62 ekitaldi eta jarduera aurtengo Santakrutzetan

2018ko Irailak 04
Santakrutzetako egitarauaren prentsaurrekoa

“Herritarrei eta Jai Batzordeari opari bat egitearren, legealdiko azken txanpa honetan, Jai Batzordeak antolatutako egitaraua eta duten aurrekontua ukitu gabe, jubilatuen bazkaria berreskuratu eta su artifizialak eskainiko dira herritarren gozamenerako”, adierazi du Jesus Mari Martiarena alkateak. “Arrantzale” eta “tartekoen” bazkarian bi taldeek bat egingo dute bazkaria erraldoia izan dadin; pilota finaletan plakak jarriko dira frontoietan Koldobike Gezala eta Josetxo Etxandi omentzeko; eta tanborrada, iaz bezala, argiztapenarekin egingo da. Beste behin, eraso sexistarik gabeko jai parekideen aldeko kanpaina egingo da eta, horrez gain, herritar guztien laguntza ere eskatu da eraso bat ikusi, entzun edota jasanez gero erantzuteko

Urtero legez, udako oporren ostean, Santakrutz jaiak ospatzeko unea iritsi da Lezon. Aurten, irailaren 13an hasi eta 16an bukatuko dira, ostegunetik igandera, alegia. Hori dela eta, jaietako egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Jesus Maria Martiarena alkateak, Kultura saileko arduradun Xanti Valek eta Noemi Arberas berdintasun zinegotziak.

Jai duinagoak egiteko aukera

Kultur teknikariak nabarmendu du joan den urtean 5.000€ gehiagoko aurrekontua eta aurten 6.000€ gehiagokoa izan duela Jai Batzordeak egitaraua antolatzeko eta, horrek, aukera eman duela jai duinagoak antolatu ahal izateko.

Horren harira, alkateak adierazi du: “aurten legealdiko azken txanpan sartuta, herritarrei eta Jai Batzordeko kideei oparia egiteko helburuarekin, eta baita haien lana eskertzeko ere, zerbait berezia egin nahi izan dugu. Jai Batzordeak antolatutako egitarauari bi ekintza gehitu dizkiegu: jubilatuen bazkaria berreskuratu da, batetik, eta su artifizialak eskainiko dira, bestetik, eskualdeko hainbat herritan egiten den moduan”. Edonola ere, “ez da Jai Batzordeak antolatutako egitaraua ezta aurrekontua ukitu”, azpimarratu du Jesus Mari Martiarenak.

Halaber, joan den urtean berritzailea eta arrakastatsua izan zen danborradako argiztapena ere mantenduko da aurten. “Espero dugu berritasunak herritar guztien gustukoak izatea, helburu horrekin txertatu baititugu”, esan du alkateak.

Egitarauak egun bat gutxiago izango du, baina ekitaldi eta jarduera kopuru bera mantenduko da. Aurten, 62 jarduera dituen egitaraua osatu da eta, adibidez, larunbatean 27 jarduera izango dira. Beraz, urtero bezala, jarduerez gainezka datoz jaiak herriko haur, gazte eta helduen gozamenerako, izan ere, Jai Batzordeak ilusioz eta esfortzu handiz egin du lan egitaraua osatu eta antolatzeko. Hori dela eta, alkateak eskerrik beroenak eman dizkie egindako lanagatik.

EGITARAUA

Jaiak iraungo duten lau egunak lagunartean eta familia giroan gozatzeko aukera izango dira, herritar guztien gustukoak izango diren jarduera eta ekitaldi ugari antolatu baitira. Era berean, bizikidetzaren eta errespetuaren aldeko aldarria ere egin da Udaletik, festak jai giroan eta bakean igarotzeko eta eraso sexistarik gabeko jai parekideak izan daitezen.

