Lezo Institutuan igogailua eraikitzeko baimena eman du Udalak

Og, 2018-07-19 14:14

Herriko irisgarritasuna hobetze aldera, Udalak hainbat hobekuntza egin ditu eta oraingoan Institutuko irisgarritasuna hobetuko da. Eusko Jaurlaritza arduratuko da igogailua eraikitzeaz eta ikasturte hasierarako obrak amaituta egotea aurreikusi da

Lezoko Udalak herriko irisgarritasuna hobetzeko lanak gauzatu ditu azken urteetan eta, ildo beretik, Lezo Institutuko irisgarritasuna hobetuko duen igogailuaren eraikuntza onartu zuen joan den astean.

Igogailua Institutu barruan eraikiko da, horrela, ikastetxea herritarren beharretara egokituko da bertako irisgarritasuna modu esanguratsuan hobetuz. Eraikitze lanak Eusko Jaurlaritzak egingo baditu ere, Udalak baimena ematea ezinbestekoa izan da eta, irisgarritasuna hobetuko duten lanak izango direnez, ez da inongo zalantzarik izan baimena ematerako orduan.

Lezo irisgarriago baten alde lanean

Igogailu honen eraikuntzak Lezo Institutuko irisgarritasuna hobetuko du, eta ildo beretik lanean, Udalak azken urteetan herriko irisgarritasuna hobetzeko lan desberdinak gauzatu ditu, hala nola; Jaizkibel Hiribidean eta Saldise plazan barandak jarri dira, Altamirako auzora iristeko oinezkoentzako pasabideak eraiki dira, kaleak asfaltatu eta zuloguneak bete dira eta espaloietan eta eremu labainkorretan produktu ez labainkorrak ezarri dira.

Gainera, Institutukoa ez da herrian eraikiko den igogailu bakarra izango, izan ere, kiroldegia eta Altamira auzoa lotuko dituen igogailua ere hurrengo hilabeteetan eraikitzea aurreikusita dago, hau bai, Udalaren kontura.  

Arloa edo saila