2010 Bertsogintza

Lezoko 12-16 urte bitarteko gazteentzako bertso-eskola sortuko da 2010ean.

Mañontzi Bertso Eskola, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta Lezoko Udalaren artean hitzarmena sinatu berri dute. Atzo, asteazken goizean, erakunde bakoitzeko ordezkariak bildu ziren Lezoko Udalean beren sinadura paperean jartzeko.

Hitzarmenaren baitan ondoko helburuak landu asmo dituzte hiru erakundeek: bertsolaritza sustatzea, ahozkotasuna lantzea, hizkuntza kalitatea zaintzea, komunikazio eta jende aurrean hitz egiteko trebetasunak lantzeko gaitasuna garatzea, hizkuntza eta erabilera erreferentziak sortzea eta, azkenik, aisialdi eta kultura eremuan proposamen berriak eskaintzea.

Hori guztia, gainera, balore jakin batzuen gainean oinarrituz egin nahi da. Lezoko Udalaren helburuetako bat giza jarduera herrikoiak eta anitzak bultzatzea den heinean, hau herriko elkarteen bidez bideratzeari garrantzia ematen dio. Lezon sortu eta herrian erroturik dauden jarduerak indartu nahi dira hiru erakundeen arteko elkarlanaren bidez.

Aipatutako guztiaz gain, kidetasuna eta elkarlana areagotu nahi dira. Hala nola, sormen gaitasunaren garrantzia azpimarratu edo euskal kultur erreferentzia eta identitate zeinuak garatu nahi dira.

Gipuzkoako Bertsolazale Elkartea, Mañontzi Bertso Eskola eta Lezoko Unibertsitateko Udalaren arteko hitzarmen sinaketa

Hitzarmenetik ondorioztatuko jardueren artean bertso eskolen garapena da azpimarratzekoa. Orain arte helduentzako bertso eskola martxan zuen Mañontzik, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin laguntzarekin. Era berean, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Oarsoaldeko ikastetxeetan "Ahozkotasuna eta bertsolaritza" lantzen dihardu azken urteotan, udalarekin batera. Hitzarmen honen bidez, hiru erakunde sustatzaileen artean elkarlana bateratu eta areagotzea lortuko da.

12-16 urtekoentzako bertso eskola eskaintza berria

12-16 urte bitarteko Lezoko gazteentzat bertso-eskola berri baten eskaintza urtarriletik aurrera izango da. Aipatu bertso-eskolak udal eraikinen batean izango dira, astean behin. Eskaintza bi ordutegira zabalduko da: eguerdian, gaztetxoek duten eskola ordu tartea aprobetxatuz; edo arratsaldean. Interesa lukeen edonork, bai bere ikastetxean, bai Lezoko Udaleko Euskara Kultura Departamentuan ditu izena emateko aukerak.

Oroitz Azurmendi (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea), Iñigo Esnaola (Kulturako Zinegotzia), Haritz Salaberria (Lezoko Alkatea), Jon Etxebeste (Mañontzi Bertso Eskolako kidea).