Lezoko ikasleak elikadura aztertzen

Ar, 2015-03-31 12:20

Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak elikadura jasangarriaren gaia aztertzen ari dira ikasturte honetan zehar

Dagoeneko eskola bakoitzean jateko ohituren eta elikaduraren inguruko azterketa egin dute eta, besteak beste, hamaiketakoaren kasuan, fruta gutxitan ekartzen dutela ondorioztatu dute. Orain, ikasleek herri mailako egoera nolakoa den aztertzen ari dira: auzoko saltokiak, taberna eta jatetxeak, kiroldegiak ikertzen dabiltza, betiere, elikadura eta osasunaren inguruko ikuspegia jasotzeko.

Eskoletan tailerrak
Azterketa horretaz gain, Izadi 21 aholkularitza-enpresaren laguntzarekin, elikaduraren inguruko sentsibilizazio saioak egin dituzte eskolan: zentzumenen jolasa, aurpegiak osatuz, eta abar. Dagoeneko Herri Eskolan eta Lizeoan izan dira hezitzaileak eta apirilean Institutuko ikasleek hartuko dute txanda.

Lan hauekin guztiekin, eratorritako ondorioak abiapuntutzat hartuz, batetik eskoletan hobetu ditzaketen alderdiak ezagutuko dituzte ikasle, guraso eta irakasleek, eta bestetik, eskolek herrian, elikaduraren inguruan egin daitezkeen hobekuntzak definituko dituzte, ikasturtea amaitu aurretik, Udaleko ordezkariei proposatzeko.

Arloa edo saila