Badator Negu Kulturala ekintzez beteta

2018ko Urtarrilak 10
Negu Kulturala

Beste behin Lezoko herritarrak kultur giroan murgiltzeko helburuarekin hainbat jarduera antolatu ditu Udalak haur, gazte eta helduentzat. Kultur eskaintzak aro berri bati ekingo dio 2018ko udazkenean. Udalak aurreratu du gaurdanik sentiberatze kanpaina berezia abiaraziko duela bereziki bi helburu lortzeko: kultur jarduerak eta kultur taldeen lana balioan jartzea eta haurren emanaldiak haurren gune izango direla bermatzea.

Haur jarduerak, antzerkiak, literatur solasaldiak eta Lesoinu izango dira aurtengo Negu Kulturaleko protagonista nagusiak. Beste behin, liburutegiak, Musika Eskolak eta kultur sailak antolatutako ekintzekin osatu da egitaraua herritarren artean kultur produkzio berriak eta bereziki etxeko txikienen artean arte eszenikoak ikusteko ohiturak eta aukerak sustatu eta bermatzeko. 

Hori dela eta, egitarauan jasota dauden ekintza multzo handia dago haurrei bideratuta, besteak beste, “Pintto-Pintto” emanaldia, Eriz Magoaren ikuskizuna, “Koko dragoi txikia” eta “Pan.Sekula betirako bidaia” ikus-entzunezkoak eta “Pixkanaka-pixkanaka” ikuskizuna.

Gazte eta helduei dagokienean, besteak beste, “Bisaiak, jauziaren aurpegiak” ikus-entzunezko emanaldiaz edota “Frida Kahlo, viva la vida”, “Cronopia”, “Hozkailua”, “Mami Lebrun” eta “Código Atenea” antzerki lanez gozatu ahal izango dute herritarrek. Era berean, datozen hilabeteetan 2 literatur solasaldi egingo dira, bata gazteleraz, Petros Márkaris idazlearen “Muerte en Estambul” liburuari buruzkoa eta bestea, euskaraz, Ana Malagonen “Gelditu zaitezte gurekin” liburuari buruzkoa.

Halaber, martxoaren 16tik 25era Lesoinu, Aste Pedagogiko musikala ospatuko da, dena den egitarau zehatza aurrerago aurkeztuko da.

Gainerako kultur jarduera bakoitzaren egun eta ordu zehatzak ezagutu nahi badituzu sartu: lezo.eus/agenda atalean edota deskargatu Lezoko Udalaren Euskara-Kirola eta Kulturako App-a.

Sakoneko aldaketak 2018ko udazkenean:

Udalak jakinarazi du, aurtengo udazkenean aro berri bati ekingo diola Lezoko kultur eskaintzak. Ikasturte berriarekin batera, beraz, zenbait berrikuntza txertatuko ditu Udalak bereziki hiru helburu lortzeko: kultur eskaintza eta kultur taldeen lana balioan jartzea, haurren kultur guneak babestea – haurrentzat izan daitezen bermatuz- eta kultur jardueretarako fidelizazioa sustatzea.

Kultur eskaintza eta kultur taldeen lana balioan jarri:

Lezoko Udalak antolatzen dituen kultur emanaldiak eta oro har, kultur eskaintza osoa balioan jartzeko eta kultur taldeei beren lana aitortzeko, udazkenetik aurrera haur jardueretan, helduen ikuskizunetan bezalaxe, sarrera ordaindu beharko da –ez aldiz haur zinemaren kasuan, horiek doakoak izaten jarraituko baitute-. Edozein kasutan, ezarriko zaien prezioa sinbolikoa izango da haurren artean kultur jardueren aldeko ohiturak sustatzea delako helburu nagusia, baina era berean, kultur jarduerek duten balioaz jabearaztea ere lortu nahi da.

Prezio sinboliko hori 2 eurokoa izango da, baina Udalak haur emankizunen KULTUR BONOAK sortuko ditu eta 10 euroren trukean 10 haur ikuskizun edota emanaldi ikusi ahal izango dira. Beraz, KULTUR BONOA eskuratuta, haur jarduera bakoitzeko euro bat besterik ez da ordaindu behar izango.

Haurren guneak, haurrentzat:

KULTUR BONOekin batera, haurren guneak, haurrentzat izan daitezen sustatzeko sentiberatze kanpaina berezia ere abiaraziko du Udalak udazkenean. Izan ere,  eta zorionez, hainbatetan Gezala gainezka izaten da haur jarduerak ospatzen direnean, baina sarritan gurasoak haurrekin joaten direnez, zenbait haur kanpoan geratu izan dira, ikuskizunaz ezin gozatu.

Hori dela eta, kanpaina honen helburua izango da gurasoek haurrak ikuskizunera laguntzea, eta lekua badago, lasai aski sartzea, noski, baina, ez dadila haur bakar bat kanpoan gelditu lekurik ez dagoelako.

 

Bidali iruzkin berria

Eremu honetako edukia pribatua da eta ez da webgunean erakutsiko
Spamaren kontrako filtroa
Galdera hau SPAMa saihesteko baino ez da. Idatzi mesedez kopurua zenbakiak erabiliz.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Tramiteak Online

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer