Lezora bizitzera datozenentzat harrera gida

Al, 2015-04-13 12:07

Herriko informazioa emateaz gain, euskarak duen faktore kohesionatzailea nabarmentzen du

Lezoko Udalak Ongi Etorri Gida publikatu du bost hizkuntzatan: ingelesa, arabiarra, errumaniarra, gaztelania eta euskara. Gidaren bitartez, Lezo eta bere ingurunea ezagutzeko baliabideak eskaintzen zaizkie udalerrira bizitzera etorri direnei. Gidak, halaber, euskarak duen funtzio kohesionatzailea nabarmentzen du eta euskara ikasteko Udalak ematen dituen erraztasunak aipatzen dira.

“Euskal Herrietara bizitzera etorri diren bizilagunei ez zaie harrera egokirik egin. Euskal Herriak alor honi (migrazioa eta aniztasuna) egoki erantzuteko eskumenik izan ez duenez edota orain arte heldu ez zaionez, gabezia nabarmenak daude harrerari dagokionean. Izan ere, herri batera heltzearen lehenengo uneak berebiziko garrantzia du herrian txertatzeko garaian, oraindik eta gehiago herrira etorri denak sare sozial propiorik izan ezean. Bada garaia, herritarrek eta erakundeek elkarrekin harrera duin bat egituratzeko. Harrera egoki egituratuko balitz, aniztasuna balioan jarriko litzateke, herriko izaera eta kultura bultzatu eta aberastuz”.

Horixe da Lezoko Udaleko Euskara departamentuak eta Gizarte Zerbitzuek bideratu duten proiektuaren funtsa. Helburua da Lezora bizitzera etorriko den orori harrera duina egitea, herritarrak eta udala subjektu aktibo gisa inplikatuz.

Ingelesez, arabiarrez, errumaniarrez, gazteleraz eta euskaraz argitaratutako gidak –horiek dira jatorri ohikoenak– erroldatzen direnean jasoko dituzte, eta jarraian zehazten ditugun beste helburu zehatz hauek betetzeko sortu dira:

  1. Gure errealitatearen berri ematea (hizkuntza, hezkuntza, etxebizitza, lana, generoa, legeria, osasuna…).
  2. Lezoko baliabideak ezagutaraztea eta baliabideetara bideratzea modu pertsonalizatu eta zuzenean.
  3. Herritarren artean elkar-ezagutza (kultura, hizkuntza, erligioa…) eta elkar-aitortza sustatzea.
  4. Euskara herritarren arteko komunikazio eta kohesio hizkuntza izatea sustatzea, hizkuntza aniztasuna aintzat hartuz.
  5. Herriko dinamika eta egituretan parte hartzea bultzatzea.
  6. Herritar guztiekiko berdintasun trataera bermatzea edozein dela jatorria, hizkuntza, generoa edota klase soziala.
  7. Ezberdina izateko eskubidea bermatzea.

Euskara, gure lurraldearen ezaugarri
Gidak euskarak gure lurraldean duen garrantzia nabarmentzen du. Gure lurraldeak bakarrik duen ezaugarria izanik, gure eguneroko bizitzaren garrantzizko eragilea da, eta lezoarren arteko komunikazio euskarri eta faktore kohesionatzailea izatea du helburu.

Hori dela eta, Udalak euskara ikasi eta euskaraz bizitzera gonbidatzen ditu Lezora bizitzera etorri dinen guztiak. Horretarako, ikasketen % 100 finantzatzeko konpromisoa hartu du.

Arloa edo saila