"Marinazkane eta Zirikuak" ipuin berriaren aurkezpena otsailaren 27an

Ar, 2017-02-21 15:34

Trapujaleren 30. urteurrena nabarmentzeko helburuarekin sortu den ipuin ilustratuak inauterietako pertsonaiarik maltzurrenaren eta haren zazpi zirikuen misterioak argituko ditu. Trapujale emanaldiaren ondotik kiroldegian bertan aurkeztuko da eta jarriko da salgai bost eurotan ipuin berria (erosten dutenei pailazoen posterra oparituko zaie). Era berean, argazki lehiaketa antolatu da eta irabazleei ipuin berria banatuko zaie.

Aurtengo inauteriak bereziak izango dira Lezoko inauterietako protagonista nagusiak, Trapujalek, 30. urteurrena ospatzen duelako.

Lezoko Udalaren helburuetako bat udalerrian erroturik dauden jarduerak indartzea izanik, herriaren garapenaren eta identitatearen mesedetan, bertako inauterietako pertsonaia nagusiaren urteurrena ospatzeko eta nabarmentzeko ekimen ezberdinak antolatu dira: batetik, Marinazkane sorginaren istorioari buruzko ipuin ilustratua sortu eta liburuaren aurkezpena egingo da otsailaren 27an eta bestetik, Trapujale pertsonaiari lotutako argazki lehiaketa gauzatuko da otsailaren 23tik martxoaren 3ra bitartean. 

“Marinazkane eta Zirikuak” ipuina:

1990. urtean Trapujale pertsonaiari buruzko komikia sortu zuten egile berdinek, Mikel Susperregi eta Lander Zurutuzak, sortu dute orain “Marinazkane eta Zirikuak” ipuina. Honek 32 orrialde ditu eta egileek azken lan honekin inauteriaren zikloa itxitzat ematen dute.

Ipuin berriak Trapujaleren inauterietako pertsonaiarik maltzurrenaren eta haren zazpi Zirikuen istorioa kontatzen du. Zein zen haien bizimodua elkar ezagutu aurretik? Nola iritsi ziren guztiak Jaizkibel mendira? Ipuin honek misterio guztiak argituko ditu.
Ipuin berria aurkezteko eta Trapujaleren 30. urteurrena ospatu eta nabarmentzeko ekitaldi berezia antolatu da. Otsailaren 27an, beraz, 18:30ean  “Trapujale” emanaldia eskainiko dute Korri, Xalto eta Brinko pailazoek eta ondoren, ipuin berria aurkeztu eta salgai jarriko da 5 eurotan. Liburua erosten dutenek pailazoen kartela jasoko dute opari. Emanaldia doakoa izango da, egunean bertan jarriko da ipuina salgai eta ondoren, udaletxean bertan eskuratu ahal izango da.
Udalak bere gain hartu du ipuina sortzeko kostu osoa eta Xalto eta Brinko animazio elkarteak izan du ipuin ilustratua sortzeko ardura, Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenean jaso modura.

Trapujaleri lotutako argazki lehiaketa:

Trapujale pertsonaia omentzeko argazki lehiaketa antolatu du Udalak APParen bitartez. Parte hartzeko, Trapujalerekin lotura duten argazkiak atera eta igo beharko dira APPra otsailaren 23tik martxoaren 3ra bitartean. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 argazki igo ahal izango ditu.

Ondoren, herritarrek 6 argazki irabazle aukeratuko dituzte. Horretarako, martxoaren 3tik 8ra bitartean APPan argazkirik gustukoena bozkatu beharko da. Argazki irabazleak eta horien egileen izen-abizenak martxoko Udal aldizkarian argitaratuko dira eta sari gisa aurten aurkeztuko den “Marinazkane eta Zirikuak” ipuin berria banatuko zaie.

Arloa edo saila