Adimen emozionala eta ahalduntzea lantzeko tailerra

Ar, 2016-08-30 13:04

Interesa duten pertsonek irailaren 5 eta 6an Gaxuxako elkartean edota irailaren 23 bitartean Gizarte Zerbitzuetan izen-eman dezakete.

Gaxuxa Emakume Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, adimen emozionala eta ahalduntzea lantzeko tailerra antolatu du. Honek helburu du norberaren emozioak ezagutzen, ulertzen eta menperatzen ikastea, emozionalki autokudeatzen jakiteko eta norbere bizia kudeatzeko gaitasuna izateko. Izan ere, kudeaketa emozionalak pertsonak ahalduntzea eta berdintasunezko harremanak garatzea ahalbidetzen du. Emozioen arteko oreka lortzeak, ondo sentiarazteaz gain, norberaren baliabideak aktibatzen, blokeoak ezabatzen eta gozamenezko, berdintasunezko eta tratu oneko harreman lotura osasuntsuak sortzen laguntzen du.

Urritik abendura bitartean burutuko den tailerra 8 saiotan banatuko da. Horiek Musika Eskolan egingo dira asteazkenero 17:30etan. Taldea 15-20 pertsonaz osatuko da eta Pepa Bojó psikologoak eskainiko du tailerra. Saioak, bereziki, praktikoak izango dira eta parte hartzea eta hitz egitea izango dituzte oinarri, norberaren zailtasunak eta beldurrak ezagutzeko eta emozioak nola menperatu jakiteko talde dinamika, joko eta ariketa ezberdinak eginez.

Tailerraren prezioa 20 eurokoa da eta parte hartu nahi duten pertsonek Gaxuxako elkartean izen-eman dezakete irailaren 5 eta 6an goizean 10:00-12:00 bitartean eta arratsaldean 17:00-19:00 bitartean. Irailaren 5etik aurrera, 23 bitartean, Gizarte Zerbitzuetan ere izen-eman ahal izango da.

Arloa edo saila