2008 - III. Dantza Jardunaldiak

Ekaina

7

Egun osoan

Goiko Plazan

Aritz Sound System Hip Hoparen eguna & Break Dance

11:00-14:00 Tailerrak

  • 1- Graffitia
  • 2- Scratch eta DJ tailerra
  • 3- Break dance tailerra

15:00-17:00
Rap eta reggae musikarekin saioak

19:00-20:00
Break dantzarien erakustaldia

Ekainaren 7an, Hip-Hopa hobeto ezagutzeko beste aukera bat izango da Lezon. Goizean break-dantza, grafitti eta scratch tailerrak izango ditugu eta arratsaldean berriz, erakustaldiak eta abeslari gazteen saioa. Ikus egitaraua eta Hip-Hop egunean parte hartu nahiko bazenu, ez galdu aukera, jarri harremanetan: ixa74@hotmail.com

I. HIP-HOP EGUNA. Lezo
ABESLARI GAZTEEN, SCRATCH, GRAFITTI ETA BREAK DANTZARIEN EGUNA

Topikoak apurtzen

Hip-Hop hitza, normalean, rap musikarekin erlazionatzen da soilik, gainontzeko elementuak kontutan hartu gabe. Aurrez azaldu dugun bezala, Rap musika Hip-Hop mugimenduaren osagai garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Hip-Hopaz ari garenean, askori, begirada zatarreko beltz gihartsua datorkie burura; beisbol txapela buruan eta urre koloreko kateak lepoan dituela, "mother fucker" (puta semea) eta horrelakoak garrasika ari dena. Gaur egun, komunikabideetan, rap abeslari "makarra"ren irudia saldu nahi digute. Auzo txiroan bizi arren buruan soilik kotxe dotoreak, igerilekudun jauregiak, era guztietako drogak eta bular handiko neskak dituena. Zakilaren eta pistolaren tamaina dira kezkatzen dituen gauza bakarra eta, bere "kolegak" kenduta, etsaiez inguratuta bizi da.

Hori ote da soilik Hip-Hopa? Noski ezetz. Horrelakoak egonda ere Hip-Hopa hori baino askoz gehiago da. Hip-Hop mugimendua AEBtako auzo txiroetan jaio zen eta auzo txiro horietako egoera larria islatzen du (miseria, drogak, bortizkeria, e.a.) baino horrek ez du esan nahi giro hori kantuen bidez azaltzen duten rap abeslari guztiak horrelakoak direnik. Ezta gutxiago ere. Askorentzat Hip-Hopa izan da (eta da) sentitzen dutena espresatzeko modu bakarra; bizi duten egoera gordina salatu eta egoera horri irtenbidea bilatzeko saiakera. Aldaketarako eta iraultzarako tresna.

Hip-Hop eguna

Topikoekin apurtu eta Hip-Hop mugimendua bere osotasunean erakusteko saiakera da Hip-Hop eguna. Horretarako teoria eta praktika uztartzen ditugu. Teoria, Hip-Hoparen sorrera eta garapenarekin eta praktika, Hip-Hop mugimenduaren osagai desberdinak praktikan jarriaz; hau da, break dantza, grafitti eta scratcharen teknikak erakusten dituzten tailerren bidez. Doakoak eta irekiak parte hartu nahi duen guztiarentzat. Tailerrekin batera erakustaldiak ere antolatzen ditugu, osagai bakoitzean adituak direnekin. Rap musikari dagokionez, mikrofono irekiaren bidez, rap musika egiten eta abesten hasi diren gazteei, baldintza tekniko duinetan (mikrofono, bafle, monitore, e.a) jende aurrean aritzeko aukera ematen zaie.

Sarrera

Euskal Herrian geroz eta gehiago dira Hip-Hop kulturagatik erakarrita sentitzen diren gazteak. Hip-Hopa 80. hamarkadan AEB-etako auzo txiroetan sortutako mugimendua da, espresiobidea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da Hip-Hopa, eta horretarako, idei eta sentimendu horiek adierazteko, baliabide desberdinak erabiltzen ditu:

  • Rap musikak, doinu eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta).
  • Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Gorputza, lurrarekin harreman estuan eta musikaren laguntzaz, mugimendu ikusgarrien bidez, espresio tresna bilakatzen da.
  • Grafitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknikaz baliatuz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute.

Ekitaldia

Lekua: Goiko Plaza (Lezo). Eguraldi txarra egingo balu Bekoerrota kiroldegiko frontoian
Data: 2008ko ekainaren 07a, larunbata.
Eguna bitan banatuko genuke:

A- Ikasi

Goizean zehar. Hip-Hop mugimendua ezagutzeko tailerrak.

Tarte horretan hainbat tailer egongo lirateke jendearen eskura.

1- GRAFFITIA. Jendeak graffitiaren teknikak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera izan dezan. 10 panel egongo dira guztira eta horietako batzuk aurrez banatuta egongo dira, besteak momentuan gerturatzen den jendearen esku egongo dira (edo aurrez abisatuta: ixa74@hotmail.com edo 675 703 276).

