Indarkeria sexistaren aurrean esku-hartze integralerako protokoloak onartu ditu Lezoko Udalbatzak

Or, 2017-07-28 10:05

Indarkeria matxista bizi duten emakumeen arretaren hobekuntzarako protokoloa bata eta Lezoko Udalean jazarpen sexista eta sexualari aurre egiteko protokoloa, bestea.

Atzoko Osoko Bilkuran aho batez onartu zituen Lezoko Udalbatzak indarkeria sexistaren aurrean esku-hartze integralerako Berdintasun Sailak landutako proposamena. Bi protokolo biltzen ditu proposamenak.

Lehenak, indarkeria matxista bizi duten emakumeen arreta hobetzea du helburu, eta horretarako, erakundeen arteko koordinazioa sustatzen du: Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa, Osakidetza eta Berdintasuna. Hain zuzen ere, babes-sistemara edozein tokitik sartuta ere (Gizarte Zerbitzuak, Osakidetza, Ertzaintza…) emakumeak eta euren seme-alabek legeak aurreikusitako zerbitzu guztiak jasotzea eta euren eskubideak bere egiteko aukera izatea bermatu nahi da: larrialdiko ostatua, dirulaguntzak, laguntza psikologikoa…

Bigarrenak, Lezoko Udalean jazarpen sexista eta sexualari aurre egiteko prozedura finkatzen du. Horren helburua, pertsonen aniztasuna errespetatzen duen lan esparrua sortzea da. Berdintasunezko harremanak sustatzen ditu eta sexu jazarpena prebenitzeko eta horrelako egoerei erantzuna emateko mekanismoak ezartzen ditu, esaterako, kaltetuek erreklamazioak bideratzeko prozedura.

Era berean, atzoko Osoko Bilkuran beste zenbait puntu ere onartu ziren: Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko lankidetza hitzarmena sinatzea, udal langileen ordainsariak 2017ko urtarriletik aurrera %1 igotzea eta 2016ko Udal kontu Orokorrak behin betiko onartzea.


 

Arloa edo saila