Gezalan aldagelak eraikitzeko lanak erritmo onean

Ar, 2017-07-18 11:57

Herri Eskolako jolastokia estaltzeko lanak ere hasiak daude. Lanak amaitzean, herriko haurrek eta oro har, herritarrek, egun euritsuetan ere erabili ahal izango den eremu berria izango dute, eskola ordutegitik kanpo ere zabalik egongo dena, larunbat, igande eta jai egunak barne, iluntzeko 21:30ak arte.

Martxa onean doaz Gezala auditorioko aldagelak eraikitzeko lanak. Murgil Eraikuntzak S.L. enpresa arduratzen ari da lanak aurrera eramateaz eta bi hilabete izango dituzte lanak amaitzeko.

Proiektuak helburu du bertako zein kanpoko talde eta erabiltzaileei aukera berriak eskaintzea, taldeen beharrei erantzutea eta aldatzeko eta materialak uzteko eremu egokia eskaintzea.

Era berean, Herri Eskolako jolastokiko estalpea eraikitzeko lanak ere hasiak daude. Obrak udan gauzatuko dira haurrak eta irakasleak oporretan daudela aprobetxatuz. Beraz, lanak aurrera eraman behar dituen enpresak, Otegi Gaztañagak, hain zuzen, hilabete pare bat izango ditu lanak amaitzeko. Horiek 450.933,48€-ko kostua izango dute (BEZ barne).

Proiektu honekin Udalak herritarrei eta bereziki haurrei aisialdirako eremu estali berria eskaini nahi die beren behar eta eskariei erantzunez. Izan ere, pertsonak dira udal jardunaren jomuga nagusia eta hori dela eta udal gobernu taldeak lehentasuna eman dio proiektu honi aukera berriak eskaintzeaz gain, pertsonen behar eta eskariei erantzuten dielako.

Gauzak horrela, obrak amaitzean, herriko haurrek egun euritsuetan non jolastu izango dute eta gainera, jolastokia eskola ordutegitik kanpo ere zabalik egongo da 21:30ak arte, larunbat igande eta jai egunak barne. Estalpeaz gain, ikastetxearen eraikinak eta jolastokia isolatuko direnez,  herriko kultur eta kirol taldeek zein oro har herritarrek eremu estali berria erabili ahal izango dute.

Arloa edo saila