Udalekuek martxa onean bete dituzte bi aste

Al, 2018-07-16 15:39

Dagoeneko bi aste bete dira udalekuak hasi zirenetik eta haurrek jarduera ugari egin dituzte: sukaldari eguna, eskulanak, irteerak igerilekura… Orokorrean eguraldia lagun bada ere, egun euritsuetan jarduerak Herri Eskolako patio aterpetu berrian egiten ari dira

Uztailaren 2an hasi ziren 2018ko udalekuak eta, beraz, dagoeneko haurrek bi aste daramatzate era guztietako jolas eta jarduerez gozatzen. Horien artean daude; sukaldari eguna, eskulanak, jolas desberdinak eta igerilekura irteerak.

Aurten, Asier González ari da udalekuetako koordinatzaile lanetan eta bere hitzetan, “dena oso ondo doa. Begirale talde ona dugu eta umeak oso gustura daude”. Orain arte, orokorrean, eguraldiak errespetatu du eta horrek jarduerak aurreikusi bezala gauzatzea ahalbidetu du. Baina, egunen bat edo beste izan da eguraldi txarrarekin eta horietarako “eskertzekoa da patio aterpetua edukitzea”. Udalak iaz eraikitako jolastoki estali hori, espazio handia izanik, jarduera ugari egiteko leku aproposa da.

Uztailaren 27ra arte jolasean

Aurtengoan 203 haurrek parte hartzen dute eta uztailaren 27an amaituko dira udalekuak. Aurtengo udalekuen gaia ‘Buruhandi’ desagertu dela da eta haurrek, adinen arabera egokitutako jardueren bitartez, hori aurkitzen saiatu behar dute. Helburua da azken egunean jaialdi bat egitea Herri Eskolan ‘Buruhandi’ aurkitu dutela ospatzeko, baina hori lortzeko beste hainbat jarduera egin beharko dituzte.

Datozen bi asteetan zehar egingo dituzten jardueren artean daude: ginkanak, mendira irteerak, Lezoko herria ezagutzeko ekintzak, truke jolasak, brillet txapelketa… 

Arloa edo saila