Herriko lehen igogailuaren eraikuntza martxa onean doa

Eraikuntza lanak aurreikusi bezala doaz eta, beraz, igogailua abenduan martxan egotea espero da

Joan den abuztuaren erdialdera abiarazi ziren herriko lehen igogailua eraikitzeko lanak eta gaur, lanak hasi zirenetik ia bi hilabete beteta, Jesus Mari Martiarena alkateak obrak bisitatu ditu.

Lezoko Udalaren lehentasunetako bat herriko irisgarritasuna hobetzea da eta kiroldegitik Altamirako auzora doan igogailuaren eraikuntza urrats handia izango da auzoa herrigunera gerturatzeko ahaleginean. Era horretan, Lezon bizi diren herritarren bizi kalitatea, mugikortasuna eta ongizatea hobetzea lortu nahi da.

Eraikuntza lanak martxa onean doaz. Beraz, ezbeharrik gertatzen ez bada, aurreikuspenekin beteko da eta igogailua abenduan egongo da erabilgarri.

Irisgarritasuna hobetzea helburu

Igogailuaren eraikuntzaz gain, azken urteetan, Udalak hainbat lan gauzatu ditu herriko irisgarritasuna hobetzeko. Horien artean, besteak beste; Altamirako auzora iristeko oinezkoentzako pasabideak eraiki dira, kaleak asfaltatu eta zuloguneak bete dira, hainbat zonatan (Ijurko, Polentzarrene, Gorbea, Guillermo Lazon…) kaleko argiteria hobetu da eta espaloietan eta eremu labainkorretan produktu ez labainkorrak ezarri dira.

Gainera, etorkizunera begira, Irisgarritasun Plana osatzen duen Irisgarritasun Plan Bertikalean igogailu gehiagoren eraikuntza aurreikusten da. 

Arloa edo saila