Berrikuntzak kirol instalazioetako zerbitzuetan 2017rako

Or, 2016-12-30 10:08

Herritarrei erabilera errazte aldera, bulego birtuala eta txartelaz gain sartzeko eskumuturreko berria jarriko da martxan. Jarduera berriak aurreikusi dira 2017rako eta ordutegia ere zabaldu egingo da.

Kiroldegiaren erabilerari dagokionez, bi berrikuntza nagusi daude. Alde batetik, bulego birtuala jarriko da martxan eta bulego birtual honen bidez abonatuek beraien fitxa kontsultatzeaz gain, parte hartu nahi duten ikastaroetan erreserbak egin ahal izango dituzte aplikazio batez bidez. Gainera, kiroldegiaren sarreran informazio totem bat jarriko da, bulego birtualean egin daitezkeen eragiketak bertatik egin ahal izateko.

Sarrera errazte aldera, egun dauden txartelez gain, eskumuturrekoak banatuko dira abonatuen artean, sarbidea erosoagoa izan dadin.

Jarduera berriak

2017rako jarduera berriak ere aurreikusi dira.

TRX: soka edo zinta batzuen laguntzaz, suspentsioan eta gorputzaren pisuarekin lagunduta egiten diren ariketak dira. Indibidualki edota ikastaroen bitartez erabili ahal izango dira, tresna hauen bidez tonifikazio jarduerak egin ahal izateko. Norberak modu indibidualean erabil baditzake ere, kiroldegiak ikastaroak eskainiko ditu,  monitore baten laguntzaz tresna berriaren erabilera modu gidatuan ikasteko.

Nordic Walking: udaberri aldera Nordic Walking-a jarri nahi da martxan, herriko ibilbide osasuntsuak aprobetxatuz. Makilak jarriko ditu kiroldegiak erabiltzaileen eskura taldekako ibilbideak egiteko. Jarduera hau kirol instalazioetatik kanpo egingo litzatekeen jarduera da, barneko zein kanpoko jardueren eskaintza areagotzea baitu xede kiroldegiak. Nordic Walking-a kirol osasungarria da eta ez da batere agresiboa, beraz, edonork egin dezake.

Igeriketa ikastaroen topaketak

Haurrentzako igeriketa ikastaroen topaketak antolatuko dira, igeriketako ikastaroetako irakasleekin. Topaketa hauek polikiroldegi desberdinetan antolatuko dira, Bekoerrota kudeatzen duen enpresak kudeatzen dituen beste kiroldegi batzuekin elkarlanean hain zuzen ere hala nola, Lezo, Orio, Bergara, Elorrio, Lodosa… eta topaketa bakoitzaren amaieran Lunch-a izango da.

Erronkak

Erronken helburua jendea motibatzea da, erabiltzaileen arteko pike eta harremana sustatzea eta fidelizazioa bultzatzea. Epea amaitu ondoren,  topaketa bat egiten da, hau ere lunch batekin, jendearen arteko harremanak sustatzeko.

2017rako 3 erronka hauek proposatu dira, hirurak ere, urtarrilaren 1etik apirilaren7a bitarte aurrera eramateko.

BEKOERROTA KIROLDEGIAN
• Zintan 136 km
• Bizikletan 231 km
• Arraunean 116km

ALTZATE IGERILEKUAN
• 80.000m (3200 luze)
• 50.000m (2000 luze)
• 25.000m (1000 luze)

ERRONKA MIXTOA, IGERILEKUA ETA KIROLDEGIA.

Ordutegi zabalagoa

Erabiltzaileek kirola praktikatzeko aukera gehiago izateko helburuarekin, ordutegiak areagotuko dira, bai arratsaldetan baita asteburuan ere. Ordutegi berriak 2017an jarriko dira martxan eta kiroldegian kontsulta daitezke.
 

Arloa edo saila