Aurkeztua izan da 2019ko Inauterietako egitaraua

Al, 2019-02-18 12:49

Lezoko Udalak herritarrak koloreetako banderak leihoetan eta balkoietan eskegitzera animatu nahi ditu

Inauterietako egitaraua otsailaren 22an hasiko dira banatzen

Lezoko Udalak aurkeztu du 2019ko Inauterien egitaraua Jesus Maria Martiarena alkatea eta Xanti Val kultura teknikariaren eskutik. Urtero bezala, Jai Batzordearekin elkarlanean antolaturiko egitaraua adin guztienentzako ekintzaz beterik dator.

Egun gutxi geratzen dira, beraz, Trapujalek aurtengo inauteriei hasiera emateko. Hilaren 28an, ostegunean, egingo diote ongietorria lezoarrek. Lehenik eta behin, Herri Eskolan, arratsaldeko 16:00etan eta ondoren, herriko plazan, 19:30ean, Trapujale Martizkone baserritik jaisten denean. Ez da baina, bakarrik iritsiko, alboan izango baititu musika eskolako taldeak eta Alde Zaharreko joaldunak giroa alaitzeko.

Aurten Lezo apaintzeko deialdia egin nahi izan da, izan ere, Inauterietako koloreekin leihoak eta balkoiak apaintzeko lezoarrak animatu nahi ditu udalak. Horretarako, banderolak banatuko dira kultura aretoan otsailaren 21 eta 22an arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Sei banderola banatuko zaizkie eskatzaileei, Inauterietako egun bakoitzak duen koloreen araberakoak izango direnak. Inauterietako egunaren arabera, dagokion koloreko banderola jarri beharko da etxeko leihoan.

Egitarau osoa:

Esan bezala, Ostegunzuri egunarekin hasiko dira inauteriak Lezon. Arratsaldeko 16:00etan Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria emango dio. 19:30etan berriz, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.

Ondoren, 20:00ak aldera, Lezoko “Trapujale” oroigarri bereziaren banaketa egingo da. Aurten Hezikuntza eta Pasaia Lezo Lizeoa ikastetxeetako guraso elkarteak omenduko dira Gurutze Santuaren plazan.

Ostiralori: gaztetxoak protagonista

Goizeko 9:30ean hasiko da herri osoa zeharkatuko duen Kalejira. Ondoren, Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek “Sentimenduak” ikuskizuna eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.

11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, hamaiketakoarekin eta Trapu Jolasekin emango zaio festari amaiera.

Arratsaldean, berriz, 17:30etan Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira egingo dute Murixkaren lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte. 19:30ean, Lezoko Euskal Dantzazaleek desfilea egingo dute. 20:00etan enkartelada eta amaitzeko afari herrikoia egingo da kiroldegiko frontoian (txartelak 13 eurotan salgai).

Larunbatgorri eta Igandubel

Kalejirakizango dira asteburuko protagonistak. Larunbatgorri egunean, larunbatean, kalejira egingo da Lopene plazatik abiatuta arratsaldeko 16:00etan eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin.

Igandubelen, berriz, Murixka Dantza taldeak kalejira egingo du 12:00etan, dantza taldearen lokaletik abiatuta Karlos Saldise plazara.

Astelehenarre eta asteartebeltz

Astelehenarre egunean, 17:00etan mozorroen festa egingo da Karlos Saldise plazan eta bertan, hiru mozorro onenak sarituko dira.

Ohiturari jarraiki, Lezoko Inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan eta txokolatada ere egingo da. 19:00etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie.

Hemen egitarau osoa.

Arloa edo saila