Lezoko herri eskolako ikasleen gabon apaingarriak udaletxean

Al, 2010-12-27 12:39

Lezoko Herri Eskolako ikasleek hamaika artelan egin dituzte urte amaiera honetan: ehunzango erraldoia, txorimaloak, eguberritako izarrak,…

Hauek guztiak gainera, ikasturte honetako Eskolako Agenda 21 hezkuntza programarekin bat eginez muntatu dituzte. Izan ere, 2010/2011 ikasturtean Lezoko Herri Eskolak eta Lezo Institutuak hondakinen gaia lantzen ari dira.

Gaia kontuan izanik, hondakin gisa amaituko zuenari bigarren bizitza bat emanez, berrerabilpenaren adibide interesgarriak ikusi dituzte eskolara hurbildu direnek. 3. mailako ikasleek esaterako gabonetako apaingarriak egin dituzte plastikozko botilak erabiliz. Botilak koloretako paperez bete ondoren, elkarren artean josi dituzte, zortzi puntako izarrak osatuz.

Zortzi puntako izarraLezoko udalak, herri eskolako ikasleek egindako lana zabaldu nahi izan du, aipatutako izar horietako batzuek udaletxeko balkoian eta Olentzeroren inguruan zintzilikatu dituelarik. Ikasleek egindako arte lan horiekin udaletxea apaintzeaz gainera, herritarrak hondakinen sortze prebentzioan hausnartzea espero da.

Halere, gabonak pasako dira eta, datorren urtean ere, Lezoko ikasleek eta Udalak, hondakinen gaia lantzen jarraituko dute, murrizketa, berrerabilpena eta birziklapenaren filosofia eskolan eta herrian zehar zabalduz, Lezo iraunkorrago bat lortzeko.

Arloa edo saila