2018KO URTARRILAK 25

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko urtarrilaren 25ean, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bilerara etorri Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea) eta Ainhoa Zabalo Loiarte (EHBILDU udal taldea) zinegotziak.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Baita ere bertan da, alkateak horrela eskatuta, udaleko Kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2017ko azaroaren 30ean ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2017ID200008).

Mikel Arrutik 11.1 gaian zuzenketa bat egitea eskatu du, esan zuelako igogailuaren kasuan proiektuaren fakturak txosten teknikorik gabe ordaindu direla. Akta zuzentzea eskatu du. Zuzendu ondoren lerroaldia horrela geratu da:

“Igogailuaren kasuan Mikel Arrutik galdetu du ea proiekturik badagoen eta balego ea udal teknikarien txostena duen eta zergatik ordaindu den faktura txosten teknikorik gabe. Miguel Angel Sanchezek dio datorren urterako egitasmoa dela.”

Zuzenketa horrekin akta onartu egin da.

2. Udaleko hiru zinegotzien dedikazio partzialak eta erretribuzioak onartzeko. diktamena (2018PE100001).

Udal osoko bilkurak 2017/09/28an egindako bilkuran, udal honetako zinegotzi diren Maria Noemi Arberas Osesen (EAJ-PNV) %70 dedikazio partziala eta erretribuzioa onartu zituen, eta baita Jose Angel Sanchez Gallardoren (PSE-EE) %30eko dedikazio partziala eta erretribuzioa.

Ildo honetatik Bilduko udal taldetik, bere zinegotzia den Mikel Arruti Salaberriaren dedikazio partziala onartzeko eskaera egin da.

Horiek horrela, eta aipatu hiru udal zinegotzien dedikazioak eta erretribuzioak finkatzeko asmoz,Batzorde Informatibo Orokorrak 2018-01-18an egindako bileran, diktaminatu ondoren, Udalaren Osoko Bilkurak aldeko bost botoekin (alkatea eta EAJ PNV udal taldeko beste zinegotzienak) eta sei abstentziokin (EHBILDU udal taldeko bost eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bat) ERABAKI DU:

BAT: Indarrik gabe uztea 2018/01/31ko datarekin, Udal osoko bilkurak 2017/09/28an Maria Noemi Arberas Oses eta Jose Angel Sanchez Gallardori onartutako dedikazio partzialak eta erretribuzioak.

BI: Maria Noemi Arberas Oses, Gizarte Zerbitzutako zinegotzi delegatuari jornadaren %80ko dedikazio partziala onartzea, eta dedikazio horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina ere, 28.249,51€. Akordio hau 2018/02/01ean sartuko da indarrean.

HIRU: Jose Angel Sánchez Gallardo, Ingurugiroko zinegotzi delegatuari jornadaren %50ko dedikazio partziala onartzea, eta dedikazio horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina ere, 17.655,94€. Akordio hau 2018/02/01ean sartuko da indarrean.

LAU: Udal zinegotzia den Mikel Arruti Salaberriari jornadaren %50eko dedikazio partziala onartzea, eta dedikazio horrengatik urtean jasoko duen ordainketa gordina ere, 17.655,94€. Akordio hau 2018/02/01ean sartuko da indarrean.

Mikel Arrutik dio EHBilduk proposamena egin zuela Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 legean oinarritua, non oposizioari zinegotzi bat liberatzeko aukera ematen dion. Dio liberazio hau aprobetxatuko dela Lezon EHBilduk hemendik udal hauteskundeetara bitarte egingo duen hausnarketa prozesua bultzatzeko.

Ainhoa Intxaurrandietak dio ez dela nahiko %50eko dedikazioa oposiziokoentzat eta kopuru horren zergatia galdetu dio alkateari, kritikatuz joan den irailean korporazioak gobernuko beste bi zinegotzientzat onartutako dedikazioak orain handitzea inongo azalpenik gabe.

Alkateak dio gobernu taldeko zinegotzi baten dedikazio handitu egiten dela %50 arte oposiziokoaren dedikazioaren parekoa izateko.

3. 2018. Urteko udal langileen lanpostuen zerrendan aldaketa bat egiteko diktamena(2018PE290001).

Udalbatzak, 2017ko azaroaren 30ean egindako osoko bilkuran, 2018. urteko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa onartu zituen.

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako departamentutik Ingurumen Teknikariaren lan postua lanaldiaren %50eko dedikaziotik %60ra igotzeko eskaria egin da, lan postu horrek duen lan karga argudiatuz.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2018-01-18an egindako bileran diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

ERABAKI PROPOSAMENA

BAT: Hasierako onarpena ematea 2018. urteko Lan Postuen Zerrendaren aldaketari, Ingurugiro Teknikariaren lan postuari lanaldiaren %60ko dedikazioa ezarriz.

BI: Espedientea jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

HIRU: Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketa behin betiko onartutzat hartuko da eta argitaratzeko agindua emango da, bestelako erabakirik hartu beharrik gabe.

Mikel Arrutik dio batzorde informatiboan alde bozkatu bazuen ere, han eman ziren arrazoiak zuzenak ez direlako, diktamenarekin ez daudela ados dio eta %70eko dedikazioa proposatuko dutela dio. Batzordean esan omen zen beharren balorazioa egina zegoela, langilearekin adostutako dedikazio igoera zela hau, aurrez aholkularitza zerbitzuak zuen dedikazioa berdinduz. Mikel Arrutik iritziz ez dago beharren azterketarik eta dedikazio aldaketa ez da langilearekin adostu eta aurreko aholkularitza zerbitzuaren ordu kopuruak berdintzeko lanpostuaren dedikazioa %70era igo behar dela.

Alkateak dio proposamenak langilearen eta departamentu buruaren adostasuna dutela.

Lehenik EHBILDUk diktaminari aldatzeko egindako proposamena bozkatu da, hau da, lanpostuaren dedikazioa %70era igotzea. Alde bost boto izan dira (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) eta aurka sei boto (alkate, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bakarrak). Beraz, ez da onartu diktamena aldatzeko proposamena eta, ondoren, diktamena bozkatu da.

Diktamena onartu egin da aldeko sei botorekin (alkatea,EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bakarrak) eta bost abstentziorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak).

4. Bake Epailea titularra eta ordezkoa izendatzeko prozedura hasteko diktamena (2018PE090001).

Udal Osoko Bilkurak 2016ko irailaren 29n egindako bilkuran E.A.O. izendatu zuen Lezoko bake epaile titular lanetarako eta M.L.T. ordezko gisa.

M.L.T.k 2017ko urtarrilaren 10n aurkeztutako idatzian, bateraezintasuna zela eta, uko egin zion Lezoko bake epaile ordezkoaren izendapenari.

Udal Osoko Bilkurak berriz, 2017ko urtarrilaren 26n N.P.M. izendatu zuen ordezko bake epailea.

Orain arte Bake titularra zen E.A.O.k, 2017ko abenduaren 1n aurkeztutako idatzian, administrazioan egiten duen lanarekin bake epaile izatea bateragarria ez zela eta, uko egin zion Lezoko bake epaile izateari. Errenuntzia onartua izan zen.

Era berean ordezko bake epaile den N.P.M.ek uko egin dio bere izendapenari, dena den bere errenuntzia ez da onartua izan izendapen berriak egin bitarte.

Horiek horrela, EAEko Auzitegi Nagusitik udal honi eskatu zaio Bake Epaile titular eta ordezkoa izendatzeko prozedura berri bat hastea, Botere Judizialeko Lege Organikoko 101. artikuluak eta hurrengoek, eta ekainaren 7ko 3/1995 Bake-Epaileei buruzko Araudiak xedatutakoari arabera.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2018-01-18an egindako bileran diktaminatu ondoren udalaren Osoko Bilkurak, aldeko sei botoekin ((alkatea,EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko bakarrak) eta bost abstentziorekin (EHBILDU udal taldeko zinegotzienak) ERABAKI DU:

BAT: Lezoko Udaleko Bake Epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko prozedurari hasera ematea.

BI: Hautagaiek bete behar dituzten baldintza nagusienak zehaztea:

· Adinez nagusia izatea eta 2017ko urtarrilaren 1etik Lezon erroldatua egotea.

· Eskola graduatua edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.

· EGA edo baliokidea den tituluaren jabe izatea.

· Botere Judizialeko Lege Organikoak ezarritako ezgaitasun eta bateraezintasun kasuetan barne ez egotea.

HIRU: Bando bat zabaltzea deialdi honen berri emanez eta deialdiaren iragarkia G.A.O.an argitaratzea.

5. Udal artxiboko dokumentazioa ezabatzeko diktamena (2018ID100001).

Honela dio Batzorde Informatibo Orokorrak onartutako diktamenak:

“Udal artxiboan gordetako serie dokumental jakin batzuen ezabapen proposamena aurkezten da, beren behin betiko kontserbaziorako “memoria historikoko” baldintzak ez dituztelako betetzen DOBAUBA-k gauzatutako azterketen arabera.

DOBAUBA (Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea) Eusko Jaurlaritzako erakunde bat da, dokumentazioaren balorea eta bere kontserbaziorako epealdiak ezartzeko balorazio azterketak gauzatzeko ardura duena.

Ezabatu dezakegun serie dokumentalen erlazioa ondorengoa da:

162.- Bide publikoan unean uneko okupazioa egiteko baimena (mahai eta aulkiekin okupatzea).1991-2012 urteak, 5 kaxa.

066.- Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunaren espedientea. 1995-2011 urteak, 8 kaxa.

156.- Bide publikoan kalteak egiteagatiko ordainketa eskaera. 1995-2011 urteak, kaxa 1.

- San Markos Mankomunitateko bileren aktak eta kontabilitatea (dokumentazio informatzailea) 1993-1997, 6 kaxa

- Añaberko Mankomunitatearen dokumentazio informatzailea: bilerak, ur-analisiak 1996-2012, 21 kaxa

- Gizarte Zerbitzuko laguntzen espedienteak (bulegoan artxibora eraman gabekoak eta aurreko urtean espurgatzeko onartutakoak) 1995-2005 urteak, 13 kaxa

Ezabatzeko 54 kaxa izango dira.

Guzti horregatik, alkateak proposatuta Batzorde Informatibo Orokorrak ahobatez onartu du osoko bilkurari proposatzea udal artxiboko aipatu dokumentazio ezabatzea onartu dezala.

Bozketa egin eta diktamena ahobatez onartu da.

6. Udal kontuhartzailearen txostenen berri ematea: 2017ko ekitaldiko ordainketa epearen informazioa: 4. hiruilekoa.

Udal kontuhartzaileak, 2017 ekitaldiko 4. hiruhilekoaren ordainketa epearentxostenaren berri eman dio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin urtarrilaren 18ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala.

7. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

7.1.- Miguel Angel Sanchezek Hirigintza, Obra eta Ingurumen zinegotziak bi obren inguruko informazioa eman du:

7.1.1.- Pasai Donibane aldera doan bidegorriaren lehen faseko obrak bukatu direla. Goiko parkea egokitzeko obrak ere bertan sartu direla. Orain Aldundiak 2. eta 3. faseak burutu zain daudela dio.

7.1.2.- Renfeko geltokian irisgarritasuna hobetzeko ADIFek obrak egingo dituela dio, trenbide azpiko pasabidea eginez eta igogailuak jarriz. Obrak otsailean hasiko direla dio.

8. Galde-eskeak.

8.1.- Mikel Arrutik galdetu du udaleko Hirigintza departamentuko langile batek beste udal batera joateko egindako eskaeraz.

Miguel Angel Sanchezek dio departamentuko administrariak udaleko langileen lan hitzarmena baliatuz urtebeteko eszedentziarako eskaera egin duela. Egian dela lehen ere administrari lanpostu hori ongi baloratu ez zegoelako haren soldata maila igotzeko eskaera egina zuela eta orain udalak horren inguruko azterketa bat aginduko diola enpresa bati.

Mikel Arrutik dio ez dela lehenengo kasua departamentu horretan eta kasu gehiago ere badaudela. Dio lehen ondo funtzionatzen zuela departamentu horrek, giro ona zegoela eta orain kaltetzen ari dela giro hori.

8.2.- Mikel Arrutik Guillermo Lazon kaleko zortzi lagunek auzokonposta egiteko konpostadoren kokapenen inguruan galdetu du, teknikari eta zinegotziarekin adostutako kokapenean konpostadora jartzea ez duelako baimendu alkateak.

Alkateak dio bera ez dagoela auzokonpostaren aurka, beste kokapen bat erabaki behar dela, berak herritarren batzuen kexak entzun ondoren ez duelako onartzen herri eskola inguruan konpostadorarik jartzea.

8.3.- Mikel Arrutik galdetu du web gunean Aralar kaleko kioskoa botako denaren inguruko albisteari buruz galdetu du.

Alkateak dio kioskoa ustiatzeko kontzesioa igande honetan bukatzen dela, ezin dela luzatu eta kioskoa dagoen egoeran egondo, oso zaharra baita, seguruena hura bertatik kentzea dela egokiena. Albistearen ondoren norbait agertuko balitz kiosko jarduerarekin interesatua udala aukera berria lantzeko prest dagoela dio albisteak..

8.4.- Angel Portugalek Zerbitzu-FCC Uteak zabor bilketa eta kale garbiketagatik udalean aurkezten dituen fakturak ikusi nahi ditu. Kontuhartzaileak dio idatziz egin behar duela eskaera zertarakoa azalduz.

8.5.- Angel Portugalek galdetu dio Miguel Angel Sanchezi zertan den kale garbiketa zerbitzua esleitzeko lehiaketa. Miguel Angel Sanchezek dio azken Tokiko Gobernu Batzarrean sailkatu zirela eskaintzak eta lehen sailkatuari dokumentazioak eta bermeak aurkezteko epea eman zaiola. Haiek aurkeztu ondoren zerbitzua esleitu eta kontratu sinatuko dela.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 21:25ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243688tik 1243693ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna