Aurkeztu da LESOINU Aste Pedagogiko Musikalaren XXIX. Edizioa

Al, 2015-03-09 13:44

Lesoinurekin belarriak goxatzeko aukera izango da

Aste Pedagogiko Musikalarekin musika jardueraz gozatzeko aukera izango da Lezoko areto eta kaleetan zehar martxoaren 13tik 27ra bitartean. Maiatzaren 15etik 17ra bitartean berriz, Gambara musika zikloa antolatu da. Gaur goizean aurkeztu dute Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren XXIX. edizioa. Mikel Arruti Lezoko Udaleko Kultura zinegotzia eta Xanti Espina “Tomas Garbizu” Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak parte hartu dute agerraldian.

Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolaren eskutik, aurtengoan 29 urte beteko ditu Lesoinu musika zikloak. 1986. urte aldera hasi zen Aste Pedagogiko Musikala, hiru hamarkadetako ibilbidean zehar gorpuztu eta sendotu egin da, gaur egun erreferentziazko musika egitasmoa izatera iristeraino.

Aurkezpen ekitaldian, antolatzaileek “harro eta pozik” aurkeztu dute aurtengo edizioa, musika zikloak duen “izaera pedagogikoa” azpimarratuz eta musikazale guztiei zuzenduriko ekimena dela adieraziz. “Datorren ostiraletik hasita, maiatzaren 17ra bitartean, egitarau oparoa antolatu dugu. Oparoa eta anitza, Lesoinu badelako musika aldi bat, askotariko ikuspegitatik musika bizi duten guztiei zuzendutako zikloa”, azaldu du Mikel Arruti Kultura eta Euskara zinegotziak.

Fusioa ardatz
Xanti Espina Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak musikaren eta pedagogiaren arteko “fusioaz” hitz egin du, orain arteko edizioetan bezalaxe aurtengoan ere horixe izango delako egitasmoaren ardatza. “Musikari esanahi pedagogiko bat eman eta Lezoko herritar guztiek, bereziki Musika Eskolako ikasleek, diziplina eta ikuspegi ezberdinetako musika ekimenez gozatzeko aukera ematean da Lesoinuren xede nagusia”.

Musika ikasleez haratago, Lesoinu musikazale guztiei zuzenduriko ekimena dela nabarmendu du Musika Eskolako zuzendariak: “ikasleei, irakasleei edo-eta molde orotako musikazaleei bideratuta dago. Hortaz, gonbidapen zabala egiten dugu zortzi egunetan zehar antolatu diren musika emanaldiak jarraitzera”.

Gonbidatu bereziak
Emanaldi horietan, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonista. Baina ez bakarrak. Horrela eman du aditzera Xanti Espina zuzendariak egitaraua aurkeztu duenean (ikus eranskina). Aurten, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Band  taldearen kontzertuak emango dio hasiera aste pedagogikoari.

Gainera, Zaragozatik Schola Polifónica y Camerata La Paz abesbatza izango dugu gonbidatu berezia moduan. Eta lehenengo aldiz, Francesc Puges Suarez, musika irakaslea kataluniarra, etorriko da bi saio eskeintzera: batetik, irakasleentzat, non bere irakasteko modua azalduko die; eta bestetik, ikasleentzat saio berezia emango du. Bukatzeko, martxoaren programazioari amaiera emateko Errenteria Musikaleko Orkestraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu.

Arloa edo saila