Kontsumo Arduratsuaren Azoka

Az, 2014-01-29 14:38

Saldise plazan egingo da larunbatean, 10:00etatik 14:00etara; hondakinak murrizteko eta bertako kontsumoa sustatzeko postuak izango dira

Lezoko Udalak eta Lezoko eskolek antolatuta, Kontsumo Arduratsuaren Azoka izango da, bigarrenez, datorren larunbatean, otsailaren 1ean, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean Saldise plazan. Azokaren helburua herritarrek hondakinak murriztu eta berrerabilpena bultzatzearen aldeko jarrerak bereganatzea da, eta bide batez, eskolek ikasturtean zehar egindako lana jakitera ematea.

Azokan hondakinak murriztu eta bertako kontsumoa bultzatzeko hainbat postu egongo da. Besteak beste, herriko ekoizleen postuak, materialak berrerabiltzeko tailerra, Herriko Ikastetxeen Eskolako Agenda 21aren postua –Kontsumo arduratsuaren gaia lantzen ari dira ikasturte honetan– edo-eta Lezoko Udalarena –hiri hondakinei buruzko azken proposamenen berri emango da bertan–.

Hainbat elkarteek ere parte hartuko dute azokan: Emaus Fundazioak, gizarte-ekintza eta ingurumen lanetan egiten ditun objektuak erakutsi eta salduko ditu; Gaxuxa Emakume Taldea; Itsas Gela, Arrantza jasangarria, kontsumo arduratsua tailerrarekin – txikienek gure itsasoan erabiltzen diren arrantza mota desberdinak ezagutzeko aukera izango dute, baita arraia modu arduratsuan jaten ere–. Gainera, Erlemundua ekimenaren eskutik, eztiaren mundua ezagutzeko aukera izango da –12:00 hitzaldia eta ezti dastatzea iragarri dituzte–.

Bigarren Eskuko Azoka

Elkarteez gain, partikularrek ere izango dute bigarren eskuko objektuak saltzeko aukera, izan ere, azoka honek hileko lehen larunbatetan ospatzen den Bigarren Eskuko Azokarekin bat egiten du. Erosteko bezalaxe, herritar orok du erabilitako objektu eta bestelakoak saltzeko aukera. Udaletxeko 943 52 46 50 telefonora deituta eskuratu daiteke, doan, postua jartzeko baimena.

Azokara hurbiltzen diren herritarrei eguneroko erosketak egiteko oihalezko poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie. Guztira, 1.100 poltsa banatuko dira.

Arloa edo saila