Mugikortasunaren eta Kirolaren asteak Lezon irailaren 20tik 28ra

Ar, 2017-09-19 10:44

Mugikortasunaren eta Kirolaren Europako asteekin bat egingo du aurten lehen aldiz Lezok eta aste horien ospakizunaren harira, hainbat ekimen antolatu ditu Udalak: nordic walking, mendi buelta, esgrima, jumpfit… Ekintza guztiek dute helburu herritarren artean mugikortasun jasangarria, ohitura osasuntsuak eta bizitza aktiboagoa sustatzea.

Lezok, lehen aldiz, bat egingo du Europako Mugikortasunaren eta Europako Kirolaren asteen ospakizunekin. Gauzak horrela, herritarrei mugikortasun jasangarriaren aldeko aukerak aurkezteko eta bizi kalitateari eta osasunari lotuta, herritarren artean ohitura osasuntsuagoak eta bizitza aktiboagoa sustatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu Udalak. Horiek irailaren 20 eta 28 bitartean gauzatuko dira.

Hasteko, irailaren 20an, arratsaldeko 18:30ean Nordic Walking irteera egingo da, Bekoerrota kiroldegi ataritik abiatuta. Nordic Walking-a gorputz osoari eragiten dion kirol praktika da, atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra. Bi makilen laguntzaz ibiltzean datza eta giharren indarra, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen ditu. Kirol hau praktikatzeko beharrezko materiala bertan izango da.

Ostegunean, irailaren 21ean, Tipi-topa egitasmoaren ikasturte berriari hasiera emango zaio, betiko legez, 10:45ean edo 11:00etan Gurutze Santuaren plazatik abiatuta.

Larunbaterako (irailak 23) mendi buelta gidatua antolatu da Xoxolur Mendi Taldearen laguntzarekin. Mugikortasunaren eta kirolaren asteen ospakizuna aprobetxatuz eta Lezoko ibilbideak ezagutzera emateko helburuarekin, Lezoko ibilbideetan zehar mendi buelta lasaia egingo da. Ordu eta erdiko iraupena izango du, goizeko 10:00etan Bekoerrota kiroldegiko ataritik abiatuta, eta bidean, Xoxolur eremuaren garbiketa egingo da.

Irailaren 26an eta 27an, Nordic walking irteerak egingo dira 9:30ean Bekoerrota kiroldegitik abiatuta. Irailaren 26ean, arratsaldeko 19:00etan, Total Training saioa ere egingo da Saldise Plazan. Saioa 16 urtetik gorakoentzat da. Hurrengo egunean, irailaren 27an, asteazkena, Esgrima egiteko aukera egongo da Saldise Plazan arratsaldeko 17:30ean eta amaitzeko, ostegunean, hilaren 28an, arratsaldeko 18:00etan Jumpfit saioa eskainiko da. Saio irekia izango da baina 16 urtetik gorako pertsonek lehentasuna izango dute.

Jarduera guztiak doakoak dira eta beharrezko materiala bertan egongo da. Herritarrek soilik arropa erosoa, gozatzeko gogoa eta irribarrea eraman beharko dituzte.

 

Arloa edo saila