Datozen hilabeteetako agenda kulturala

Ar, 2017-04-04 12:39

Apiriletik ekainera bitarteko agenda kulturala 14 jarduera ezberdinekin osatu da, horien artean aipagarrienak datozen hilabeteetan eskainiko diren antzezlanak: “Atte hil aurretik”, “Ondoko hilobiko tipoa”, “Sarean kateatuak” eta Orratx antzerki taldearen antzezlanak

Udalak ezagutzera eman du datozen hilabeteetako agenda kulturala. Udaberri kulturalaren egitarauak apirila, maiatza eta ekaina hartzen ditu eta guztira, 14 kultur jarduera desberdinez gozatu ahal izango dute herritarrek. Kasu honetan ere, kultur egitaraua modu bateratuan aurkeztu da, Kultur Sailetik, Liburutegitik eta Musika Eskolatik antolatutako ekintzak egitarau berean kokatuz.

Oraingoan, antzerki emanaldiak izango dira protagonista: apirilaren 30ean, “Atte hil aurretik” antzerki emanaldia eskainiko du Beheko Larraine antzerki taldeak, maiatzaren 14ean Txalo Antzerki Taldeak “Ondoko hilobiko tipoa” antzeztuko du, maiatzaren 21ean Nomofobikoak antzerki taldearen “Sarean kateatuak” antzerki obraz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta, 27 eta 28 egunetan, Orratx antzerki taldeak antzezlan desberdinak eskainiko ditu.

Hala ere, bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera ere egongo da datozen hiru hilabete hauetan:

Apirila

Hilaren 26an, Anjel Lertxundi idazlearen “Zu” liburuari buruzko literatur solasaldia ospatuko da liburutegian eta saioak Ane Mayoz izango du dinamizatzaile. Apirilaren 28an “Zirkun Zirko” haur emanaldia izango da Bidai bizitzen taldearen eskutik. Hurrengo egunean, hilaren 29an, Soinu Zahar Txapelketa egingo du Murixka dantza taldeak.

Maiatza

Maiatzak 7, igandea, Oskarbi taldearen 50. urteurrena ospatzeko kontzertua egongo da. Hilaren 23an, berriz, gaztelerazko literatur solasaldia ospatuko da. Saio honetan solaskideek Lucia Berdilen “Manual para mujeres de la limpieza” izango dute hizpide eta saioa Javier Minak dinamizatuko du. Bestalde, Hodei Magoak “Ilusioaren Indarra” emanaldia eskainiko du txikienentzat.

Ekaina

Agenda kulturaleko azken hilabetea Mendekoste jaiekin hasiko da hilaren 2an eta herriko jaiak hilaren 4a arte luzatuko dira. Ekainaren 7tik 16ra bitartean, Musika Eskolak kurtso amaierako kontzertuak emango ditu. Era berean, hilaren 16an, Murixka dantza taldearen kurtso amaierako ekitaldiaz gozatzeko aukera egongo da kiroldegian. San Juan bezperako suekin eta dantzekin amaituko da udaberriko agenda kulturala, ekainaren 23an.

Arloa edo saila