Lezoko ikasleak udalbatza bisitatu dute

Al, 2013-06-03 10:37

Kontsumo arduratsua eta hondakinak hizpide izan zituzten ostiraleko bisitan

Ikasturte honetan Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek Kontsumo Arduratsua eta Hondakinen gaia landu dute Eskolako Agenda 21 hezkuntza programan. Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, egindako lanaren berri emateko, joan den ostiraleanhiru eskoletako ikasleen ordezkariak Lezoko udal ordezkariekin bildu ziren Udala-Eskolak Foroan.

Duela bi ikasturte ere hondakinak lantzen ibili ziren eskoletan eta orduan ikasleek hartutako konpromisoak birpasatu egin zituzten, hoberantz egin duten ala ez ziurtatzeko. Hondakinen gaian herrian dauden beharrei erantzuteko Lezoko Udalari egin zizkioten eskaerak bete ote diren ere behatu dute ikasleek.

Gela barruan eta kalean, hamaika ekimen burutu dituzte hiru eskoletako ikasleek. Guraso, senide eta herritarrak ere inplikatu dituzte euren lanetan. Honela, herriko festa eta ospakizunetan hondakinak gutxitzeko eta berrerabiltzeko jarduerak antolatzeko beharraz ohartu dira, eta baita herrian edo eskualdean ekoiztutako produktuak kontsumitzeko erraztasun gehiago izatearen beharraz ere.

Baina Udalari ezer proposatu aurretik, eurek ere zenbait konpromiso hartu behar dituztela ulertu dute, nork berak egiten ez duena ezingo baitiote beste bati eskatu. Honela, hamaiketako osasuntsua eta ahalik eta hondakin gutxien sorten duena eramaten saiatuko dira, eta sortzen dituzten hondakinak ere, etxean zein eskolan daudela ere, modu egokian sailkatzeko konpromisoa agertu dute.

Halakoak eta beste zenbait irizpide mahai gainean jarri zituzten joan den asteko udalbatzan. Hurrengo ikasturteari begira, Lezoko eskolek, Oarsoaldea mailan Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten gainerako eskolen antzera, Kontsumo Arduratsuaren gaian sakontzen jarraituko dute.

Arloa edo saila