Altzate igerilekua energetikoki eraginkorragoa izango da

Og, 2015-01-29 12:19

Zaharberritze lanekin egituraren egonkortasuna eta iraunkortasuna bermatuko dira

Altzate igerilekuak itxura berria du, eta gaurtik aurrera, lezoarrek erabiltzeko moduan da. Zaharberritze lanekin, egituraren egonkortasuna eta iraunkortasuna bermatuko dira igerilekua ahalik eta hobekien isolatuz maila altuko instalazioarekin.

Aldaketa nagusia, eta gehien antzematen dena, itxiturarena da. Udala derrigortua zegoen neurriak hartzera. Izan ere, egitura metaliko mugikorrak zeukan narriadura maila handia zen. Horren eraginez, batetik, osasun arazoak sor zitzakeen oxidazioa sortu zen; eta bestetik, legez bete behar diren hezetasun eta tenperatura parametroak neurtzea ezinezkoa egiten zuen.

Gainera, egitura metalikoak zituen zirrikituetatik beroa galtzen zen etengabe, behar ez den energia gastua eraginez.

Zaharberritze lanak arestian aipatu arazoak konpontzera etorri da. Hauek izan dira emandako urratsak:

  1. Tratamendu bereziko egur laminatuzko estalki berria jarri da, hezetasuna kontrolpean izateko, isolamendua bermatzeko eta bero galerak murrizteko.
  2. Estalkia eusten duten egurrezko egituraren habeen arteko hutsune ia gehienak, ahalik eta modurik gardenenean itxi dira, ahalik eta argitasun natural gehiena sartzea ahalbidetuz.
  3. Argiztapena aldatu da, energia kontsumo txikiagoa duten LED motakoak jarriz, sentsore bidez kontrolatzen direnak.
  4. Itxiturarako erabili den sistema aluminiozko haustura termikoa duten arotzeriak izan dira, eta beirak ere, bikoitzak izateaz gain, bereziak dira –beirek ez dute ohikoa den aire kamara, argon gasa baizik–.
  5. Aireztapenerako instalazio berria jarri da. Sistema honek igerilekuko airea berriztatzen du, etengabe aire garbia sartuz, eta erabilitakoa atereaz. Makina berriak,  irteten den airea bota aurretik, aire horren beroa berreskuratzen du, sartzen den aire garbi hotza berotuz. Berreskuratutako berro horrekin gainera, igerilekuko ur hotza ere berotzen da. Sistema honek energia asko aurrezten du –antzeko sistema erabiltzen da igerilekuko ura berotzeko–.

Eguzki panela
Zaharberritze lanak aprobetxatuta, igerileku txikian mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat garabia jarri da irisgarritasuna bermatzeko.

Etorkizun hurbilean hirugarren urrats bat emango dela aurreratu dute. Izan ere, Udalaren asmoa da ura berotzeko eguzki panelak jartzea. 

Lanek 350.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuaren % 50 hartu du beregain,eta Lezoko Udalak, beste erdia. 
 

Arloa edo saila