Historia

Lezoren inguruko lehen idatzizko erreferentzia, Pablo Gorosabel historialariaren arabera, Hondarribia herria fundatu zenekoa da, 1203an. Hondarribiako termino pribilegioen dokumentuan herriko mugak aipatzen dira eta deskribapen hori honela amaitzen da:

Item dono vobis Guillelmum de Lazon et socios suos, ut sint vestri vicini.

Horrek esan nahi du Hondarribia herria Guillermo de Lazon delako bati eta bere sozioei eman zitzaiela horiek hor bizitzeko. Dokumentu horretan Lezo aipatzen ez denez, eta Lezo aspalditik Hondarribiaren menpe egon denez, interpretatzen da Lezo Hondarribiaren barruan zegoela Hondarribiaren fundaziotik (1203). Serapio Mugika kronistaren arabera, tradizioak dio Lazon Lezoaundia oinetxearen jabe zela eta horrek eman ziola izena herriari.

Lezo hitzaren esanahia ez da ezaguna. Askotan euskarazko leize hitzarekin lotu izan da. Hala ere, biztanle gaskoiek inguru honetara ekarritako abizena ere izan daitekela esaten da.

Antzin Aroa

Aintzinan Lezok kokagune estrategikoa izan zuen badian. Horrek bidea ematen du pentsatzeko erromatarrek portu bat eduki zutela gaur egun parroki-eliza dagoen muinoaren babesean.

Bertako biztanleek artzaintza transhumantean aritzen ziren, eta urtaroaren arabera, Jaizkibelgo larreetatik barnealdeko mendietara aldatzen zuten ganadua.

Erdi Aroa

Lezon finkatu zen populazio-gune baten lehen aztarnak X. mendekoak dira, Oiartzun ibaiko bailara Nafarroako erregeen menpe zegoenekoa, alegia.

Oro har, historiako momentu hura segurtasun faltak markatu zuen, baita Lezon ere, garai hartan ugariak baitziren pirata normandiarren arpilatzeak.

XIII. mendean, Gaztelako Erresumak Gipuzkoa hartu ondoren, Lezo Konpostelarako Santiago-Bidearen itsasaldeko atseden-leku bilakatu zen. Era berean, lezoarrak itsasoarekin interesatzen hasi ziren.

Aro Modernoa

XVI. mendean eta XVII.aren zati batetan, itsasoari lotutako jarduerak asko garatu ziren, nekazaritza ez bezala. Horretan eragin handia izan zuen Pasaiako portuaren garrantzia estrategikoak eta merkatzien karga eta deskargari esker, bertakoek eduki zituzten itsas-pribilegioek.

Alabaina, XVII. mendeko krisiaren ondorioz, ekonomia nekazaritzara itzultzen joan zen poliki-poliki. Hala, XVIII. mendearen bukaeran bajurako arrantza zen Lezoko ekonomian pisua zeukan itsas-lanbide bakarra. Laborantza, aitzitik, asko hazi zen. Batetik, teknika berriak erabiltzen hasi zirelako, eta bestetik, kanpotik ekarritako laboreak sartu zirelako, esate baterako, artoa eta patata.

Herria

Lezoko kaxkoa hiru gune hauek osatzen zuten garai hartan: Gurutze Santuaren plazan batzen ziren Kale Nagusiak eta San Joan kaleak, parrokia-elizatik hurbileko zenbait etxek (Jauregia eta Lezoandia etxea, adibidez), eta Bizkaia auzoak. Etxeetan ugariak ziren baratzak, tolareak eta behiak. Alabaina, lezoarren ogibideak, gehienbat, bajurako arrantza, balearen eta makailuaren arrantza, Andaluziarekin eta Amerikarekin egiten zen merkataritza, itsaslapurreta, Erret-armadak eta ontzigintza ziren. Aipatzekoa da, 1641 eta 1750 bitartean parrokiako zenduen liburuan erregistratutako populazioaren %18 baino gehiago, itsasoan edo Euskal Herritik kanpo hil zela.

Nekazal-eremuan baserria izan zen produkzioaren oinarrizko gunea. Hauek ziren jarduera nagusiak: gari, arto eta barazkien laborantza, sagardogintza, eta behi, ardi eta zerrien hazkuntza.

Era berean, Lezok Pasaiako portuan duen kokaguneak bi ontziraleku eta ontziola batzuk edukitzea ahalbidetu zuen. Ontziraleku nagusiak, Lezoko kaiakoak, sarbide ugari zituen Kale Nagusitik eta San Juan kaletik. Arrantza-ontzi txiki eta sakonera txiki eta ertaineko txalupentzako babesleku izan zen. Beste ointziralekua, Portua izenekoa, Bekoerrotako badian zegoen eta hor itxoiten zieten ontzizainek Herrerara edo badiako beste edozein puntura zihoazen bidaiariei.

Lezoko Erret-ontziolak, Port de la Borda izenez ere ezagunak zirenak, XVIII. mendetik aurrera Bordalaborda izena hartu zuten. Bizkaia auzoko Port de la Borda badian zeuden. Hor Lezoko arotz eta itsas-arotz ugari aritu zen lanean. Ontziola horiek espainiar inperioko garrantzitsuenetakoak izan ziren. 1597an hasi ziren ontziolaren eraikitze-lanak Antonio de Urquiola generala superintendentea zela eta, Onofre de Isasti gaztea hornidura arduraduna. Ontziolen alboan sokagintza lantegi handi bat eta Maria Magdalenari eskainitako ermita bat zeuden.

Kontzejua

Lezo (Lezo Unibertsitatea izenarekin) 1203tik XIX. mendearen lehen herenera arte Hondarribiaren jurisdikziopean egon zen. XIX. mendean lortu zuen herri izaera bere udal eta guzti. Lehenago bitan saiatu zen banatzen, 1615ean Gaztelako Kontseiluaren aurrean eta 1754an.

Aro Garaikidea

XVIII. mende amaieratik 1876 arte, Lezok, probintzia osoak bezalaxe, gerrate eta eskasia aro luzea bizitu zuen. XIX. mendea bukatu baino lehenago, ordea, industrializazioa eta modernizazioa hasi ziren. XX. mendean zehar industria garapenak hazkunde demografiko handia eragin zuen herrian.

Industrializazioa

Independentziako gudaren ondotik baxurako arrantzak Lezoko ekonomian berebiziko garrantzia izaten jarraitu zuen, nahiz eta 1816an eta 1817an bi txalupa hondoratu eta 16 arrantzale hil ziren. Gerora, industriak eragin izugarria izan zuen eta baxurako arrantza desagerrarazi zuen. Beranduago, nekazaritzaren nagusitasunarekin ere bukatu zuen.

Lezoren industria-garapenaren hasiera XIX. mendean izan zen. Hala, 1857an Errenteriako "Sociedad de Tejidos de Lino"ren menpeko zortzi ehundegi bakarrik baldin bazeuden (bakoitzak lagun bati ematen zion lan), mende bukaerarako lantegi ugari zabaldu ziren. 1901ean hiru ziren: "La casión" teila eta adreilu fabrika (34 langile),  "Sociedad Anónima Española de Productos Tárticos" (30 langile), eta "Ustekabekoa" tapiz ta ehun fabrika, sei langilerekin. Gainera, lezoar askok Errenteriako lantegietan topatu zuen lana.

1923 baino lehenago lantegi berriak zabaldu ziren. Esate baterako, "Unión Alcoholera Española" legami fabrika, "Unión Comercial Pakers" gaileta fabrika, "Guittet y Cía.” berniz eta sekante fabrika, “Fabrica Española de Papeles Químicos, S.L." eta "Castellanos y cía." upel fabrika.

1950az geroztik, Francoren diktadura garaian, industrializazioa asko azkartu zen, eta probintzia eta estatu mailako inmigrazio uhin handia eragin zuen. Ondorioz, herria asko hazi zen. Etxe, karrika eta auzo berri ugari sortu zen, eta baserri asko desagertu ziren.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Udal tramiteak

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer