Jaizkibel-Ulia babes eremuari buruzko parte-hartze prozesuaren itxiera egingo da

Og, 2010-11-04 10:30

Datorren asteazkenean, azaroaren 10en, arratsaldeko 19:00tan izango da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak antolatutako ekitaldia. Ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusten da.

Jende guztiari irekita bada ere, batez ere Ulia-Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremuko kudeaketa plana egiteko parte hartze prozesuan parte hartu zutenei zuzendu dago saio hau. Bilera honetan, prozesuan talde, erakunde eta partikularrek egindako ekarpen guztien berri emango da eta hauek kudeaketarako neurrien txostenean nola barneratu diren azalduko da. Aldi berean, azken txostena idaztean barneratu ez diren ekarpenak zergatik ez diren kontuan hartu ere argituko da.Parte hartze tailerra

Azalpen guzti hauek emateko, partehartze prozesua antolatu duen enpresako teknikariez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko teknikaria eta kudeaketa plana idatzi duen taldearen ordezkaria egongo dira bertan.

Bileraren amaieran, dokumentuaren erakusketa publikoaren prozedura eta alegazio epeari buruzko informazioa emango da.

Parte hartze prozesu honi hasiera eman zitzaion pasa den martxoaren 30ean, Gezalan egin zen ekitaldian. Bertara 47 pertsona gerturatu ziren eta horietatik 20 inguruk parte hartu zuten ekainean Lezoko Kultur Aretoan antolatutako bi lan tailerretan.

Lezoko Udalak, Jaizkibel babes eremuko 140 ha-ko lursailaren jabe izanda, parte hartze aktiboa izan du prozesuan. Bileretan parte hartzeaz gain ekarpenak egin ditu dokumentura, funtsean, basoen kudeaketa bertako landaretza berreskuratzeari zuzenduta egotea eskatu du eta baita Jaizkibelen kudeaketari buruzko 2008ko uztailak 17an hartutako Udal Akordioa kontuan izatea ere.

Jaizkibel eta Ulia Europako Natura 2000 Sarean egoteagatik hauek kudeatzeko planak landu eta onartu behar dira, eta lan honen eskumena Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailak du kasu honetan. Dokumentu honek Ulia eta Jaizkibel Babes Bereziko Eremuak izendatzera eraman duten balioak ziurtatu eta iraunarazteko helburu eta neurriak martxan jarriko ditu.

Dokumentu teknikoa idazteaz gain, hilabete hauetan Eusko Jaurlaritzak garatutako parte hartze prozesuan bertan finkatzen diren helburu eta neurriak jende eta talde interesatuekin partekatzea izan du helburu. Prozesu honekin inplikatutako guztiei dokumentuan proposatutako ekintza lerroak helaraztea lortu nahi da, eta alderantziz, inplikatutako horien iritzi eta iradokizunak jasotzea, behin betiko dokumentuan bildu daitezen.

Arloa edo saila