Bidegorria egiteko lankidetza hitzarmena sinatu du Lezok Foru Aldundiarekin

Ar, 2017-04-11 14:58

Foru Aldundiak 2 milioi euroko inbertsioa dakarten biziberritze-proiektuak sinatu ditu Oarsoaldeko udalerriekin. Lezori dagokionean, Aldundiak Lezo-Donibane arteko oinezkoentzako eta txirrinduentzako pasabidearen 3. zatiaren %85a finantzatuko du

Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Markel Olanok, eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, Marisol Garmendiak, Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen hitzarmenak azaldu dituzte, Pasaialdeko lau udalerriekin sinatuak izan direnak. Eskualdean egin beharreko 2.242.500 euroko inbertsioaren %85a ordainduko du aldundiak, hau da, 1.950.000 euro, eta udalerriek beste % 15a ordainduko dute. Inbertsio horri esker, hiri-biziberritzeko proiektuak gauzatuko dira Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaian, Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Integralaren barruan.

Udalekin sinatutako hitzarmenak eskualdea biziberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen estrategiaren baitan kokatuta daude. Legealdi hasieratik, era aitzindarian eta lau udalerrietako parte-hartzearekin eta babesarekin landu da aipatu estrategia.

Onartutako bi milioi euro horietatik, Lezok 204.500€ jasoko ditu, Lezo-Donibane arteko oinezko eta txirrinduentzako pasabidea egiteko. Lana hiru zatitan banatuta dago eta Aldundiaren finantzazioak Lezoko erdiguneraino iristen den azken zatiaren % 85a estaliko du.

Horren harira, Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, adierazi du 3. zatia oso garrantzitsua dela Lezoko herriarentzat eta bertako herritarrentzat. Izan ere, gaur egun, ez dago errepidea ez den beste biderik eta beraz, oinezko zein txirrinduak errepidetik igarotzen dira. Hortaz, obra hauek lezoarren segurtasuna eta ongizatea hobetuko dituzte.

Alkateak eskerrak eman dizkie Aldundiari eta eskualdeko gainerako alkateei beren lankidetza eta konpromisoagatik. “Oso pozik gaude sinatu dugun hitzarmenagatik eta datozen urteetan sinatuko ditugunengatik,  Foru Aldundiak legealdi osorako hartu duen konpromiso baten aurrean baikaude” adierazi du Martiarenak.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak aipatu duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaialdeko biziberritzearekin eta eskualde honetako biztanleekin duen konpromisoa agerian utzi dugu beste behin. Hitzarmen eta akordio estrategia bat abian jarri dugu, udalekin ez ezik, beste erakunde eta ekonomia eta gizarte eragile guztiekin ere. Eta gaurko hitzarmenak aro berri honen isla dira. Egun garrantzitsua da gaurkoa eta beste zenbait egun garrantzitsu egongo dira, 2017 honetan, Pasaialdearentzat. Bide onetik goaz, bide luze eta zaila bada ere. Proiektuetatik ekintzetara pasa eta Pasaiako eta bere inguruko biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duen plan integralaren barruko ekintzak adostu ditugu”.

Arloa edo saila