2007 - II. Dantza Jardunaldiak

Dantza Jardunaldiak

Oraindik orain saio ugari egon arren, Euskal Herriko Goi-mailako Dantza Ikastetxerik ez dago. Gaur egun akademia pribatuak, dantza taldeak eta hainbat udaletako dantza tailerrak dira ikasteko gune bakarrak. Goi mailako dantzari ugarik kanpora joan behar izan du (Igor Yebra, Lucía Lakarra...). Bestalde, dantza emanaldiak herrietan ez dira behar adinako maiztasunarekin programatzen eta programatzen direnean, askotan, sarreren salneurria oztopoa bilakatzen da.

Gurean, Lezon aski ezaguna da Murixka Dantza Taldea, baina beste dantza moten aldeko keinua egin nahi dugu. Aurtengotik hasita, dantza mota ezberdinak iragarri eta sustatu nahi genituzke. Euskal folklore tradizionaletik abiatuta, klaketa, dantza garaikidea edota dantza estilo berriak eskurarazi nahiko genituzke. Bestalde, denborak gero eta lausoago bihurtu dituen dantza garaikidearen eta beste diziplina batzuen arteko mugen apurketatik datozen ekarpen berriak ere ezagutu nahi ditugu.

 

Ekaina

15

20:30

Gurutze Santuaren Plaza

Funk Hip-Hop dantza

Smoke Screen Dantza Taldea

"Smoke Screen" Euskal Herriko lehen funk eta hip-hop dantza taldea da. 1997an sortua, Elisabet Baztan eta Sergio Nguema dira taldearen zuzendariak. Dantza ikuskizunak eskaintzeaz gain, emanaldien aurretik tailerrak egiteagatik ere bereizten dira. Kasu honetan ere, emanaldira joan aurretik dantzak frogatu nahi dituztenek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute:

1) Hip hop (helduentzako): Sergio Nguema / 2) Hip-hop (Haurrentzako): Gueresi Alza / 3) Afro-brasildarra: Isabel Plaza Lizama.

 

Ekaina

16

20:30

Gezala Auditoriuma

Afro, Brasileiro, Hip-Hop, Claque

Tip, Tap, Clap

La gala Cla Cla Cla

5 €

Tip Tap elkarteak eskainiko duen emanaldi zoragarrri honetan, dantza, zuzeneko musika eta antzerkia nahasteko asmoa dute. Zuzenean arituko den musika taldea alde batetik eta dantzarik bestetik. Dantzariak: Celine Urzaiz, Ruben Sánchez eta Jep Melendez Bartzelonakoa arituko dira elkarrekin.

Klaketaren historian zehar bidaiatuko dugu, estilo ezberdinak ikusiz: afrikar perkusiotik hasi eta swing, funky edo jazza bezalako estiloetatik iragango gara. Musika eta dantzaren bidez arte eder honen historiaren berri izango dugu.

Edonola ere, emanaldira joan aurretik dantza mota hau frogatu nahi duenak tailerretan parte hartzeko aukera izango du. Ekainaren 15ean eta 16an egingo dira tailerrak eta ondokoak izango dira:

1) Haurrentzako klakea, Larraitz Ugartemendia eta Celine Uraiz. / 2) Helduentzako klakea: Rubén Sánchez / 3) Body percusion: Jep Melendez / 4) Bateria.

Klake / Perkusio ikastaroak ekainaren 15 eta 16an

Ekainak 15, ostirala: 17:30-19:30 Klakea (maila aurreratua, Irak.: Ruben) / 19:00-20:30 BodyPercu (Irak.: Jep) / 20:30-22:00 Klakea (maila aurreratua, Irak.: Ruben)

Ekainak 16, larunbata: 10:00-11:30 Klakea (hasiera maila, Irak.: Ruben) /
10:00-11:30 Klakea (maila ertaina, Irak.: Jep) / 10:00-11:30 haurrak oinarrizkoa (Irak.: Larraitz) / 10:00-11:30 haurrak oinarrizkoa (Irak.: Celine) / 11:30-13:00 Klakea (maila ertaina, Irak.: Ruben) / 11:30-13:00 Klakea (Hasiera maila, Irak.: Jep) / 13:00-14:30 Body Percu (Irak.: Jep) / 13:00-15:00 bateria (erritmikaren hastapen teorikoak)

 

Ekaina

22

20:30

Gezala Auditoriuma

Garaikidea & Jazz & Acoindar

Mixing Dance Realities

Dantza ezberdinen emanaldia

5 €

Isabel Plaza Lizama: Santiago de Txilen sortua 1975ean. Santiagon (Universidad de Artes y Ciencias de la Educación ARCIS) bertan eta Bordelen (Cefedem Aquitaine) dantza ikasten aritua 1996-2002 urte bitartean.

Marcela Estayrekin hasi zen dantzan Txilen 1990ean. Geroago, dantza modernoa eta afro-brasildarra ezagutzen duen Veronica Veras irakaslearekin jarraitu zuen. Txiletik Frantziara etorri zenean beningo Vincent Harisdo dantzariarekin egin zuen topo, afrikar edierazpeneko dantzan sakontzen jarraitu zuelarik. 2002tik eguera arte Gipuzkoan bizi da eta irakasle lanetan dihardu, afrikar dantza eta dantza modernoa erakutsiz.

"Encuentros" izeneko pieza aurkeztuko du, konplizitatez eta umorez betea. Kalean elkarrekin topo egiten duten pertsona talde batek elkarrekin zerbait egiten amaituko dute.

Acroindar: Acroindar taldeko lagunek akrobaziak eta dantza batzen dituzte. Haiek asmatutako nahasketa da; nahasketa erakargarria. Acroindar dute izena, eta akrobaziak eta dantza uztartzen dituzte. Emaitza ikusgarria da. Indarra, abilezia, elastikotasuna, oreka... osagai askoren nahasketa.

Dantza eta balantza ibiltzen dira. Baina balantza orekatua da, grabitatearen legeak zalantzan jartzen dituena. Gai dira gorputz osoa airean izateko, aldamenekoaren hanka edo esku bakar batean bermatuta. Oker-oker eginda, gomazkoak balira bezala, baina era berean estilizatu eta eder. Ezinezkoak diruditen irudiak sortzen dituzte. (Berria, 2007ko otsailak 13)

Jazz Talya, Funky dantza taldea: Jazz Talya taldea Funky dantza taldea da. Aurtengo Victoria Eugenia Antzokiaren promozio bideoa da egin duten azken lan aipagarriena. Bideoaz gain, aipatu antzokiaren irekiera ekitaldian parte hartu zuten. Profesionaltasunaren ibilbidea gogoz jorratu dute eta Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean Eskolen 5. erakusketan aritu izanaz aparte, "Así baila Vitoria-Gasteiz"en 6. edizioan izan dira edota Donostiako Dantza Profesionalaren Elkarteak antolatutako Dantza Sarietako hainbat edizioetan ere eskaini dute euren abilezia.

 

Ekaina

29

22:30

Bekoerrota Kiroldegia

Oinkari Dantza Taldea

Aspaldikotik

5 €

Proiektu berri honetan Edu Muruamendiaraz dantza zuzendaria eta Xanet Arozena musika zuzendariaz gain, elementu berriak gehitu dizkiogu: Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Beraetxe. Igerabide idazle adunarra emanaldiaren gidoia prestatzeaz arduratu da. OINKARIk espresuki hala eskatuta, emanaldiko dantza guztiak hari batekin lotuko dituen sorginei buruzko amodio ipuin bat idatzi du. Ipuin honetako hitzei Iñaki Beraetxe euskal aktore ezagunak jarriko die ahotsa.

Emanaldi berri honetan dantza tradizionalek beren pisua izango duten arren, koreografia berriek ere izango dute presentzia. Ez da zuzeneko doinurik ere faltako, guztira 8 musikari arituko baitira lanean. Argi eta soinu efektuek emango diote sorgin ipuin honek eskatzen duen misteriozko efektua.

Emanaldi hau ikusteko lehen aukera Billabonan izango da ekainaren 16an eta Lezon izango dugu bigarren emanaldia ikusteko aukera.

Ekaina

30

22:30

Bekoerrota Kiroldegia

Euskal Dantzak

Murixka Dantza Taldea

Kurtso amaierako emanaldia

5 €

 

Murixka Dantza Taldea Lezoko Euskal dadantza taldea dugu. Aurtengoa urte berezia izaten ari da, duela 50 urte sortutako Lezoko Dantza Taldearen jarraitzaileak baitira. Horren ondorio dira aurten egiten ari diren hainbat ekitaldi: erakusketak, emanaldi bereziak... Halere, oraingoan errotua duten kurtso amaierako aktuazioarekin datozkigu.

Aurten, beste batzuen artean ondokoak dira ikusi eta dastatzeko izango ditugun dantza batzuk:

  • Itxaropena zortzikoa
  • Ezpatadantza Amaia
  • Kaxarranaka
  • Lezoko Herria
  • Batelerak