Trapujaleren 30. urteurrena aurtengo inauterietan

Og, 2017-02-16 15:02

Ohiko kalejirez gain, aurten, Lezoko inauterietako pertsonaia nagusiaren urteurrena ospatzeko, otsailaren 27an, astelehenarrean, Korri, Xalto eta Brinkoren, aurtengo omenduen, TRAPUJALE emanaldiaren ondotik, “Marinazkane eta Zirikuak” ipuinaren aurkezpena egingo da. Trapujaleren urteurrena ospatzeko argazki lehiaketa ere antolatu du Udalak eta argazki irabazleak martxoko aldizkarian argitaratuko dira.

Gaur goizean aurkeztu du Lezoko Udalak 2017ko Inauterien egitaraua. Jesus Maria Martiarena alkateak eta Xanti Val kultura teknikariak eman dituzte jai batzordearekin elkarlanean antolatutako egitarauaren zehaztasunak. Aurten ere, eta modu berezi batean gainera, Trapujale izango da Lezoko Inauterietako protagonista.

Egun gutxi geratzen dira, beraz, Trapujalek aurtengo inauteriei hasiera emateko. Hilaren 23an, ostegunean, egingo diote ongietorria lezoarrek. Lehenik eta behin, Herri Eskolan, arratsaldeko 16:00etan eta ondoren, herriko plazan, 19:30ean, Trapujale Martizkone baserritik jaisten denean. Ez da baina, bakarrik iritsiko, alboan izango baititu musika taldeko kideak zein herritarrak.

Baina aurtengo etorrera berezia izango da, Trapujalek 30 urte betetzen baititu aurtengoan. Hori dela eta, otsailaren 27an, astelehenarrean, Korri Xalto eta Brinkoren Trapujale emanaldiaren ondotik, “Marinazkane eta Zirikuak” ipuinaren aurkezpena egingo da. Era berean, Lezoko inauterietako pertsonaia protagonistaren urteurrena ospatzeko Udalak argazki lehiaketa antolatu du.

Argazki lehiaketaren xehetasunak:

Trapujale pertsonaia omentzeko, inauterietako protagonista den pertsonaia honekin lotura duten argazkiak atera eta igo beharko dira APPra argazki lehiaketan parte hartzeko. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 argazki igo ahal izango ditu.

Trapujalerekin batera, haurrak dira inauterietako protagonista, hori dela eta Udalak esku orria banatuko du eskoletan haurrek lehiaketaren nondik norakoak ezagutu ditzaten eta argazki lehiaketan parte har dezaten.

Argazkiak otsailaren 23tik martxoaren 3ra bitartean igo beharko dira aplikazioko “Argazki lehiaketa” atalera. Ondoren, herritarrek 6 argazki irabazle aukeratuko dituzte. Horretarako, martxoaren 3tik 8ra bitartean APPan argazkirik gustukoena bozkatu beharko da. Argazki irabazleak eta horien egileen izen-abizenak martxoko Udal aldizkarian argitaratuko dira eta sari gisa aurten aurkeztuko den “Marinazkane eta Zirikuak” ipuin berria banatuko zaie. Aplikazioa edozein smartphonean deskarga daiteke.

6 egunetako egitarau zabala zehatz-mehatz azaldu aurretik, Lezoko Udaletik herritarrei dei egin diete antolatu dituzten ekimenetan eta argazki lehiaketan parte hartzera.

Egitarau osoa:

Esan bezala, Ostegunzuri egunarekin hasiko dira inauteriak Lezon. Arratsaldeko 16:00etan Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria emango dio. 19:30etan berriz, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.

Ondoren, 20:00ak aldera, Lezoko “Trapujale” oroigarri bereziaren banaketa egingo da. Aurten Korri, Xalto eta Brinko omenduko dira Gurutze Santuaren plazan.

Ostiralori: gaztetxoak protagonista

Goizeko 9:30ean hasiko da herri osoa zeharkatuko duen Kalejira. Ondoren, Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek “Haur zinema” emanaldia eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.

11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, Euskal-Inauteri dantzen emanaldia egingo da eta hamaiketakoarekin eta Trapu Jolasekin emango zaio festari amaiera.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira egingo dute Murixkaren lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte. 19:30ean, Lezoko Euskal Dantzazaleek “Luzaideko Inauteria” desfilea egingo dute. 20:00etan kartelada eta amaitzeko afari herrikoia egingo da kiroldegiko frontoian (txartelak 20eurotan salgai)

Larunbatgorri eta Igandubel

Kalejirak izango dira asteburuko protagonistak. Larunbatgorri egunean, larunbatean, kalejira egingo da Lopene plazatik abiatuta arratsaldeko 16:00etan eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin. (Eguraldi txarra egingo balu, kalejira Saldise Plazatik abiatuko da eta txokolatada kiroldegiko frontoian egingo da).

Igandubelen, berriz, Murixka Dantza taldeak kalejira egingo du 12:00etan, dantza taldearen lokaletik abiatuta Karlos Saldise plazara. Iluntzean, 20:00etan zehazki, “Putinen guardasola” antzerki emanaldia eskainiko du Xentimorik gabe antzerki taldeak Gezala Auditoriumean.

Astelehenarre eta asteartebeltz

Astelehenarre eguna emanaldi berezi batekin dator Trapujaleren 30. urteurrena ospatzeko. Lehenik eta behin, 17:00etan mozorroen festa egingo da Karlos Saldise plazan eta bertan, hiru mozorro onenak sarituko dira. Ondoren, 18:30ean, Trapujaleren 20. urteurrena ospatzeko sortu zen “Trapujale” emanaldia eskainiko da eta ondoren, “Marinazkane eta Zirikuak” ipuin berria aurkeztuko da, esan bezala, inauterietako protagonista den Trapujaleren 30.urteurrena ospatzeko.

Ohiturari jarraiki, Lezoko Inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan eta txokolatada ere egingo da. 19:30etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie.

Arloa edo saila