Oarsoaldeako Eskola Kiroleko Batzordea, egungo ereduaren alde

Az, 2017-06-21 09:33

Eskola Kirola ereduaren baitan zenbait aldaketa egitea aztertzen ari da Aldundia. Hori dela eta, egungo Eskola Kirolaren eredua defendatze asmoz, Oarsoaldeako 11 ikastetxeek gutuna bidali dute Aldundira eta gauza bera aztertzen ari dira eskualdeko Udalak ere.

Kirol mahaiak kezka azaldu du Aldundiak Eskola Kirolaren ereduaren baitan,  Gipuzkoan 25 urtez martxan daramatzanak, egin nahi dituen aldaketen harira.Kirol mahaia eskualdeko 4 udalerrietako udal teknikari, eskola kiroleko udalerrietako koordinatzaile eta 11  ikastetxeez osatua dago.

Aldundia, oraindik ere, zein aldaketa egin aztertzen ari da, baina asmoak zein ziren jakinarazi du azken asteetan. Hori dela eta, eskualdeko 11 ikastetxeetako zuzendariek gutuna bidali dute Aldundira egungo Eskola Kirola Eredua mantentzeko eskakizuna eginez eta gauza bera egiteko asmoa dute eskualdeko Udalek ere, tokian toki onartu ondoren.

Izan ere, oro har, Eskola Kirola eredua bere horretan mantenduko bada ere, aldaketa nagusia alebinetan aurreikusiko litzateke, Aldundiak prentsan kaleratutako proposamenarekin aurrea egingo balu. Orain artean, errendimenduko taldeetan kirola praktikatu duten haurrek Eskola Kirolean ere parte hartu behar izan dute eta proposamen berriarekin, aldiz, malgutasuna izango lukete horietan parte hartzeko. Eta horrek, batetik haurren espezializazio goiztiarra ekarriko luke, haurren kalteetan, eta besteak beste haurren taldeen desagertzea ikastetxeetan.

Gauzak horrela, Kirol mahaiak, eredua bere horretan mantentzeko eta denbora gehiagorekin gaia aztertzeko eskatu du, jada datorren urteko eskaintza egina dagoelako. Gainera, egungo ereduak 25 urte martxan daramatzala eta oso emaitza onak eman dituela azpimarratu dute.

Amaitzeko haurrak jolasaren bitartez heztea ezinbestekoa dela berretsi dute, jolas horiek zenbat eta kirol aniztasun handiagoa izan hobea eta aberasgarriagoa dela defendatuz.


 

Arloa edo saila