Azken ukituak Gezalako aldagelak amaitzeko

Az, 2017-10-18 14:03

Bertako zein kanpoko taldeei lanerako eremu egokiagoa eskaintzeko helburuarekin sortu du espazio berria Udalak; aurrerantzean, eszenatokira igo aurretik, materialak uzteko, aldatzeko eta deskantsatzeko espazio egokia izango dute beraz taldeek

Herriko kultur taldeei babesa ematea eta udalerrian kultur jarduera sustatzea udal gobernuaren lan ardatz nagusietakoa izanik, herritarrei aukera ezberdinak eta berriak eskaintzeko helburuarekin jorratu zuen proiektu hau Udalak.

Material faltagatik lanak atzeratu baziren ere, azken ukituak besterik ez dira falta Gezalako aldagelak amaitzeko. Komunak egokitu eta atondu dira dagoeneko eta laster aldageletako armairuak eta eserlekuak jarriko dira.

Proiektu honen bitartez, bertan antzezten eta lanean aritzen diren taldeen beharrei erantzun nahi izan zaie, lanerako eremu egokiagoa eskainiz. Izan ere, orain arte Gezalan ez da gauzak uzteko eta aldatzeko eremurik izan, aldagela berriei esker, taldeen lan baldintzak hobetuko dira, eszenatokira igo aurretik lasai egoteko eta kontzentratzeko eremua izango dutelako.

Jakina da, Gezalako aldagelen proiektua ez dela kulturaren aldeko apustuaren baitan kokatu behar dugun proiektu bakarra, izan ere, udan, Udalak, kultur ekipamenduetarako lokala eskuratu zuen. Orain lokala eraberritzeko proiektua lantzen ari dira, eta horretarako, udal ordezkariak bertara lekualdatuko diren taldeekin bildu dira, proiektua taldeen beharrak kontutan hartuta egiteko. Beraz, elkarlanean garatutako kultur lokalaren eraberritze proiektua amaitzean hasiko dituzte lanak Kale Nagusian kokatua dagoen lokalean. 

Arloa edo saila