Udalak auzo-konposta egiteko sei gune

Az, 2014-09-17 11:33

Aralar kalean, Lopenen, San Pedro-Pisben, Arretxe-Txulotxon, Altamiran eta Alde Zaharrean jarriko dira

Lezoko Udalak beste urrats bat emango du hondakinen kudeaketan, eta udazken honetan auzo-konposta egiteko sei gune jarriko dira martxan. Horrela eman dute jakitera Ainhoa Zabalo alkateak, Leire Beteta Ingurumen teknikariak eta Aitor Gonzalez, Elkarrekin21 enpresako ordezkariak. Egitasmoak 60.000 €tik gorako aurrekontua du, eta Foru Aldundiak 33.625 € finantzatuko ditu.

Lezoko Udalak auzo-konposta egiteko sei gune egokituko ditu. Hain zuzen, Aralar kalean, Lopenen, San Pedro-Pisben, Arretxe-Txulotxon, Altamiran eta Alde Zaharrean. Guneak egokitzeko lanak iraila bukaeran hasiko direla aurreikusten da, eta, ongi bidean, urte bukaera baino lehen izango da auzo-konposta egiteko aukera.

Ainhoa Zabaloalkateak azaldu duenez, Lezoko Udalak egitasmo berriarekin hondakinen prebentzioaren alorrean “beste urrats bat” eman nahi du. “Urtebete baino gehiago pasa dugu lau edukiontzien sistema zaharkitutik Atez Atekora jauzi egin genuenetik; orain, auzo-konpostarekin, hondakin kopurua murriztu nahi dugu”, azaldu du alkateak.

Jarraian, auzo-konpostaren onurak zerrendatu ditu, hiru hauek nabarmenduz. Batetik, hondakinen prebentzio aipatu du: “Etxean sortzen dugun materia organikoa hondakin kopuru osoaren % 40-50 da. Materia organiko hori konpostatuz, hondakinen zirkulaziotik ateratzen dugu, sortuko hondakin kopurua murriztuz”.

Bigarren abantaila hondakinei ematen zaien hurbileko tratamenduan datza. “Materia organikoa auzo ezberdinetan kudeatzen bada, bilketa eta garraio azpiegituren beharra murriztu egiten da, garraioari lotutako kutsadura zein negutegi efektuko gasen isurketa murriztuz”.

Zaborren tasako hobariak dira hirugarren arrazoia. Auzo-konposta egiten duten familiek “zaborren tasan % 40ko hobaria” izango dutela aurreratu du alkateak.

Sei gune, 120 familia

Arestian aipatu bezala, Udalak sei gune atonduko ditu lur publikoan auzo-konposta egiteko. Gune bakoitzak 30 metro karratu inguruko azalera izango du, eta karratuak izango dira –Alde Zaharrekoa luzanga izango da–. Gune bakoitza 1,5 metroko altuerako basa-pinuz egindako itxitura izango du.

Konpostagailuak 300 litroko edukierakoak dira, eta karraskariak edo-eta bestelako fauna barruan sar ez dadin, azpialdean hondarrezko geruzatxo bat eta sare metalikoa izango dute. Aurreikuspenen arabera, gune bakoitzak 20 bat familien zabor organikoa biltzeko ahalmena izango du. Beraz, lehenengo fase honetan 120 bat familiek izango dute aukera etxean sortzen duten zabor organikoa konposta bihurtzeko.

Hori, momentuz. Prentsaurrekoan iragarri denez, etorkizunean beste auzoetara zabaltzeko aukera aztertzeko asmoa baitago. “Lehenengo fase honetan herritarren harrera ona bada, eta eskaera badago, Lezoko beste puntuetara zabalduko dugu ekimena”, esan du Ainhoa Zabalo alkateak.

Ekimenean parte hartzen duten familiek kubotxo marroian bildutako hondakinak auzo-konposta gunera eraman beharko dituzte, eta bertan, material egituratzaile edo lehorrarekin nahasi egin beharko dute, “sukaldeko material organiko hezea lehortzeko eta osagaietan aberasteko”, material hori Udalak jarriko du.

Auzo-konposta, lau fasetan

Udalerrian auzo-konposta ezartzeko kanpaina lau fasetan bideratuko da. Lehenengoa, informazio fasea izango da. Datozen egunetan etxeetan informazio esku-orriak banatuko dira. Horrekin batera, auzo-konpostaguneak egokitzeko lanak hasiko dira.

Iraila bukaeran, auzo-konposta guneak jarriko diren auzoetan solasaldiak antolatuko dira. Bilera horien helburua herritarrak informatzea eta ekimenean parte hartzeko herritarrak animatzea izango da. Hauek dira hitzorduak:

 

Irailak 24

Lopene

Tomas Garbizu Musika Eskola

Irailak 25

Alde Zaharra

Euskara Kultura Aretoa

Irailak 29

Arretxene – Txulotxo

Tomas Garbizu Musika Eskola

Irailak 30

Altamira

Altzate Altamirako Auzo Elkartea

Urriak 1

San Pedro - Pisbe

Tomas Garbizu Musika Eskola

Urriak 2

Aralar

Euskara Kultura Aretoa

 

Bilera guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Auzokonposta egitera animatzen diren bizilagunek izen eman beharko dute Atez Ateko bulegoan, eta horientzat formazio saioak antolatuko direla iragarri dute. Bertan, materia organikoarekin konposta nola egin erakutsiko zaie. Izan ere, Elkarrekin21 aholkularitzaren laguntzarekin, ekimenaren jarraipena egingo da eta konposta egiteko familiek behar duten laguntza eskainiko zaie.

Foru Aldundiaren diru-laguntza

Ainhoa Zabaloalkateak emandako datuen arabera, egitasmoak 60.000 eurotik gorako aurrekontua izango du. Edozein kasutan, Lezoko Udalak ez du gastu osoa beregain hartuko. “Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Sailak diruz lagunduko du, eta 33.625 euro bideratuko ditu. Udalak, berriz, 26.000 euro pasatxo inbertituko ditu”.

Amaitzeko, alkateak herritarrak animatu ditu auzo-konposta egitera “gure herriaren ongizatearen mesedetan. Hondakinen kudeaketan bide onean goaz, baina etengabe berrituz eta hobetuz joan behar dugu. Ziur naiz herriak, herritarrok eta ingurumenak eskertuko duela”.

Arloa edo saila