Errekan agertutako edukiontzi marroia kentzeko agindua eman du Udalak

Ar, 2017-06-27 17:31

Udal arduradunek, berriz ere, horrelako jarrera eta ekintzak gaitzetsi dituzte eta errespetua eskatu dute

 

Azken egunotan herrian izandako gertakarien haritik, udal arduradunek, berriz ere, horrelako jarrera eta ekintzak, pintaketak edota edukiontziak errekara botatzea, aldarrikapen modura erabiltzeak gaitzetsi dituzte. Izan ere, atzo arratsaldean edukiontzi marroi bat azaldu zen errekan eta gaur eguerdian errekatik kentzeko agindua eman du Udalak. Ildo horretatik, beste behin, errespetua eskatu diete egileei; errespetua, hain zuzen, gainerako herritarrekiko, ingurumenarekiko eta espazio publiko eta hiri altzariekiko.
 
Udaletik berretsi dute horrelako jokabideek ez dutela lekurik egungo gizartean lezoarren bizikidetza eta elkarbizitza oztopatzen eta zailtzen dituztelako. Herritarrek ez dituzte zertan jasan horrelako egoerak egunero. “Aurrera egiteko eta aurrera begiratzeko garaia da. Lezoko herriak eta lezoarrek elkarbizitzaren aldeko urratsak eman nahi dituzte, garai bateko liskarrak eta egoerak atzean utzita, eta Udaletik bide horri helduko diogu,  errespetuaren eta elkarbizitzaren alde lanean jarraituz”, azpimarratu dute. 
 
Arloa edo saila