Maiatzaren 22an Zabarreri Ongietorria Mendekosteei hasiera emateko

Og, 2015-05-14 12:26

Udalak asteburu honetan maiatzaren 22tik 24ra iraungo duten jaien programazioa iragarriko du

Datorren asteko ostiralean (maiatzak 22) hasiko dira Mendekosteak 2015. Horrela iragarri dute gaur goizean Lezoko Kultura Aretoan egindako agerraldian Ainhoa Zabalo alkateak, Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Xanti Val kultur teknikariak.

Ainhoa Zabalo alkateak herriko eragileen konpromiso eta lanerako grina nabarmendu ditu: “Aurten ere Mendekosteak herriko eragileen laguntzari esker ospatuko ditugu. Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet guzti-guztiei”. Eta jarraian, haien izenak aipatu ditu banan bana: Aiton Borda, Allerru-Jaizkibel Ehiza Elkartea, Allerru Pilota Taldea, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Oroitzene AEK, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Pasaia Lezo Lizeoa, Pasaia Lezo Lizeoko Gurasoak, Tiñelu Elkartea eta Zabarre Taldea.

Mikel Arruti Kultura zinegotziak jaien izaera herrikoia nabarmendu du, “herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak dira. Ekitaldi xumeak antolatu ditugu, guztiak doakoak. Baina hiru egunez non gozatua izango dugu lezoarrok eta inguruko herrietatik gerturatuko direnak”.

Programazioari dagokionez, Xanti Val Kultura teknikariak ekitaldi nabarmenenak iragarri ditu. Zabarreren bila kaira jeitsiera egingo da ongietorria eman eta  eta jaien hasiera emateko. ”Zabarrari harrera ekitaldia egingo diogu kaian eta bere bila mozorrotuak joatera animatzen zaituztegu”

Pregoian, lehengo urtean bezala,  Pirata Txikiak  izango dira. Piratekin jarraituz, iluntzeko 21:00etan Piraten afaria izango dela iragarri du, eta familiak, lagunarteak eta abar gonbidatu ditu bertan parte hartzera. “Bakoitzak etxetik ekartzen duena izango du, baina sagardoa Udalak jarriko du”.

Larunbaterako XVII. Sagardo Eguna nabarmendu du. “Aurten bataz beste 10 izango dira parte hartzaileak, eta Lezoko usadioan, aipatzekoa da ez direla sagardotegiak izango”. Lezoko baserrietan egindako sagardoa izango baita herriko sagardo festarako eskainia. Gainera, eguerdi partean dantzazaleen bazkaria izango dugu Saldise plazan. Eguna borobiltzeko Trakets taldearekin berbena dantzaldia izango da Gurutze Santuaren plazan” iragarri du Xanti Val teknikariak.

Igandean aldiz, nobedade moduan Pintxo Lehiaketa antolatu da haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldisen plazan. Bukatzeko, Zabarreren itzulera izango da jaiei amaiera emateko. Hau da, herri eta guraso elkarteei esker, jai hauen eskasian atsedenerako tarterik ez da eta egunero giro onean pasatzeko aukera izango dute herritarrek.

Arloa edo saila