Festa giroan murgiltzeko 5 egun

Ar, 2015-09-08 20:15

Ostiralean, irailak 11, hasiko dira Santakrutzak Alkate Txikien pregoiarekin, txupinazoarekin eta Murixkako dantzarien agurrarekin

Hiru egun baino ez dira falta Santakrutzak2015 lehertzeko, eta gaur, irailak 8, udal ordezkariek Festa Batzordeak osatu duen jai egitaraua aurkeztu dute. Bertan izan dira Kepa Garbizu alkatea, Noemi Arberas Gizarte Zerbitzuetako ordezkaria, Xanti Val Kultura teknikaria eta Festa Batzordeko ordezkariak. Berrikuntzen artean, egitaraua biltzen duen App-a nabarmendu dute. 

Santakrutzak2015 Alkate Txikien pregoiarekin -Eñaut Alvarez Ansorena eta Araitz Hernandez Tolosa izango dira, txupinazoarekin eta Murixkako dantzarien agurrarekin hasiko dira ostiralean, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, eta bost egunez, musika, dantza, antzerki, txapelketa, kalejira, puzgarri eta bestelako ekitaldiekin gozatzeko aukera izango da.

Non aukeratua behintzat, izango da. 53 ekitaldik osatzen dute aurtengo egitaraua, “publiko tarte zabalari bideratutakoa”, horrela nabarmendu du Kepa Garbizu alkateak, Festa Batzordeak egindako lana nabarmendu aurretik. “Gogoz eta muxu-truk aritu dira lanean zenbait hilabetez. Haiek garatu eta adostu dute, eta Gobernu Taldeak berretsi du. Niri dagokidanez, eskerrak emateaz gaiz, osatu duten jai egitarauarengatik zoriondu nahi ditut”.

“Baina jaietako programak –jarraitu du alkateak– ez luke zentzu handirik izango lezoarron partehartzerik gabe. Beraz, bete dezagun herria pozez eta alaitasunez, elkartasunaz eta errespetuz, eta goza dezagun Santakrutzekin eta Santakrutzetan izango ditugun ekitaldiekin”.

Egitarauaren berri eman aurretik, aurtengo nobedade nagusiaren berri eman du alkateak: jai egitaraua biltzen duen App-a. “Gizarte ohitura berriekin bat eginez, gero eta zabalduago dagoen aplikazioa sortu dugu; lezoarrentzat bereziki, baina gure herrira etorri eta jaiak ikusi eta dastatu nahi duen orok izango du eskuragarri”.

Lezo jaietan. Ekitaldi agenda app-ak jarraian zehazten den informazioa eskaintzen du: Santakrutz jai egitaraua egunez egun; egitarauan agertzen diren ekintzen kokapen fisikoa Lezoko mapan kokatuta; eta Lezoko web gunean agertzen diren berriak.

Santakrutzak amaitu ondoren App-ak jarraipena izango duela aurreratu du alkateak, “herritarrei gure herriaren eguneroko berriak helarazteko eta zabaltzeko aukera emanez”.

Egitarau oparoa
Arestian esan bezala, 53 ekitaldi izango dira. Horretarako, 34.288 euroko aurrekontua izan dute. Musikak protagonismo nabarmena izango du danborrada, berbena, kontzertu, diana, karaoke eta abarrekin. Eta nola ez, Santakrutz eguneko bazkari herrikoiek: Irrizaleena, Markesanen; tartekoena, Karlos Saldise plazan; eta arrantzaleena, Bekoerrota kiroldegian. Beste bi bazkari ere izango dira: Marmitako Txapelketarena –larunbatean Karlos Saldise plazan– eta baserritarrena –asteartean, Baserritarren egunean, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan–.

Ekitaldi jendetsuenak danborrada eta Inude eta Artzaien desfilea izango dira. Danborrada ostiralean bertan izango da, Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteko ordezkariekin. Desfilea, berriz, igandean izango da. Urtetik urtera indarberritzen doa, eta aurten ere eskualdeko dultzaineroen laguntza izango du.

Kirolak ere bere tartea izango du. Josetxo Etxandi pilota txapelketako finalak, herri kirolen erakustaldia, idi-demak eta plater tiraketa. Horra Santakrutzetako kirol agenda. Izerdi handirik bota gabe, kirolarekin gozatzeko aukera paregabea.

Egitarauaren errepasoarekin bukatu aurretik, Baserritarren Eguneko bertso saioari aipamena egin dio Kultura teknikariak. “Maila handiko laukotea izango dugu gure artean: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio”.

Eraso sexisten aurkako ekimena
Programazioa aurkeztu ondoren, Noemi Arberas Gizarte Zerbitzuetako arduradun politikoak hartu du hitza udalak eraso sexisten aurka Santakrutzetan abiatuko duen ekimenaren berri emateko. Ekimena Berdintasunerako II. Planaren baitan kokatzen da.

Herriko ostalarien laguntzarekin, Udalak txartelak banatuko ditu eraso sexisten aurkako jarraibideekin. Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, “helburua da edozein erasoren aurrean zer egin behar den azaltzea. Jarraibide sinpleak dira –erasoa jasan duenari laguntza behar duen galdetu eta bere erabakia errespetatu; ez bakarrik utzi, bere konfiantzako norbait iritsi arte lagundu– baina lagungarriak, ez baita erreza halako egoera bat kudeatzea”. Jarraibideez gain, larrialdiko telefonoak biltzen dira eta laguntza ezberdinen berri ematen da.

Amaitzeko, Noemi Arberasek herritarrei halako egoera baten aurrean laguntza emateko eta erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko deia luzatu die, herriko ostalariei kanpaina aurrera eramateko izan duten laguntza eskertzearekin bat.

Arloa edo saila