2- SCRATCH ETA DJ TAILERRA. Musika ipintzeko, nahasteko eta scratch-ak egiteko teknikak erakutsi. Selektah Kolektiboko DZ-ren eskutik (egun Fermin Muguruzaren eta Esne Beltza taldeeko partaide da).

3- BREAK DANCE TAILERRA. Gorputzaren espresioa musika eta dantzaren bidez lantzeko teknika. Monitore lanetan: Intxaurbreak taldeko Marta.

B- Gozatu

15:00-17:00
Rap eta reggae musikarekin saioak.

17:00-19:00
Abeslarien tartea

Asko dira Euskal Herrian rap musikaren bidetik abesten hasi diren gazteak. Gutxi dira ordea, jendearen aurrean eta baldintza egokietan, beraiek konposatutako kantuak aurkezteko dituzten aukerak. Jaialdi honetan gustura aritzeko aukera eman nahi diegu. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako abeslariak izango ditugu eta euskarari tarte berezia eman nahi diogu. Zoritxarrez gutxi dira oraindik euskara hutsez abesten duten rap abeslariak baina geroz eta gehiago dira, kanta gehienak erdaraz eduki arren, kantuak euskaraz egitera animatzen direnak.

19:00-20:00
Break dantzarien erakustaldia

Aritz Sound System-en musikarekin break dantza erakustaldia.

OHARRA: Egitarau hau behin behinekoa da eta ordutegian edota edukietan aldaketak eman daitezke.

 

Ekaina

20

20:00

Gezala Auditoriuma

Ramón Díaz Group

Jazz kontzertua

5 €

Bateria: Ramón Díaz
Pianoa eta Fender Rhodes: José Alberto Medina
Saxoak tenor eta sopranoa: Jeppe Rasmussen
Tronpeta eta flugelhorn: Idafé Pérez
Bajo elektriko eta kontrabajoa: Luismo Valladares

www.myspace.com/ramondiazgroup

 

Ekaina

21

20:00

Bekoerrota kiroldegia

Oinkari Dantza Taldearen gaztetxoen emanaldia.

"Iraganaren geroa" ikuskizun berriaren aurkezpena

5 €

Oinkari dantza eskolako aurrekin egiten ari den lana ikusi ahal izateko emanaldia prestatu dugu. Kasu honetan ere, ez da dantza bakarrik izango, izan ere, zuzeneko musika egongo da, eta argiak era egokian antolatutako eszenografia eta jantziei dagokienez emanaldi atsegina osatu dutela esan behar dugu. Honakoan 12-14 urte bitarteko 57 gaztetxok parte hartuko dute ordu eta laurdeneko iraupena duen Iraganaren geroa emanaldian. Emanaldia azken bi urteetan gogo biziz prestatu duten "" ikuskizun berriaren estrenaldia, Loatzo musika eskolako musikarien laguntzarekin. Ez galdu beste dantza eskolako emanaldia ikusteko aukera.

Fitxa teknikoa:

Dantzariak: Oinkari dantza taldeko gaztetxoak
Musikariak: Loatzo musika eskola
Dantza zuzendaria: Edu Muruamendiaraz
Musika zuzendariak: Iñaki Zalakain eta Aran Mugika
Soinu teknikaria: Unai Moraza
Argi teknikaria: Iker Ugalde

 

Ekaina

27

20:00

Gezala Auditoriuma

Acroindar & Jazz Talia

Akrobazia & Jazz

5 €

Joan den urtean dantza eta akrobazia nahastu duen emanaldi honek izan zuen arrakasta ikusirik eta hainbat jende kalean gelditu zela jakinda, errepikatzea erabaki dugu.

Talde honek maiz grabitatearen legeak zalantzan jartzen ditu. Gai dira gorputz osoa airean izateko, aldamenekoaren hanka edo esku bakar batean bermatuta. Oker-oker eginda, gomazkoak balira bezala, baina era berean estilizatu eta eder. Ezinezkoak diruditen irudiak sortzen dituzte.

Ezagutzen dutenentzat, ezer esan beharrik ez. Ezagutzen ez dutenentzat... Izan ere, dantza talde honek baleta eta dantza garaikidearen doiak erabiliz estilo berri bati ekin dio. Koreografia ederrak, dantzari apartak eta dantza eta akrobazia lantzen duen espektakulu paregabea. Aurten, horretaz gain, koreografia batean, Bamboo izeneko dantzan, Samu Crew taldearen laguntza izango dute (break dance estiloa).

Bestalde, Jazz Thaliaren dantzak ere gurekin izango dira. Talde honek Jazz eta Funky dantzaren koreografi ederrak aurkeztuko dizkigu. Hau da, emanaldi batean hiru dantza estilo, hiru dantza talde espektakulo handi bat sortzeko. Aurtengoan ez galdu aukera.