Trapujaleri ongi-etorri jendetsua

Or, 2015-02-13 12:03

Asteburuan bi kalejira izango dira: Irrien Lagunena eta Murixka Dantza Taldearena

Gure artean da Trapujale. Atzo bi ongi-etorri izan zituen: lehena, herri-eskolan, ikasleen eskutik. Eta arratsaldean, Gurutze Santuaren plazan, ongi-etorri jendetsua izan zuen, herritarrek egindakoa.

Inauterietako momenturik garrantzitsuena izan zen, pregoiaren irakurketarekin eta Maria Pilar Intxausperi egindako omenaldiarekin. Berak jaso du aurtengo Trapujale oroigarria.

Astebururako egitaraua
Asteburuko programazioa Murixka Dantza Taldekoek zabalduko dute, Zirikuen kalejirarekin eta Sorgin Dantzarekin –19:00etan abiatuko dira Bekoerrota kiroldegitik–. 19:30ean Lezoko Euskal Dantzazaleen txanda izango da, Gurutze Santuaren plazan. Nafarroako iñauteriaren dantzak eskainiko dituzte.

Enkartelada (20:00), pintxo-potea (20:00),  Tiñelu Elkarteko barrikotea (21:30), Gazte Asanbladaren GaztEzkontza eta familia argazkia (21:30), Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan egingo den Gazte afaria (21:30) eta elektrotxaranga (00:00) izango dira eguneko beste hitzorduak.

Larunbatgorri eta Igandubel egunez, alegia, kalejirek hartuko dute Inauterietako protagonismoa. Larunbatekoa irekia da, herritar orok parte hartzekoa. 16:00etan aterako da, Lopene plazatik. Balezaleak gaia hartura, aspaldiko baleen arrantza dantza koreografiak irudikatuko dituzte. Bertan egongo dira Trapujale, Zirikuak, Mari Nazkante eta batukada.

Igandean Murixka Dantza Taldearen txanda izango da. Eguerdi partean aterako dira (12:30) eta Gurutze Santuaren plazan Iparraldeko inauteriak izeneko ikuskizuna eskainiko dute.

Arloa edo saila