Kolore guztietako ekintzak herriko gune eta plaza guztietan

Kultur saileko arduradunak, Xanti Valek, berriz, aurtengo jaietako egitarauari dagozkion berezitasun eta zehaztasunak azaldu ditu. Udalak, herriko kulturarekiko azaldutako konpromisoa mantenduz, urtetik urtera inbertsio handiagoa egin du herriko jaien antolakuntzan, eta aurten aurrekoetan baino diru partida handiagoa bideratu du jaien antolaketarako. Gauzak horrela, herritar guztiei jaiez gozatzeko aukera eskaintzen dien egitaraua osatu da.

2018ko Santakrutzetako egitarauak urtero ospatu ohi diren ekintza eta ekitaldiak jasotzen ditu. Beraz, alkate txikien pregoiarekin emango zaie hasiera jaiei eta hurrengo lau egunetan, besteak beste, honako ekintza eta ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek: danborrada -iaz bezala argiztapenarekin-, “arrantzale” eta “tartekoen” bazkaria -aurten bi taldeek bat egin dute bazkaria erraldoia bilakatzeko-, pilota finalak -plakak jarriko dira Bekoerrotako eta Goiko Plazako frontoietan Koldobike Gezala eta Josetxo Etxandiren omenez- , marmitakoa, zezen suzkoa, baserritarren eguneko ohiko ekintza guztiak, kantujira, diana, inude eta artzainen desfilea -aurten Xanti eta Maialen Errenteriako erraldoiak parte hartuko dute- eta herri kirolak -Iker Vicente eta Aitzol Atutxaren norgehiagoka nagusiarekin-.

Adin guztietako herritarrek Lezoko gune ezberdinetan izango dute jaiak bizitzeko aukera: Lopenen, haur jolasak Kulkirekin; Jauregialden jolasak, dantza eta tortila txapelketa. Haurrak, gazteak, helduak zein jubilatuak. Guztientzako ekintza eta jarduerez josita datoz Santakrutzak: buruhandi eta erraldoien kalejira, txikien krosa, tartekoen bazkaria, herri kirolak, kale antzerkia… Gainera, aurtengoan, 7 urteren ondoren, jubilatuen bazkaria berreskuratuko da, gehitu du alkateak..

Gaueko musika emanaldiei dagokienez, ostiralean Dj Bullen emanaldia izango da Karlos Saldise plazan; eta larunbatean, berriz, su artifizialen ondoren, Elizagoien ahizpa trikitilariak izango dira Jauregialden eta La Basu, Juantxo Skalari & Rude Band, Dj Polas eta Dj Loro Karlos Saldise plazan. Musika bi plazetan eskainiko da, herritar guztiek gustukoen duten giroa aukera dezaten.

Jai parekideen aldeko kanpaina

Noemi Arberas berdintasun zinegotziak adierazi bezala, “Lezok ez du eraso sexistarik onartzen”. Hori dela eta, iaz bezala, aurten ere jai parekideen inguruko kanpaina egingo da. Horren baitan, kartelak eta pankarta jarriko dira, jaietako protokoloa buzoneatuko da egitarauarekin batera eta “indarkeriarik gabeko gunea” jarriko da ostiralean, 18:00etatik 21:00etara. “Indarkeriarik gabeko gunean protokoloaren esku-orriak, txartelak eta txapak banatuko dira, baina benetako jai parekideak bizi ahal izateko herritarren laguntza beharrezkoa da eraso bat ikusi, entzun edota jasanez gero erantzuteko”, azpimarratu du Noemi Arberasek.

Gune horrek indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dizkie herritarrei eta, besteak beste; informazioa jasotzeko eta iritzi eta bizipenak partekatzeko gunea izango da.

Programa, APPan eskuragarri

Amaitzeko, kultur teknikariak gogorarazi du, azken urteetan bezala, jai egitaraua eta kultur programazio osoa Lezoko Udaleko APPan eskuragarri dutela dagoeneko herritarrek eta, bide batez, gogorarazi du ostiralean, 7an, banatuko dela etxez etxe.

Bidali iruzkin berria

Eremu honetako edukia pribatua da eta ez da webgunean erakutsiko
Spamaren kontrako filtroa
Galdera hau SPAMa saihesteko baino ez da. Idatzi mesedez kopurua zenbakiak erabiliz.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Udal tramiteak

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer