85 auto klasiko igaroko dira larunbatean Lezotik

Og, 2018-05-24 09:59

San Sebastian Circuit Spirit rallya Kale Nagusitik igaroko da larunbat eguerdian. Auto guzti horien artean, besteak beste, Porsche, Ferrari eta Maseratiak ikusi ahal izango dira

Larunbatean, maiatzaren 26an, San Sebastian Circuit Spirit rallya ospatuko da. Proba honek gogora ekarri nahi dutu Donostiako Automobil zirkuituan, Lasarteko Zirkuitua bezala ere ezaguna zenean, XX. Mendeko 20. eta 30. hamarkadetan antolatzen ziren lasterketak. Aurtengoa, rallyaren bigarren edizioa izango da, baina Lezoko kaleetatik igaroko den lehen aldia izango da.

Atzo Donostian aurkeztu zen lasterketa Gipuzkoako hiriburutik abiatuko da eta bertatik Lezora joango da. Karabanak Lezo Kale Nagusitik gurutzatuko du, Gurutze Santuaren plazatik igarota. Behin Lezotik irtetean, lasterketako ibilbidea jarraituz, pilotuak Gipuzkoako ipar ekialdean barrena murgilduko dira eta zatiren batean Nafarroako errepideetatik ere ibiliko dira.

Karabana, goizeko 10:30ean irtengo da Donostiatik eta 85 auto klasikok osatuko dute. Horietako asko Frantziatik etorriko dira, 36 hain zuzen, eta ikusi ahal izango diren autoen artean egongo dira Porsche, Ferrari, Maserati edota Citroen, BMW, Audi edo Renault etxeetako auto klasikoak.

Lezoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu larunbatean Kale Nagusira eta Gurutze Santuaren plazara gerturatzera historia handia duen lasterketa honetaz goza dezaten.

Arloa edo saila