Herriko gazteek alokairuaren ordainketarako diru-laguntza eskatu dezakete

Herriko 18 eta 30 urte bitarteko gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatu nahi du Udalak. Diru-laguntza urte beterako eskaintzen da eta gehienezko diru-laguntza 250€koa izango da hilabeteko

Lezoko 18 eta 30 urte bitarteko gazteek alokairuaren ordainketarako diru-laguntza jasotzeko eskaera egin dezakete atzotik. Diru-laguntza honek helburu du ohiko bizilekua den etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzea.

Diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak dira eta alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo daude garaje eta komunitate zein administrazioko gastuak, baita kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere.

Jasotako eskaerak erregistroen hurrenkeraren arabera onartuko dira eta diru-laguntza eskuratu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira, horien artean daude:

- 18 eta 30 urte bitarteko adina izatea,

- diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egotea,

- onuradunaren eta errentatzailearen artean ezin izango da inolako familia loturarik izan,

- eskatzaileak ezin du bere jabetzan etxebizitzarik izan,

- diru-iturri erregularra izatea, 28.000€ gehienez eta bizikidetza unitatea bi pertsona edo gehiagok osatzen duten kasuan 39.000€ gehienez.

Diru-laguntzaren zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren arabera ezarritako atal sistema baten oinarritzen da, atal bakoitzari portzentai bat esleituz. Horren arabera, gehienez ere hilero 250€ko diru-laguntza jaso daiteke urtebetez.

Aipatutako baldintzez gain, diru-laguntzaren inguruko informazio guztia, baita eskaera egiteko beharrezko dokumentazioaren ingurukoa ere, Lezoko udal webgunean dago eskuragarri hurrengo estekan: http://www.lezo.eus/sites/default/files/oinarri_erregulatzaileak.pdf 

Arloa edo saila