Udazken Kulturala oparo dator

2018ko Irailak 24
Udazken Kulturala

40 jarduera baino gehiago antolatu dira datozen hilabeteetarako eta ia erdiak haurrei zuzendutako emanaldiak izango dira. Aurtengo berrikuntza nagusia haur jardueretarako sarrera ordaindu beharra izango da: 6 ekitaldietarako abonoak 6€tan

Udalak kulturaren alde egiten duen apustu sendoaren baitan kokatu behar dugu Udazken Kulturala. Hirugarren urtez, Musika Eskolak, Kultur sailak eta Udal Liburutegiak antolatutako ekitaldi eta jarduera guztiak biltzen ditu egitarauak, kultur programazioari indarra eta entitate berezia emateko helburuarekin. Gauzak horrela, benetan egitarau oparoa osatu da.

Joan den apirilean aurreratu bezala, Udazken Kulturalarekin batera aldaketak datoz, izan ere, haur emanaldietan haurren parte hartzea areagotu eta bermatu nahi da. Hortaz, sarrera ordaindu beharko da. Neurri honen helburua hurrengoa da: haurrekin batera joaten diren gurasoak haurrak utzi eta bertan geratu ordez kanpora irten daitezela sustatzea, izan ere, sarritan gertatu izan da egoera hori.

Edozein kasutan, sarrera horien prezioa sinbolikoa izango da: 2 euro. Are gehiago, Udalaren helburua dirua lortzea ez denez eta, bai ordea, haur guztien jardueretarako sarrera eskubidea bermatzea, bonoak ere sortu dira. Era horretan, 6 euroren truke 6 sarrera eskuratu ahal izango dira. Horiek, astelehenetik ostiralera Kultur Aretoan lortu ahal izango dira, 9:00etatik 13:00ak bitartean.

40 ekitalditik gorako egitaraua

Beraz, datozen hilabeteak kultur ekintzez josiak datoz. Guztira, 40 jarduera baino gehiago antolatu dira. Aurten ere, haurrei zuzendutako jardueren kopurua esanguratsua da, ia erdiak etxeko txikienei eskainiak izango baitira. Helburua da haurren ohituretan kultur jarduera ikuskizunak txertatzea eta herriko haurrei kultur aukera berriak eskaintzea, txiki-txikitatik kulturaz gozatzen eta kultura kontsumitzen has daitezen.

Horrez gain, herritar guztien gozamenerako egitarau zabal bezain anitza antolatu da: ipuin kontaketa saioak, antzerkiak, kontzertuak, literatur solasaldiak, Kantujirak, eta Musika Eskolako ikasleen kontzertuak, besteak beste.

Haur jarduerak:

Haurrentzako jardueren artean ditugu urriaren 3an hasita eta azaroaren 28ra arte asteazkenero arratsaldeko 18:15ean eskainiko diren ipuin kontaketak: Maite Frankoren “Jateko moduko ipuinak urriaren 3an, Xalto pailazoaren “Ipuin galduak” urriaren 10ean, Fernando Anbustegiren “Kontu eta kantu” urriaren 17an, Pello Añorgaren “Basoan galdu” urriaren 24an, Iner Bengoaren “Otsoa dator!” azaroaren 7an, Maider Galarzaren “Maleta kontuak” azaroaren 14an, Izaskun Mujikaren “Ipuinen lapikoa” azaroaren 21ean, eta Ixabel Agirresaroberen “Mariaje Potaje eta Erramun Babarrunen komeriak” azaroaren 28an.

Horrez gain, haur zinemak ere protagonismo handia izango du, izan ere, 7 film emango dira: “Nur eta herensugearen tenplua” irailaren 29an, “Harri zopa” eta “Sing street” urriaren 20an, “Ballerina” azaroaren 10ean, “Tormeseko itsumutila” eta “Le chef” abenduaren 1ean, eta “Olentzero eta Amilaren sekretua” abenduaren 20an. Halaber, beste haur jarduera batzuk ere eskainiko dira: “Musika galduaren bila” urriaren 5a, “Txirriski txoriaren ipuin musikatuak” urriaren 26an, “Denboraren taupada” azaroaren 9an, “Azuzainaren kontakizuna” azaroaren 23an, eta  “Jon Braun” abenduaren 14an.

Beste hainbat jarduera publiko guztientzat:

Hilabete hauetan zehar antzerkia ere izango da Lezon. “Ez dok hiru” eskaini zen atzo eta, aurrera begira hau da egitaraua: “Maita(k)ale borroka” irailaren 27an, “Mandibula afilada” urriaren 7an, “Etxeko saltsak” urriaren 21ean, “Rámper: vida y muerte de un payaso” azaroaren 11n, “Banaiz” azaroaren 23an, “Lo que queda de nosotros” azaroaren 25ean, eta “Zazpi senideko” abenduaren 2an.

Bestalde, hiru literatur solasaldi antolatu dira: Miren Gorrotxategiren “33 ezkil” urriaren 31n, Chimamanda Ngozi Adichieren “La flor púrpura” azaroaren 20an eta Urt Zubiaurre Otamendiren “Izenik gabeko lurra” abenduaren 12an.

Gainera, egitarauan txertatu ez den arren, 5. OrriBakaR literatur lehiaketa egingo da. Lanak, azaroaren 19-23 bitartean aurkeztu daitezke eta gehienez orrialde bakar batekoak izan daitezke. Sari banaketa abenduaren 14an egingo da, arratsaldeko 19:00etan. Guztira, 10 sari banatuko dira: 100€ko 10 bono liburu-dendetan erabiltzeko.

Kantujirak eta Musika Eskolako ikasleen emanaldiak:

Musika jarduerei dagokienez, abenduaren 16an Juan Mari Beltran: hots-larretan kontzertua eskainiko da. Eta, Musika Eskolatik antolatutako jarduerei dagokienez, alde batetik, Kantujirak urriaren 20an, azaroaren 17an eta abenduaren 15ean izango dira. Bestetik, Santa Zezilia kontzertua azaroaren 17an eskainiko da eta kalejira 18an egingo da; akordeoi audizioa eskainiko da azaroaren 23an; euskararen eguna ospatuko da abenduaren 3an; Gabonetako kontzertua abenduaren 15ean izango da, audizioa 19an eta kalejira 24an; eta, azkenik, urte amaierako kopla zaharrak kantatuko dira abenduaren 31n.
 

Bidali iruzkin berria

Eremu honetako edukia pribatua da eta ez da webgunean erakutsiko
Spamaren kontrako filtroa
Galdera hau SPAMa saihesteko baino ez da. Idatzi mesedez kopurua zenbakiak erabiliz.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Udal tramiteak

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer