Irisgarritasuna hobetzea, gobernuaren aurrekontu proiektuaren helburu nagusia

Ar, 2017-11-14 10:42

Inbertsio nagusiak herriko kaleak berritzera bideratuko dira kaleak irisgarriagoak egiteko helburuarekin, enplegua, kultur jarduera eta zahartze aktiboa sustatzeko diru lerroak mantenduko dira; baita herritarren ongizate eta gizarte beharrei erantzutera zuzendutakoak ere

Udal gobernu taldeak 2018rako aurrekontu proposamena aurkeztu du. Aipatu aurrekontu proiektuan, kaleen berritzea, herritarren irisgarritasuna hobetzeko, helburu duten inbertsioak dira nagusi.

“Udal baliabideak modu jasangarri eta eraginkorrean kudeatzea da gure egiteko nagusia eta hori dela eta, herritarren egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetzea helburu duten proiektu eta egitasmoak lehenetsi ditugu”  adierazi du Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak.

Guztira, 8.400.000€ aurrekontua izango du datorren urtean Lezok eta alkateak berretsi du aurkeztutako aurrekontu proiektuak diru sarreren eta gastuen arteko oreka mantentzen duela. Era berean, gaineratu du hondakin bilketarako sistema aldaketari esker Lezok 200.000€ inguru aurreztuko dituela datorren urtean hondakinei lotutako gastuei dagokienean (bilketa, kudeaketa eta tratamendua). Aurreztutako diru kantitate horren zati bat kale garbiketa zerbitzua hobetzera bideratuko da. Beraz, joan den urtean baino diru gehiago inbertituko da zerbitzu honetan eta horri esker, Lezok kale garbiketarako langile gehiago izan ditu eta zerbitzu hobea eta kalitate gehiagokoa jasoko du trukean. Aurreko urteko diru kantitateekin alderatuta, diru lerro bien batura eginda - hondakinak + kale garbiketa- 39.000 euroko aurrezki garbia izango du Udalak, eta aurreztutako diru hori gobernuak beste zenbait egitasmo eta proiektuetara bideratuko du.

Pertsonak udal gobernuaren jomuga nagusi izaten jarraitzen dute, eta beraz, landutako aurrekontu proiektuak lezoarren behar eta eskariei erantzuten die aurten ere. Gauzak horrela, enplegua sustatzea eta herritarren gizarte beharrei erantzutea lehentasunezkoa izaten jarraitzen du gobernuarentzat. Baita,  kultur jarduera babestu eta bultzatzea eta zahartze aktiboa sustatzea ere.

Hori dela eta, gizarte programa, zerbitzu eta laguntzei lotutako diru lerroa mantenduko da, beharrezkoa balitz handitzeko konpromisoarekin. Jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko Garapen Agentziarekin elkarlanean garatzen diren proiektu eta egitasmoak ere mantenduko dira.

Halaber, jarraipena izango dute zahartze aktiboa sustatzea helburu duten ekintzek, hala nola Tipi Topak eta kirol orientazio zerbitzuak. Adineko pertsonek kirola praktika dezaten makinak ere jarriko dira kalean eta Aiton Bordan inbertsio txikiak egingo dira. Altamira eta landa auzoetako herritarrei eskainitako garraio zerbitzua ere mantenduko da, zeinak helburu duen adineko pertsonei edota mugikortasun arazoak dituztenei oinarrizko zerbitzuak gerturatzea.

Udal gobernuak kulturaren eta kultur jardueren aldeko apustua egiten jarraitzen duenez, kultur sailari, herriko jaiei eta liburutegiari lotutako aurrekontu lerroak handitu ditu. Era berean, Kale Nagusian kokatuko den kultur ekipamenduetarako lokal berria egokitzeko aurrekontu lerroa ere jaso du.

Inbertsioen atalean, gobernua taldeak oinezko bideen eta herriko kale eta espaloien egokitzapen lanak egitea eta zebra-bideak altueran jartzea lehenetsi du pertsonen irisgarritasun eta segurtasuna hobetzeko. Besteak beste, Elias Salaberria kalea eraberrituko da. Beste zenbait proiektu ere aurreikusi ditu, hala nola, udal eraikin nagusienetan sarraila elektronikoak jartzeko proiektua; Musika Eskolako fatxada hobetzeko egitasmoa edota Jaizkibel hiribidean radarra ezartzekoa. Azken honen helburua da bertatik igarotzen diren autoen abiadura murriztea lortzea.

Amaitzeko, mantenu lanek ere jarraipena izango dute, saneamendu eta ur sarea hobetzen jarraituko da, kale argiztapena hobetzen jarraitu da energia kontsumoa murrizteko eta errekaren garbiketa lanak, lorategietako lanak eta sasitza kentzeko lanak ere mantenduko dira.

 

Arloa edo saila