Inauterietako egitaraua
Ostegunzuri egunarekin hasiko dira inauteriak Lezon. Arratsaldeko 16:00etan Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria emango dio. 19:30etan berriz, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.
Ondoren, 20:00ak aldera, Lezoko “Trapujale” oroigarri bereziaren banaketa egingo da. Aurten Korri, Xalto eta Brinko omenduko dira Gurutze Santuaren plazan.
Ostiralori: gaztetxoak protagonista
Goizeko 9:30ean hasiko da herri osoa zeharkatuko duen Kalejira. Ondoren, Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek “Haur zinema” emanaldia eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.
11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, Euskal-Inauteri dantzen emanaldia egingo da eta hamaiketakoarekin eta Trapu Jolasekin emango zaio festari amaiera.
Arratsaldean, berriz, 17:00etan Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira egingo dute Murixkaren lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte. 19:30ean, Lezoko Euskal Dantzazaleek “Luzaideko Inauteria” desfilea egingo dute. 20:00etan kartelada eta amaitzeko afari herrikoia egingo da kiroldegiko frontoian (txartelak 20eurotan salgai)
Larunbatgorri eta Igandubel
Kalejirak izango dira asteburuko protagonistak. Larunbatgorri egunean, larunbatean, kalejira egingo da Lopene plazatik abiatuta arratsaldeko 16:00etan eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin. (Eguraldi txarra egingo balu, kalejira Saldise Plazatik abiatuko da eta txokolatada kiroldegiko frontoian egingo da).
Igandubelen, berriz, Murixka Dantza taldeak kalejira egingo du 12:00etan, dantza taldearen lokaletik abiatuta Karlos Saldise plazara. Iluntzean, 20:00etan zehazki, “Putinen guardasola” antzerki emanaldia eskainiko du Xentimorik gabe antzerki taldeak Gezala Auditoriumean.
Astelehenarre eta asteartebeltz
Astelehenarre eguna emanaldi berezi batekin dator Trapujaleren 30. urteurrena ospatzeko. Lehenik eta behin, 17:00etan mozorroen festa egingo da Karlos Saldise plazan eta bertan, hiru mozorro onenak sarituko dira. Ondoren, 18:30ean, Trapujaleren 20. urteurrena ospatzeko sortu zen “Trapujale” emanaldia eskainiko da eta ondoren, “Marinazkane eta Zirikuak” ipuin berria aurkeztuko da, esan bezala, inauterietako protagonista den Trapujaleren 30.urteurrena ospatzeko.
Ohiturari jarraiki, Lezoko Inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan eta txokolatada ere egingo da. 19:30etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie.