Oraindik izena eman daiteke Euskaraldian

Or, 2018-11-16 12:23

Txapak banatzen hasi dira Kultura Aretoan eta Euskaltegian

Azaroaren 23an hasiko da Euskaraldia, eta oraindik ere, Ahobizi eta Belarriprest izateko aukera zabalik dago. Helburua da 11 egunez Ahobizi txapa dutenek lehenengo hitza euskaraz egitea eta ulertzen duenarekin euskaraz jardutea, nahiz eta hartzaileak erdaraz erantzun, eta Belarriprest txapa dutenek, aldiz, euskaraz edo erdaraz egin dezakete baina beti ere euskaraz entzuteko prest agertuko dira.

Euskaraldian parte hartzeko izena eman behar da; euskaraldia.eus web orrialdearen bitartez edo fisikoki ere egin daiteke. Horrela egiteko, lekuak eta ordutegia hauek dira: Euskara Zerbitzuan astelehenetik ostiralera 8:00-14:00 bitartean, AEK euskaltegian astelehenetik ostegunera 16:30-19:00 bitartean eta Kultura Aretoan astearteetan 17:30-19:30 bitartean.

Lezoko Udalak hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten du eta Euskaraldia antolatzen duen Herri Batzordean parte hartzen du. Euskal hiztunen aktibazioa da helburua, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea, alegia. Helburu horrekin antolatu da Euskaraldia, 11 eguneko epean euskarari bultzada emateko eta gure eguneroko erabileran gehiago txertatzeko.

Horrez gain, Euskaraldiaren amaierarekin batera eta Euskararen Egunaren harira, Musika Eskolak egitarau berezia antolatu du abenduaren 3an, arratsaldeko 18:00etan Gurutze Santuaren plazan.

Arloa edo saila