2008 - Folk Kontzertuak

Kontzertua: Alasdair Fraser & Natalie Haas. "In the moment" diskoaren aurkezpena
Eguna: Urriak 30, osteguna
Lekua: Gezala Auditoriuma (Lezo)
Ordua: 21:00
Sarrera: 10 €


Alasdair Fraser Clackmannan-en (Eskozia) jaio zen. Bere familiak bultzatuta, 8 urte zituela biolina jotzen hasi zen eta 1973an National Mod biolin saria irabazi zuen. Edinburgoko Unibertsitatean Fisikan Lizentziatu zen eta 1985 arte petrofisiko gisa lan egin zuen, dena utzi eta musikari bakarrik helduko ziola erabaki zuen arte. Alasdairrek onarpen internazionala lortu du, eskoziar herri-musikako biolin-jole modura, baita artista diskografiko eta irakasle gisa ere. Alasdair ospetsua da bere adierazgarritasuna, izaera atsegina eta eskoziar musikaren ezaguera sakonagatik, eta eskaera ugari ditu solista modura zein talde ezberdinekin jotzeko. Jean Redpath abeslariarekin eta Tony McManus gitarra-jolearekin lan egin du, baita Los Angeleseko Master Chorale, Waterboys edo Chieftains talde desberdinekin ere, edo solista gisa New Yorkeko Lincoln Centerren Itzhak Perlman biolin-jole klasikoarekin. Eskoziaren ordezkari izan da internazionalki Britainiar Kontseiluak babestutako saioetan. Artista diskografiko gisa, Alasdair Fraserrek arrakasta handia izan duten disko ugari eta bideo bat plazaratu ditu, Culburnie Records bere zigiluarekin. Bere konposizioak eta interpretazioak zeltiar eta "new age" bildumetan ere aurki daitezke (Celtic twilight, Celticlullabies, Narada Wilderness collection, Celtic Odissey eta The Road North). Dawn Dance diskoa 1996 kaleratu zuen eta urteko zeltiar album onenaren sari independentea jaso zuen. Titanic, Azken Mohikanoa, Wyatt Earp eta The Spitfire Grill bezalako filmetako soinu-bandetan entzun liteke. Era berean, Erresuma Batuko ehun irrati eta telebista programetan baino gehiagotan parte hartu du eta, Estatu Batuetako zenbait programatan ere bai. Richmondeko (Virginia) Ballet and Shiftworks Dance Ensemble-an ere bere konposizioak erabili dira. Skyedance seikotearen baitan bizitako garai garrantzitsuan, Eric Rigler gaita irlandar eta eskoziar jotzailea, Chris Norman egurrezko txirula-jolea, Peter Maund perkusio-jolea eta erdi aroko eta errenazimentuko musikan aditua eta Michael McLinden baxu-jolearekin aritu zen. Ondoren Alasdair Fraserrek proiektu berri bati ekin zion, betiko adiskide Paul Machlis konposatzaile eta piano-jolearekin.

2004. urtean, berriz, Alasdairek Natalie Haasekin batera sortutako bikoteak lan berri eta bitixia aurkeztu zigun, "Fire and Grace" izenekoa. Aldi berean "Legacy of the Scottish Fiddle" egitasmoko bi disko ere egin zituzten elkarrekin. Arrakasta itzelekoak izan ziren.

2007tik, Alasdairrek Natalie Haasekin jarraitzen du zuzeneko emanaldiak eskaintzen, "In the moment", elkarrekin kaleratu berri duten lan berri eta atsegingarria, aurkezten.

Elkarrekin, jotzeko era tradizionala eta biolinak eta txeloak elkarrekin sortutako doinu berriak uztartzea lortu dute, oso proposamen berritzaile eta bitxia sortuz. "Txeloa eskoziar herri-musikaren bihotz erritimikoa izan da beti" dio Fraserrek, "eta Natalie Haas lankide perfektua da: osatu egiten dugu elkar, bata bestearen instrumentuaren esparruan murgiltzen gara, elkarrekin musika sentitzen dugu eta hunkitzen gara. Txeloa orkestraren baitan izan ohi duen loturarengandik askatu nahi izan dugu, haren erritmoa biolinaren melodiarekin batera adierazgarri azaltzeko aske izan dadin".

Jakina, emaitzak sekulako arrakasta lortu du mundu osoko emanaldi eta jaialdi ezberdinetan: eskoziar herri-musika bizirik, energiaz beteta, inoiz ez bezala.