Eskolako Agenda 21, ikastetxetik udaletxera

Ar, 2016-05-31 09:29

Elikadura eta hondakinei buruzko eskaerak aurkeztu dituzte

Aurreko urteetako ohiturarekin jarraituz, Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleen ordezkariak 2015/2016 ikasturteko amaierako Eskolako Agenda 21en azken topaketan izan ziren.

Aurten, elikadura eta hondakinak izan dituzte ardatz, esparru ezberdinak jorratuz: hamaiketako egokia egiten duten, eskolako baratzea ondu dezaketen, azukre asko ala gutxi jaten duten, kaleak garbiak ala zikinak dauden, etab. 

Eskolarteko Forotik Udalbatzara
Eskolarteko Foroan ikastetxeetako ordezkariek ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenetsi dituzte. Horrez gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen -ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala- partaidetza nolakoa izan den baloratu dute.

Orokorrean, ikasleek eta irakasleek programan duten inplikazio-maila eta partaidetza egokia izan dela baieztatu dute. Eskolako Agenda 21en gaian irakasle ez diren eskolako langileen, Udalaren eta gurasoen parte hartzea, aldiz, apur bat hobetu beharko litzatekeela ikusi dute.

Lehengo ostiralean, berriz, ikastetxeetako ordezkariak Lezoko udaletxeko Udalbatza aretoan elkartu ziren, ikasturtean zehar elikadura eta hondakinen inguruan egindako ekimenak azaldu eta eskolarteko foroan erabakitakoaren berri emateko. Ondorengoak dira ikasleek hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako eskaerak:

  • Ikasleen konpromisoak: hamaiketako osasuntsuarekin jarraitzea; otorduetan fruta eta barazki gehiago jatea; hamaiketako eta askaria, bilgarriekin beharrean, tupperretan eramatea; kaleak garbi mantentzea;...
  • Udalari zuzendutako eskaerak: herritarrei kaleko gaikako zaborrontzietan hondakinak nahastuta bota ez ditzaten eskatzea; eskolekin konpostaguneetara bisitak egiten jarraitzea, herritarrei erretzea txarra dela gogorarazi eta zigarro-muturrak lurrera ez botatzeko eskatzea;...

Amaitzeko, datorren ikasturtean, Eskolako Agenda 21 programan landuko den gaia mugikortasun iraunkorra izango dela aurreratu dute. 

Arloa edo saila