketa.

13.2.- Irlentz Ortegak, Kirol gaietarako zinegotzi bereziak, dio:

a).- aste santurako bi parke “biosaludables”.

b).- Ttipi Ttapa ibilbideak markatu egingo direla. 

 

14.  Galde eskeak.

14.1.- Mikel Arrutik galdetu Altamirako igogailurako obreetarako dirulaguntzarik jasoko den eta obrak zenbat kostatuko diren.

Miguel Angel Sanchezek dio Eusko Jaurlaritzatik oraingoz ez dela diru-laguntzari jasoko, nahiz eta bi deialdietan eskatu. Aldunditik 75.000 € jaso direla dio. Obrak 400.000 €tako aurrekontua dute, ikusi behar lehiaketa ondoren zenbatean esleitzen den.

14.2.- Mikel Arrutik galdetu du Herri Eskolan egin den estalkiarentzat dirulaguntzarik jaso den.

Miguel Angel Sanchezek ezetz dio.

14.3.- Mikel Arrutik galdetu dio Jose Angel Sanchez bere ardura pean diren Enplegu Planerako aurrekontuan aurreikusitakoa zer proiektutan ari diren gastatzen.

Jose Angelek dio gaur egun garatzen ari dena 2017ko enplegu plana dela. Miguel Angel Sanchezek dio 8 pertsona daudela kontratatuta pintura eta igeltseritza lanak egiteko.

Diru publikoa denez, Mikel Arrutik galdetu du, zergatik ari diren Enplegu Planarekin kontratutako langileak ondadun pribatuetan, adibidez Elizan, lanak egiten. Ea lan horiek nori dagozkion, hori al den diru publikoaren erabilera zuzena den galdetu du. Bere ustetan ez dagokio udalari lan horiek egitea, ea alde zaharreko etxeen fatxadak edo atariak udalak margotu behar dituen.

Miguel Angel Sanchezek dio eliza inguruan, gune publikoan egin direla lan batzuk.

14.4.- Ainhoa Zabalo kexatu da kontu emateetan ez duelako ez gizarte zerbitzuetako berririk entzun, ez kulturakoak, ez udaltzaingokoak, galdetu du ea azken ohiko bilkura egin geroztik ez al den kontatzeko modurik ezer gertatu edo sortu.

14.5.- Mikel Arrutik dio oraindik pendiente dagoela Gillermo de Lazoneko auzokonpostagunea. Aurreko ohiko bilkuran ere komentatu zela gaia eta gaur berdin dagoela. Gobernu taldearen borondate faltaren adierazle omen.

14.6.- Mikel Arrutiri eta EH Bildu taldeari ez zaie normala iruditzen, diru publikoa den einean, udaletik jornada erdiko liberazioagatik soldata jasotzen duen PSEko zinegotzia udaletik ez agertzea.

 

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:45ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243920tik 1243932ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Udal tramiteak

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer