Udalekuen inguruko inkesta betetzeko azken eguna gaur da, uztailak 20

Og, 2018-07-19 21:16

Udalekuetan parte hartzen ari diren haurren gurasoek aurtengo udalekuen balorazioa egiteko aukera dute inkestaren bitartez. Blogaren bitartez erantzun daiteke

Aurtengo udalekuak azken txanpan murgiltzera doaz, uztailaren 27an amaituko dira eta, beraz, hurrengoa azken astea izango da. Gauzak horrela, eskaintzen den zerbitzua urtetik urtera hobea izateko helburuarekin udalekuetan parte hartzen ari diren haurren gurasoei inkesta bat betetzeko eskatu zaie eta horretarako azken eguna gaur da, uztailaren 20a, ostirala.

Inkesta blogaren bitartez erantzun daiteke, hurrengo estekaren bitartez: https://hezkide.wixsite.com/udanjostatzera

Uztailaren 2an ekin zitzaien aurtengo udalekuei eta hiru aste hauetan zehar jarduera, jolas eta irteera desberdinak egin dituzte parte hartzen ari diren 203 haurrek; besteak beste: ginkanak, mendira eta igerilekura irteerak, Lezoko herria ezagutzeko ekintzak, truke jolasak eta brillet txapelketa. Aurtengoan, gainera, iazko udazkenean inauguratu zen Herri Eskolako jolastoki estalia erabili da egun euritsuetan ekintzak aurrera eraman ahal izateko.

Hurrengo asteko ostiralean, uztailaren 27an, amaituko dira 2018. urteko udalekuak eta ordurako haurrek ‘Buruhandi’ aurkitzea espero da, izan ere, udalekuen hasieran desagertu egin zen. Beraz, datorren ostiralean pertsonaia honen bilaketa ospatzeko festa ospatzea aurreikusita dago.

Arloa edo saila