Ezagutu

Hirigintza–plan orokorraren aurrerapen dokumentua

Hirigintza–plan orokorraren aurrerapen dokumentua, egun herriak dituen egiturazko arazoei irtenbidea topatzeko helburuz udala lantzen ari den proposamena da. Egunerokoan lezoarron bizi-kalitatea baldintzatzen duten hainbat faktore daude. Batetik, herria zatitzen duten eta trafiko handia darabilten bi errepide nagusi ditugularik, Gaintxurizketa Bidea eta Jaizkibel Hiribidea, herritarroi ia ezinezko zaigu libreki eta lasai mugitzea. Halaber, trafikoa da herriko kutsadura-iturri nagusietako bat.

Bestetik, ezkuta ezina da Portuko jarduerek herrian duten eragina, bai trafikoari dagokionean eta bai kutsadurari dagokionean. Azpimarratu behar da ordea, portua bera ez dela arazo, portuko zenbait jarduera eta hauen kontrol-eza baizik.

Ezin aipatu gabe utzi udalaz gaindiko erakundeek herrirako dituzten proiektuak: Kanpo-kaia eta honi loturiko garraiorako logistika-plataformak zein AHTrako loturak, N-1ren saihesbide berria, e.a. Finean, herria gehiago zatitzea, inguruko herriekiko komunikazioa zailtzea eta trafikoa areagotzea ekarriko luketen proiektuak, herriaren etorkizuneko garapena guztiz baldintzatuz. Azkenik, landa-eremuak babesik ez izateak, horrelako asmoei bidea errazten die.