Arditurri, natura eta historia

Al, 2015-08-03 10:00

Oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokitutako Bide Berdean ibilbide botanikoa, errotak, dorreak, burdinolak eta bi museo ikus daitezke

Oiartzun ibaiarekin batera, gure eskualdea egituratzen duen ardatz nagusietako bat da Arditurriko Bide Berdea. Naturarekin eta historiarekin bat egiteko ate egokia. Paisaia aberats eta anitzetara garamatza bide honek, edonor liluratzeko modukoa. Aitzinean, Arditurriko meategietatik ateratako meak Pasaiako portura eramateko eraikitako trenbideak egiten zuen bidea da, egun oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokitua.

Eskualdeko bi puntu desberdinetatik hasi daiteke Arditurriko Bide Berdea: Pasai Antxotik edo Lezotik. Bi adar hauek Errenterian uztartzen dira eta Oiartzun aldera bideratzen da.

Oiartzunen egiten dituen lehen kilometroetan, Ugaldetxo eta Altzibar auzoen artean, ibilbide botaniko bat zeharkatzen du bideak, 125 landare espezie desberdinen artean, antzinako zuhaitzetatik hasi eta eboluzio gehien izan duten landareetaraino.

Denboran zehar bide honek izan duen jarduera biziaren adierazle garbiak dira inguruan aurkitzen diren errota, dorre eta burdinolak. Guzti hauen artean aipagarria da Ugarteko errota, Altzibar auzoan kokatua, bai bere edertasun arkitektonikoagatik eta baita egun ondo zaindua dagoelako.

Arditurriko Bide Berdea ezingo genuke ulertu bere bide-lagun duen Oiartzun ibaia gabe. Aiako Harriko eta Bianditzeko uren baturak sortzen du ibaia, eta bide berdearen alboan egiten du ia bere ibilbide osoa.

Bi museo: Luberri eta Soinuenea
Amaierara iritsi aurretik, bideak Oiartzungo Ergoien auzoa zeharkatzen du. Eguna beste jarduera batekin osatu nahi duten txangozaleek bi museo bisitatzeko aukera dute bertan: Luberri –ikasgune geologikoa– eta Soinuenea –Herri Musikaren txokoa–.

  • Luberrin bi areto bisita daitezke. Horietako bat Euskadiko historia geologikoaren ingurukoa eta bestea Oiartzungo ibarreko, Aiako Harria Parke Naturaleko eta Oarsoaldeako geologiaren ingurukoa.
  • Soinuenean aldiz, 400 musika tresnatik gorako erakusketa bat dago ikusgai. Horien artean, bai Euskal Herriko tresnak, baita munduko kontinente guztietakoak ere aurki daitezke. Tresna hauek ikusteko aukera izateaz gainera, bisitariak hauen soinua ere entzun ahal izango du audio-sistema baten bidez.

Museo hauek atzean utzi eta bideak aurrera jarraitzen du Arditurriko Meatze gunean bukatu arte, Aiako Harriaren mendi magalean eta Parke Naturalaren sarreran. Duela 2.000 urte ezkero  jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak. Orain ia 20 urtez utzita egon den ingurua berreskuratu da, “Real Compañía Asturiana de Minas” delakoak 1984ean meategien ustiapena bertan behera utzi zuenetik hain zuzen. Gaur egun erabateko meatze-paisaia eskaintzen du ingurune honek, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, baita ustiapen garaiko eraikinak ere.

 

 
 

Arloa edo saila