Archidonako ikasleen bisita udalerrian

Or, 2015-05-08 13:34

Lezo Institutuko neska-mutilekin elkarlanean proiektu bat garatu eta lehenengo saria irabazi dute

Archidonako (Malaga) Luis Barahona de Soto institutuko ikasleak astebetez egon dira Lezon, Lezo Institutuko ikasleek Andaluziara egindako bisita itzuliz. Ikasle trukea PROMECE hitzarmenaren baitan kokatzen da, eta ikasleek elkarlanean paisaia industriala eta hezkuntza uztartzen dituen egitasmoa gauzatu dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek Hezkuntza Ministerioak bideratutako lehiaketa batean parte hartu dute, baita lehen saria eskuratu ere “aurkeztutako egitasmoaren izaera berritzailearengatik eta kalitatearengatik”.

Harrera ofiziala
Archidonako ikasleak astebeteko egonaldia egin dute gure artean, hain zuzen, Lezo Institutuko ikasleen etxeetan. Gure ingurunea ezagutzeko aukera izan dute, eta asteartean Ainhoa Zabalo alkateak harrera ofiziala egin zien udaletxean. Alkateak egindako lanarengatik zoriondu zituen hango eta hemengo ikasleak.

Atzo, berriz, Saldise plazan elkartu ziren, agurreko afaria egitera. Aurrez, herri kirolak ezagutzeko aukera izan zuten horretarako antolatu ziren jolasen bidez. Eta nola ez, Perurenatarren bisitarekin. Iñaki aitak herri kirolen historia azaldu zien, eta bilakaera. Inaxio semeak, berriz, 270 kiloko harriari bi altxaldi egin zizkion.

Arloa edo saila