Hilabete batean birziklatze tasa hirukoiztu da Lezon

Az, 2013-06-05 12:03

Atez ateko bilketa sistemarekin hondakinen % 27 sailkatuta biltzetik, % 83 sailkatuta biltzera igaro dira aurreikuspenak betez

Maiatzaren 6an Atez Ateko hondakinen gaikako bilketa martxan jarri zenetik hilabete igaro da eta Lezok baditu dagoeneko lehen emaitza fidagarriak: Atez Ateko hondakinen bilketa sistema berriarekin, hilabetean, birziklatze tasa hirukoiztea lortu dute lezoarrek. Hala adierazi du Ainhoa Zabalo alkateak gaur goizean Lezoko udaletxean hango Ingurumen zinegotzi Ainhoa Intxaurrandietarekin batera eman duen prentsaurrekoan.

Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak azaldu duenez, bilketa sistema berriarekin denbora gutxian baieztatu ahal izan da % 80 baino gehiago birzikla daitekeela, hala lehengo tasa 55 puntutan handituz: “Sortzen dugun hondakin kantitate izugarriari irtenbidea emateko lanean dihardugu azken aldian, eredu jasangarriagoa baten alde egin nahian, eta gure ahaleginak eman ditu lehen fruituak. Benetan emaitza onak dira, eta oso pozik gaude herritarrei esker Lezo iraunkorrago bateranzko bidean jarri garelako. Eta horrela jakinarazi nahi izan dugu gaurkoa bezalako egun seinalatu batean, hain zuzen, Nazioarteko Ingurumenaren Egunean”.

Bilketa sistema berria martxan jarri zenetik, egunero pisatzen dute egun horretan jasotako gaia (astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan organikoa, asteartetan eta ostiraletan ontzi arinak, asteazkenetan papera nahiz kartoia, eta igandetan birzikla ezin daitekeen errefusa). Hala, egunean zenbat kilo jasotzen diren eta kopuru horretatik zenbat doan birziklatzera kalkula daiteke. Datuek ez dute gezurrik esaten: Lezon, % 27 birziklatzetik % 83 birziklatzera igaro dira.

Alkateak oso positiboki baloratu du hilabete eskasean birziklatze tasak izan duen gorakada, eta Atez Atekoa alternatibarik egokiena dela defendatu du. “Bestelako ereduekin ezinezkoa da halako birziklatze tasak lortzea. Lezon, aldiz, hilabete eskasean % 83 iritsi gara”. “Eta ezin dut aipatu gabe utzi –jarraitu du– Atez Atekoa merkeago ateratzen dela eta lanpostuak sortzen dituela”.

Herritarren inplikazioa

Zabalok herritarren inplikazioa jo du arrakastaren oinarri. “Lezoarrek zaborra biltzeko sistema berriarekiko izan duten atxikimendua handia izan da; zaborrak ateratzeko ontziak eta poltsak jasotzen azaldu zuten lehendabizi, eta hilabete honetan baieztatu egin dute. Eta ziur gaude gainera, datozen hilabeteetan datuek hobera egingo dutela. Izan ere, hasiera batean aldeko jarrera ez zuten herritarrak ere Atez Atekora erraz moldatu dira, eta ingurukoak kutsatuko dituzte”.

Era berean, Atez Ateko zabor bilketa prozesua martxan jarri aurretik zenbait gorabehera gertatu arren, hilabete honetan nabarmentzeko intzidentziarik ez dela izan nabarmendu dute, eta “harro” agertu dira herritarren parte-hartze mailarekin.

Amaitzeko, Ainhoa Zabalo alkateak Lezoko herritarrei eta Udal ordezkariei eskerrak eman dizkie: “Orain zorionak ematea tokatzen zaigu eta herritarren inplikazioa eskertzea, inguruko beste herrientzako eredugarri zaretelako. Ziur nago zuen bideari jarraituz, eta denon ahaleginarekin Lezo iraunkorrago eta garbiago bat eraikitzea lortuko dugula”.

Datuak (maiatzaren 6tik ekainaren 3ra)

 

KILOAK

ORGANIKOA

36.200 kg.

ONTZI ARINAK

11.540 kg.

PAPERA ETA KARTOIA

13.660 kg.

ERREFUSA

15.860 kg.

BEIRA

15.251 kg

GUZTIRA

92.511 kg.

 

Arloa edo saila