Kirola eta jarduera fisikoa, galdeketa

Al, 2016-02-22 12:45

Etxez etxe banatuko da eta eraikin publiko eta web gunean dago eskura; erantzunak jarritako buzoietan utzi edo kirola@lezo.eus helbidera bidali behar dira martxoaren 4a baino lehenago

Kirolaren eta jarduera fisikoaren inguruan, Lezoko herritarren iritzia jakiteko partaidetza prozesua abiatu du Udaleko Kirola departamentuak. Horretarako, galdeketa bat zabaldu du herritarren artean.

Galdeketa paperean bete daiteke eta jarri diren buzoietako batean utzi ondoren. Buzoiak honako eraikinetan jarri dituzte: Udaletxean, Bekoerrota kiroldegian, Altzate igerilekuetan, Andreone liburutegian,Musika Eskolan, anbulategian eta Aiton Bordan daude.

Web gunetik ere jaitsi daiteke: hurrengo loturan PDF betegarria bete eta kirola@lezo.eus helbidera bidali. Galdeketa bidaltzeko azken eguna martxoaren 4a da.

Aurrekariak eta etorkizuna
Aurreko legealdian, Lezoko jarduera fisiko eta kirol sistema hobetzeko partaidetza prozesua antolatzeko zerbitzua kontratatu zen. Lanak 2015eko azken hiruhilabetean hasi ziren, eta orain herritarren iritzia jasotzeko garaia heldu da.

Bi gairen inguruko iritziak jasoko dira:

  1. Jarduera fisikoa eta kirola egiteko espazioen birrantolaketaren azterketa.
  2. Jarduera fisiko eta kirolaren eskaintzaren azterketa herrian.

Herritarren iritziak jaso eta talde ezberdinekin bilerak egingo dira, ondorioak atera eta herriko eragileekin kontrastatuko dira foro ezberdinen bidez. Helburua da guztion artean eraikitzea etorkizunerako Lezoko kirolaren eta jarduera fisikoaren eredua. Foroak martxoa bukaeran hastea aurreikusten da.

Udalak herritarrak animatu nahi ditu inkestak bete eta foroetan parte hartzera, prozesu partehartzaile honek lagunduko baitu aurrera begira hartuko diren erabakien egokitasuna bermatzen.

Arloa edo saila